Musika

Marianne Faithfull kantari eta aktorea hil da

1960ko hamarkadan egin zen ezagun, The Rolling Stones taldearen inguruan mugitu zenean. Drogekin arazo ugari izan ondoren, 1970eko urteen amaieran berrekin zion bere ibilbideari, eta hainbat disko aipagarri grabatu.

Marianne Faithfull
Marianne Faithfull
mikel lizarralde
2025eko urtarrilaren 31
10:18
Entzun

Marianne Faithfull hil da. Askorentzat, komunikabide ugarik azken orduotan argi adierazi dutenez, 1960ko hamarkadaren amaieran The Rolling Stones taldearen musa, Mick Jagger eta Keith Richardsen maitale izan zena; urte haietako Swinging London delakoaren ikono izan zena, eta 1970eko hamarkadan droga mendekotasunaren ondorioz New York eta Londresko kaleetan bizi izan zena. Eta hori guztia izan bazen ere, Faithfull, beste ezeren gainetik, ahots pertsonaleko kantaria, talentu ezkutuko konpositorea eta aktorea izan zen. Atzo iluntzean jakinarazi zuen bere familiak Faithfull hil zela. 78 urte zituen, eta, azken hogei urteotan osasun arazoak izan dituen arren, ez dio utzi musika grabatzeari. Azkeneko diskoa 2021ean kaleratu zuen: She Walks in Beauty.

Marianne Faithfull (Londres, 1946-2025) Andrew Loog Oldham The Rolling Stonesen managerraren bitartez iritsi zen musika mundura. Kantari gaztea ezagutu eta Jagger eta Richardsi eskatu zien kantu bat idatz zezaten harentzat. Emaitza, As Tears Go By, arrakasta handikoa izan zen, eta Faithfulek berehala grabatu ahal izan zuen bere lehenengo disko luzea (Marianne Faithfull), zeina bertsioz eta beste hainbat artistak Faithfullentzat propio idatzitako kantuz osatuta zegoen.

1967ra bitartean, sei disko luze grabatu zituen. Folkaren eta poparen artean mugitzen ziren guztiak, eta batik bat kantu tradizionalak eta garaiko kantari eta taldeek konposatutako piezak biltzen zituzten: Blowin' in the Wind (Bob Dylan), The Animalsek gogora ekarritako House of the Rising Sun, Green Are Your Eyes (Bert Jansch), Yesterday (The Beatles)...

Urte haietan The Rolling Stones taldearen inguruan mugitzen zen, gainera, eta Jaggerren neska laguna izan zen lau urtez. Hain zuzen ere, orduan hasi zen drogekin harremana izaten, komunikabideetan hizpide bilakatzeraino. 1969an epaitegietara joan behar izan zuten Jaggerrek eta Faithfullek drogak izateagatik eta kontsumitzeagatik. Hain zuzen ere, Faithfullek Jaggerri esandako hitz batzuek —«Zaldi basati batzuek ere ez lukete lortuko ni eramatea»— The Rolling Stonesen Wild Horses kantuan bukatu zuten. Baina Faithfullek taldearen beste abesti batzuetan ere eragin zuen. Sister Morphine-ren konposizioan parte hartu zuen, eta harengan pentsatuta idatzi zuten You Can't Always Get What You Want Jaggerrek eta Richardsek.

Ordurako, zineman lan egiten ere hasia zen Faithfull —The Man in the Motorcycle (1968), Hamlet (1969)—, eta hurrengo urteetan ere egingo zuen lan hainbat filmetan, baina The Rolling Stonesekikoak eta bereziki Jaggerrekikoak 1970ean moztuta, 70eko hamarkadan gain behera joan zen Faithfullen ibilbidea. Utzi egin zion kantuak grabatzeari, nahiz eta noizbehinkako agerpenak egin zuzenean, eta droga mendekotasuna areagotu egin zitzaion. Urte haietan Londresko kaleetan bizi izan zen, eta hainbat errehabilitazio programatan parte hartu zuen.

Itzulera iluna

1979an, hainbat urtez, lehen planotik urruti izan ondoren, Broken English diskoarekin itzuli zen Faithfull. Ordurako oso urruti zeuden 60ko hamarkadako doinuak, eta diskoak hori adierazten zuen. New wavearen eragina zuen, baina baita zabaltzen ari zen pop elektronikoarena eta reggaearena ere, eta lan guztiak hedatzen zuen giro ilun bat. «Niretzat, mugarri izan zen disko hori», aitortu zuen urte batzuk geroago Faithfullek: «Agian niretzako garrantzitsuena, aurrera egiteko beharrezko konfiantza eta bultzada eman zizkidan eta». Diskoak beste Faithfull bat aurkeztu zuen, estilistikoki aldaketa handia ekartzeaz gain, kantariaren beste ahots bat ere erakusten baitzuen, hautsiagoa, urratuagoa.

Orduz geroztik, Faithfullek ibilbide sendoa osatu zuen, kantuak sortuz bere lanetarako, baina, batez ere, beste musikari askok beretzat propio idatzitako doinuetan oinarritutako diskoak kaleratuz. Horien artean badira hainbat nabarmentzekoak: Strange Weather (1987) —Bill Frisellen gitarran oinarrituta eta Hal Willnerren ekoizpenarekin—, A Secret Life (1995), Angelo Badalamentirekin elkarlanean sortutakoa; Before the Poison (2003) —besteak beste, Nick Cavek, Damon Albarnek eta PJ Harveyk idatzitako kantuak zituen—, eta Negative Capability (2018), haren lanik «zintzoena», Faithfullen beraren ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.