Mariasun Landa omenduz abiatu dute Geure Gelatik emakumezko egileen azoka

Azkoitiko Maxixatzen elkarteak antolatzen du, eta, salmahaiez gain, liburu aurkezpenak, jendaurreko irakurketa eta beste egongo dira gaur

Atzo arratsaldean egin zioten omenaldia Mariasun Landari. UKT.
itziar ugarte irizar
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Duela hemezortzi urte antolatu zuen Azkoitiko (Gipuzkoa) Maxixatzen euskara elkarteak lehen aldiz Geure Gelatik liburu azoka, eta, hamar urte pasako etenaren ondotik, iaz jarri zuten ostera martxan. Itzulera «arrakastatsua» izan zen, antolatzaileen arabera, baina liburu salmenta, berriz, «apala», eta horrek aldaketak eragin ditu aurtengo egitarauan: salmahaien atzean argitaletxeetako kideak egon ordez, herriko hiru liburu dendek kudeatuko dute azoka aurten, eta bonu sistema bat egongo da erosketetarako.

Geure Gelatik emakumezko idazleen lanetan ardaztutako azoka izan da sorreratik, eta zenbait egileri aitortza egiteko ere baliatzen dute antolatzaileek. Iaz, Arantxa Urretabizkaia idazlea omendu zuten; aurten, Mariasun Landa izango da omendua. Hain justu, Urretabizkaiak aurkeztu zuen atzo Landaren ibilbidea aitortzeko ekitaldia —jarraian, Annie Ernaux Nobel saridunaren inguruko hitzaldia egin zuen Landak berak—.

Gaur, berriz, hainbat liburu aurkezpen izango dira. Goizean, Petare lanaren (Emagin/Txalaparta) egile Leire Ibargurenek liburuko protagonista Miren Egiguren elkarrizketatuko du; Aiora Zabala Aizpuruk Natura gure esku (Alberdania) aurkeztuko du, Naiara Elortzarekin; eta, azkenik, Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez M ama eme ume-ren (Elkar) inguruan ariko dira. Arratsaldean, Jasone Osoro eta Alaine Agirre gazteentzako literaturaz arituko dira solasean, Xabier Mendiguren bideratzaile dutela; Maite Lopez Las Heras itzultzaileak Ibilbidea lana (Tz Testu Zaharrak) aurkeztuko du; eta, eguna amaitzeko, hogei lagunek emakumeek idatzitako testuen pasarte batzuk irakurriko dituzte.

Aurten, estreinakoz, Emakunderen eta Kutxa fundazioaren babesa jaso du Azkoitiko azokak, eta Doinuele Euskal Herriko plazen sare eratu berriko kide egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.