Literatura

Mariasun Landa omenduko dute gaur Geure Gelatik azokan

Azkoitiko Maxixatzen elkarteak antolatzen du emakume idazleen liburu azoka, eta gaur arratsaldean irekiko ditu ateak. Liburu aurkezpenak, jendaurreko irakurketak eta beste egongo dira bihar iluntzera bitartean.

Geure Gelatk liburu azokaren aurkezpena, gaur goizean, Azkoitian (Gipuzkoa). MAXIXATZEN
itziar ugarte irizar
2023ko martxoaren 24a
12:13
Entzun

Duela hemezortzi urte antolatu zuen Azkoitiko (Gipuzkoa) Maxixatzen euskara elkarteak Geure Gelatik liburu azoka lehen aldiz, eta, hamar urte pasako etenaren ondotik, iaz jarri zuten ostera martxan. Itzulera «arrakastatsua» izan zen, antolatzaileen arabera, eta aurtengo azokari bultzada eman dio horrek. Iaz liburu salmenta «apala» izan zela ere aipatu dute arduradunek, ordea, eta horrek aldaketak eragin ditu aurtengo egitarauan: salmahaien atzean argitaletxeetako kideak egon ordez, herriko liburu dendek kudeatuko dute azoka aurten —Amaitz, Hizki eta Lujan—, eta bonu sistema bat egongo da erosketetarako.

Geure Gelatik emakumezko idazleen lanetan ardaztutako azoka izan da sorreratik, eta zenbait egileri aitortza egiteko ere baliatzen dute antolatzaileek. Iazkoan, Arantxa Urretabizkaia idazlea omendu zuten, eta, aurten, Mariasun Landa izango da omendua. Hain justu, Urretabizkaiak egingo du Landaren ibilbidea aitortzeko ekitaldiaren aurkezpena. Horrekin hasiko da gaur arratsaldean azoka —17:00etan—, eta, jarraian, Annie Ernaux iazko Nobel saridunaren inguruko hitzaldia egingo du Landak berak. Eguneko azken ekitaldia Dorotea (Pamiela) album ilustratuaren ipuin kontaketa eta collage tailerra izango da, Amaia Egidazurekin.

Bihar, berriz, hainbat liburu aurkezpen izango dira. Goizean, Petare (Emagin/Txalaparta) lanaren egile Leire Ibargurenek liburuko protagonista Miren Egiguren elkarrizketatuko du; Aiora Zabala Aizpuruk Natura gure esku (Alberdania) aurkeztuko du, Naiara Elortzarekin; eta Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek M ama eme ume (Elkar) aurkeztuko dute, azkenik. Arratsaldean, berriz, Jasone Osoro eta Alaine Agirre gazteentzako literaturaz arituko dira solasean, Xabier Mendiguren bideratzaile dutela; Maite Lopez Las Heras itzultzaileak Ibilbidea (Tz Testu Zaharrak) lana aurkeztuko du; eta, eguna amaitzeko, emakumeek idatzitako testuen pasarte batzuk irakurriko dituzte hogei lagunek.

Aurten, estreinakoz, Emakunderen eta Kutxa fundazioaren babesa jaso du Azkoitiko azokak, eta horrek, eta Doinuele Euskal Herriko plazen sarean sartu izanak, egitasmoa hauspotu dutela uste dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.