KRITIKA. Artea

Maria Paz Jimenezen urtea

Maria Paz Jimenezen hainbat lan, Donostiako erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU
Maria Paz Jimenezen hainbat lan, Donostiako erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko martxoaren 4a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'María Paz Jiménez. Misterioa argitzea'

Non: Kubo-Kutxa aretoan, Donostian. Noiz arte: Maiatzaren 18ra arte.

Maria Paz Jimenezen urtea ere izenda zitekeen 2025a, haren heriotzaren 50. urteurrena den honetan. Eta hain zuzen, urteurrenarekin bat eginda inauguratu zuten artistaren banako erakusketa otsailaren 6an, Kutxa Fundazioaren Kubo aretoan. Hala ere, badut susmoa ez direla Euskal Herriko instituzio asko izango efemeridea aprobetxatu eta aitzakia horrekin artista azpimarragarri horri beren aretoetan lekua eskainiko diotenak. Efemerideak gustukoak izan ohi ditugu gurean —aurreko urteari erreparatzea besterik ez da egin behar horretaz ohartzeko—, baina alor horretan ere bada ezberdintasun nabarmenik, urteurrenak nori so egiten dion.

Erakusketaren izenburuak, artistaren izena barne hartzeaz gain, Misterioa argitzea du azpititulutzat. Erakusketa bisitatuta, argi geratzen da artistaren azken garaiei egiten diela erreferentzia; izan ere, garai horretan artistak sutsuki bilatu zituen misteriotsutzat zituen esparruak —unibertsoa, natura eta existentzialismoari lotutako kezkak—, eta erakusketako museografiak ere azpimarratzen ditu orduko lanak, misterio hori iradokiz, gela horietako hormak ilunagoak baitira.

Maria Paz Jimenezen inguruko beste zenbait misterio argitzen ahalegindu dira Ane Lekuona eta Haizea Barcenilla komisarioak lehenengo aretoan; eta, tartean, Jimenez zoritxarrez gaur egun hain ezezaguna izatearen arrazoi posiblea azaldu dute. Ardatz kronologiko baten eta beste zenbait azpiatalen bidez, hurbilketa egin dute artistak profesionala izateko urratu zituen bideetara eta haren sortze-testuingurura: lekua eman diete familiarekin eta bereziki Rosario ahizpa dantzariarekin izandako elkarlan eta babes esparruei, baita intelektualki zituen egonezin eta beharrei ere. Zalantzarik gabe, artista jantzia zen; eta hori argi islatzen da beste aretoetan kronologikoki aurkezturik dauden hainbat esparru eta lanetan ere.

Bertatik irten eta behin Jimenezen testuinguru sortzailea zehaztuta, haren ibilbidean barneratzeko aukera ematen du erakusketak, kronologikoki, lanak zenbait garai artistikotan azpisailkaturik daude eta; zein baino zein ederragoak, figuraziotik abstrakziorako bidean. Tartean, aipamen berezia merezi dute izaera materialistagoa duten lanek, eta, zalantzarik gabe, lan horiekin zuzen-zuzenean erlazionatzeko soil-soilik ere mereziko luke bisita erakusketak. Izan ere, mihiseen gainean metatutako harea eta bestelako elementuak ezin baitira behar bezala hauteman eta preziatu argazkietan; argazkien bidez soilik, ezinezkoa baita koadroetako trazu materikoek sortzen duten lilura eta jakin-mina sentitzea, eta xehetasun bakoitza gehiago, sakonago eta gertuago aztertzeko nahia piztea.

Baina erakusketan ikusgai dauden misterioez gain, Maria Paz Jimenez artistaren inguruan badira oraindik argitu gabeko hainbat misterio; edo, argitzeko bidean badira ere, bestelako erantzunik beharko luketenak. Izan ere, oraindik ere misterio hutsa baita niretzat artista honi azken urteetan besteak beste ikerketaren esparruan egin zaion aitortzak nolatan ez duen ia oihartzunik izan euskal museo publikoen programazioan, nahiz eta artistaren lanak izan haien bildumetan.

Bolada honetan artistaren lanak ikusteko zenbait aukera izan dugun arren —besteak beste, orain dela bost urte egin zen bere banako erakusketan, Irungo Menchu Gal areto xaloan—, 2000. urtera, alegia, 25 urte atzera jo beharra dugu haren azken banako garrantzitsuaz hitz egiteko. Adelina Moya eta Ana Olaizola ikerlariak izan ziren komisarioak, eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoan jarri zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean. Erakusketa harekin batera argitaratutako katalogoaz gain, bere lan gehientsuenak biltzen dituen katalogorik osatuenak ere 36 urte ditu jada, 1989. urtekoa baita. Hura ere, aurtengoaren moduan, banku baten ekimen eta babesari esker egin zen —nahiz eta San Telmoren kolaborazioa izan, eta ondoren katalogoari loturiko erakusketa ibiltaria izan urtebetez, eta Bilboko Arte Ederren Museoa ere zapaldu zuen—.

Kubo-Kutxako erakusketak Jimenezen lanari ikusgarritasuna ematen badio ere, eta haren heriotzaren 50. urteurrenaren bueltan haren ibilbideari beste begirada batzuetatik begiratzeko aukera interesgarria eskaintzen badu ere, ez da alderagarria museo publikoek ematen duten legitimazio eta balioeste publikoarekin. Eta ez dakit aurtengoa baino aitzakia hoberik izango duten laster. Dena den, ez dago zertan efemerideen zain egon halako erakusketak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.