Jaialdi bitxia da BIME Live. Ez da ez udan ez udaberrian egiten, udazken gordinean baizik; BECen barrunbeetan antolatua dago, baina gune nagusitik bigarrenera igarotzeko, kanpora atera behar da; ez da jaialdi soila,musikaren industriari zuzendutako hitzaldi sorta ere bai baitakar aurreko egunetan: BIME Pro. Gainera, mugitzeko erosoa da, ez dago pilaketa handirik —ostiralean, Yung Beefen kontzertura sartzeko ilara luzea salbu—.
Bitxitasun hori ere jaialdia osatu zuten taldeetan antzeman zitekeen. Ez zegoen besteengandik zeharo nabarmentzen zen kartelbururik. Aniztasuna izan zen nagusi ostiralean, garai bateko Aukeratu zure abentura motako liburu bat zirudien. Zer entzun nahi duzu? Musika elektronikoa? Ados, hor duzu Aphex Twin. Indierik? Editors. Zerbait intimoaren bila? Damien Jurado. Gitarra beharrean? Tori, ba, Slowdive. Yung Beef eta enparauen esku doinu urbanoak. Eusko labeldun BIMErik bai? Jakina: Belako, Vulk, Elena Setien...
Hain izan zen askotarikoa BIMEren lehen eguna, Marijaiak, Francok, Zapaterok, Esperanza Agirrek, Carles Puigdemontek eta Andoni Zubizarretak ere parte hartu baitzuten. Horiek eta beste hainbat agertu ziren Aphex Twinen kontzertu apurtzailearen proiekzioetan. Irlandarra zen eguneko erakarpen nagusietako bat, eta ez zuen hutsik egin. Hori bai, ez zuen erraztasunik eman; ez da neofitoentzako bazka. Belarriak entrenatu gabe dituztenentzat eltzekada bat babarrun afaltzea bezain astuna izango zen kontzertua: erritmo apurtuak, zarata asko, dantzarako tarte gutxi. Aphex Twinen unibertso lisergikoan sartzeko gai izan zirenek, baina, saria jaso zuten emanaldiak aurrera egin ahala. Su artifizialetan bezala, azken trakarako utzi zituen doinurik gogorrenak, baina, dantzagarrienak.
Oholtza horretan bizi izan ziren eguneko kontzerturik onenak. Aphex Twin baino ordu batzuk lehenago aritu ziren Slowdive eta Belako. Shoegaze-aren ikur nagusietako bat dira Ingalaterrakoak, talde mitikoa. Ia bi hamarkadako geldialdiaren ostean, 2014an itzuli ziren, eta disko bikain bat argitaratu zuten iaz: Slowdive. Shoegaze-aren gidalerro guztiak bete zituzten: zarata eta melodiaren arteko harmonia, pedal efektu saldoa, argi joko ederrak, atmosfera iradokitzaileak... bai, eta baita lurrera begira jotzea ere. Neil Halsteaden gainetik nabarmendu zen Rachel Goswell ahotsetan, hark eraman zuen aginte makilagehienetan. Kontzertu erdialdera txakalaldi bat izan bazuten ere, Sugar for the Pill abestiaren lehen akordeekin altxatu ziren, eta burrunba ozenean bukatu zuten, postrocketik asko zuen amaiera itzel batekin.
Belakok eman zuen eguneko kontzerturik gordinena eta basatiena. Mungiakoek helburu bakarra izan zuten hasieratik: BEC hankaz gora jartzea. Baita lortu ere, emanaldi zikin, zuzen eta gorgarri bati esker. Ukabilkada bat matrailezurrean. Teklatuaren melodiak aldez aurretik grabatuta ekarri zituzten, eta, hala, Cris Lizarraga abeslaria askatasun osoz aritu zen. Gazteak dira, baina beterano ugarik baino hobeto kontrolatzen dute oholtza. Render me Numb, Trivial Violence diskoko abestiak ez ezik, aurreko kantuak ere berreskuratu zituzten, emanaldi orekatuan.
«Ez dio axola»
Slowdiven eta Aphex Twinen artean jo zuen Editorsek. Aurten argitaratutako Violence diskoa aurkezten ari dira britainiarrak, eta abestien zerrendan eragina izan zuen horrek. Jendeak, hala ere, erantzun ona izan zuen, lan horrek izan duen harrera onaren seinale. Ohi bezala, ukitu ilun txiki bat duen pop elektronikoa eskaini zuten, sintetizadoreen laguntzarekin. Agerian geratu zen zaleen gogoko taldea dela, eskuak airean eta dantzan zebilen jende mordoa baitzegoen.
Ez zen berdina gertatu eguneko kontzerturik intimoenean. Gorabeheratsua izan zen, oso, Damien Juradoren kontzertua, Antzerkia agertokian. «Eskerrik asko erretzeagatik» ironiko batekin zuzendu zen lehen aldiz zaleengana. Deseroso egon zen une oro; horren adierazgarri, gehien errepikatu zuen esaldia: «It doesn't matter» (Berdin dio). Egia esan, denetarik gertatu zitzaion estatubatuarrari: zalaparta handiegia zegoen —eta horri haserrearen eraginez shhhh etengabeak egiten zituztenen zarata gehitu behar zaio—, gaizki ulertuak izan zituen soinu teknikariekin, oholtzaren atzeko zerbaitek arreta galararazi zion, abestiaren erritmoa galduta... Ez zegoen umoreko, ordulariari begiratu zion kanta bakoitza amaitu orduko, eta prest zuen abesti zerrenda aldatuz joan zen. Aldez edo moldez amaitu zuen kontzertua, eta agur esan gabe joan zen. Iragarlea izan zen abestutako azken estrofa: «I gotta go»; joan beharra daukat. Pena bat izan zen, musika jotzeaz arduratu zenean atsegina izan baitzen emanaldia, Josh Gordon gitarra jotzailearen laguntzarekin erritmo ederrak ondu zituen, eta ahots ederra duela erakutsi zuen.
Besterik ere izan zuen BIME Livek. Besteak beste, Rivers Cuomo berak sinatuko lituzkeen pop pilula itsasgarriak aurkeztu zituen The Magic Gangek, zale ugari bildu zituen John Mausek, Vulken postpunk doinuak txalotu zituzten zaleek, Elena Setienek kontzertu aparta eman zuen, eta kaiola baten gainean aritu zen Yung Beef.
Marijaia eta guzti
Aphex Twinen musika elektronikoa eta Slowdive taldearen 'shoegaze'-a izan dira aurtengo BIME Live jaialdiaren lehen jardunaldiko saiorik gorenak; 8.000 bat lagun bildu dira BECen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu