Emakumea, ijitoa, klase apalekoa, autodidakta eta artista abangoardista. Frankismopean pintatzen. Biografia ezohikoa du Maria Paz Jimenezek (Valladolid, Espainia, 1909-Donostia, 1975), eta ohiz kanpokoa da utzi zuen obra berritzaile, askotariko eta ugaria ere. Bere garaian Euskal Herrian beste inork ibili gabeko bideak hartu baitzituen, eta leku nabarmena ere lortu baitzuen orduko arte munduan. Euskal Herrian lehena izan zen abstrakzioa lantzen, eta eragina izan zuen ondotik etorri ziren artista belaunaldietan. Baina orduan jaso zuen aitortzaren apurrak baino ez dira heldu gaur egun arte.
Margolaria hil zenetik 50 urte bete diren honetan zabaldu dute Maria Paz Jimenez. Misterioa argitzea erakusketa, Donostiako Kubo-Kutxa aretoan —maiatzaren 18ra arte dago irekita—. Haren izana eta obra ezagutarazteaz gain, euskal artearen historian merezi duen lekua erreibindikatzea ere badu helburu erakusketak, eta, 133 margolanen tartetik, haren ibilbide oparoan barrena eramaten du ikuslea.
Haizea Barcenillak eta Ane Lekuonak egin dituzte erakusketaren komisario lanak; EHUko irakasleak eta Artearen Historian doktoreak dira biak —BERRIAn zutabegile ere aritzen da lehena—, eta sakon aztertu dituzte Jimenez eta haren obra, orain arte ikertua zen apurra abiapuntutzat hartuz baina «begi berriekin» begiratuz, «interpretazio berriak» ekarri nahian. «Niretzat altxor bat da, paradigma aldatzen baitu zentzu guztietan», adierazi du Lekuonak. «Eredu gisa balio digu gogorarazteko posible dela gure lurraldeko artearen bestelako historia bat, bestelako oroimen bat izatea». Eta zera gehitu du Barcenillak, segidan: «Eta euskal artea orain arte ikusi den baino askoz ere zabalagoa eta aberatsagoa dela ere erakusten digu». Haien hitzei jarraituz ere egin daiteke ibilbidea Jimenezen bizitzan eta obran barrena.

Erbestea eta surrealismoa
Jimenezek 8 urte zituela mugitu zen haren familia Valladolidetik Donostiara. 1930eko urteetan bertan egin ziren erakusketak bisitatuz zaletu zen pinturan —Juan Gris, Maruja Mallo, Joan Miro, Pablo Picasso eta Angeles Santosen lanak ikusi zituen—, eta garai hartan hartu zituen lehen eskolak.
Madrilen ere bizi izan zen gero, harik eta 1936ko gerra piztu, eta lehenik Frantziara eta ondoren Argentinara ihes egin behar izan zuen arte, Alfredo Bizkarrondo senarrarekin. Buenos Airesen, hau da, erbesteratutako beste artista europar askoren aterpe izan zen hirian hasi zen pinturan serioski trebatzen eta ordura arte ezagututakoa garatzen, surrealismoaren bidetik. Eta hala, 1943an, bere lehen erakusketa zabaldu zuen han, Arte Ederren Udal Aretoan. «Surrealismo esoteriko» gisa izendatu zuen kritikak haren obra, eta, bi adituen hitzetan, oso ondo uztartzen da garai hartako surrealismoarekin.
Lan haietan, figura femenino etereoak, gorputz eta ile luzekoak irudikatu zituen Jimenezek, espazio anbiguoetan. Barcenilla: «Pertsonaiak beti dira emakumezkoak, arima edo izpiritu antzekoak, alderdi ez-gizatiar bat dutenak, eta multzoka agertzen dira». Sarritan agertzen diren elementu batzuek, tarteka, haren ijito kulturari egiten diote aipamena. Eta espazioetan jarri du arreta adituak segidan: «Onirikoak dira, eta abstraktu samarrak; irudiak kenduta, gerora landu zituen espazio abstraktu zehaztugabe horiek dirudite. Eta beti dira aztoragarri samarrak, badute puntu misteriotsu bat, leku ezkutu baten bilaketa balego bezala tartean, eta misterioak Jimenezi pizten zion erakarpenarekin lotzen ditugu guk, zeina berriro agertuko den haren azken garaian».
Garai hartako lanen artean, marrazten ikasteko prozesuarekin lotutako batzuk ere ikusgai daude erakusketan; natura hilak dira gehienak, inoiz erakutsi gabeak.

Itzulera grisari, kolorea
Buenos Aires moderno eta artezaletik frankismopeko Donostia gris eta itxira itzuli zen Jimenez 1945ean, margolari profesional, moderno eta arrakastatsu gisa itzuli ere. Kontraste gisa, orduan pintatu zituen lanik koloretsuenak. Paisaia aztoragarriak ageri dira oraindik zenbait koadrotan. Oro har, baina, oso bestelako estilo bati heldu zion urte haietan, eta monigote-ak edo neskatilak deitu zituen obrak ondu zituen. Emakume gazteak dituzte protagonista, gero eta azal kolore ilunagoa hartuz joan zirenak, eta ile luze eta soltekoak; elkarri ilea ukitzen edo orrazten agertzen dira sarritan, eta ijito izaerari eginiko erreferentzia ugari ikusi dituzte haietan adituek.
Lan haiek xalotzat edo naif kutsukotzat hartu izan dira, baina bi komisarioek uste dute ez direla batere inozenteak, «sakonak eta politikoak» baizik, eta frankismopean pintatutakoak izatea oso aintzat hartu beharrekoa dela egoki interpretatzeko. Barcenilla: «Etxe barruko espazioak oso itxiak dira, enkoadraketa itogarria dute, eta, nolabait, etxea babesteko leku bilakatzen da, baina baita ixteko leku ere. Eta uste dugu frankismoan emakume gisa —eta ziurrenik ijito gisa ere— izan zuen esperientziak eragina izan zuela koadro horietan, eta hortik abiatuz interpretatuta oso interesgarriak direla».
Ez zen hori izan, ordea, urte haietan landu zuen estilo bakarra.

Esperimentazioaren bideak
1948a urte garrantzitsua izan zen Jimenezen ibilbidean. Adelina Erro lagunarekin bidaian joan zen urte hartan, Parisera; hainbat erakusketa ikusi zituen, eta bueltan, abstrakzioa lantzeari ekin zion. Lehena izan zen Euskal Herrian abstrakzioa erakusten: 1949an, Bilboko Stvdio galeria berritzailean, sei gouache abstraktu jarri zituen ikusgai, lan figuratiborekin batera. Inoiz ikusi gabeko molde bateko lanak izan arren, kritikak ez zien arreta handirik jarri. «Garai hartan, abstrakzioak oso jende gutxiri pizten zion interesa: oso gauza aurreratua zen. Espainiako Estatuan, Zaragozako eta Kantabriako bi artista talde txikik baino ez zuten lantzen, eta Katalunian gutxi batzuek. Jendeari oso arrotza egiten zitzaion», ohartarazi du Barcenillak. Jimenez, beraz, aitzindari izan zen. Edonola ere, hurrengo urteetan estudioan soilik garatu zuen lan hori, jendaurrean erakutsi gabe.
Figurazioa eta abstrakzioa lantzearekin batera, molde espresionistako natura hilak ere margotu zituen urte haietan, Picassoren osteko estilo deitutakoan. Galerien munduan lekua egiteko eta hainbat lehiaketa irabazteko aukera ekarri zion horrek. Uste orokorraren kontra, figurazioak eta abstrakzioak ez dute elkar baztertzen Jimenezen kasuan; estilo bat baino gehiago landu zuen aldi berean, luzaz egin ere, eta osagarriak izan ziren harentzat. Lekuona: «Guretzat, garrantzitsua zen nabarmentzea ez zela bata edo bestea, baizik eta garai hartan hiru edo are lau estilo landu zituela, figura espresionistago batzuk ere baditu eta. Asmatu zuen garaiko sistema artistikoak nahi zuen hori eta bere interesak uztartzen». Adituak gehitu du arte kritikariei eta galeristei bidaltzen zizkien gutunetan argi ikusten dela abilezia zeukala harremanetarako eta mundu horretan mugitzeko.
Horren harira, ohartarazpena egin du Barcenillak: «Askotan halako idealizazio bat dago, eta uste izaten da beti nahi dutena egiten duten horiek direla benetako artistak, merkatuak eskatzen duenari jarraitzen ez diotenak. Baina artista profesionala izan nahi zuen emakume bat izanik, testuinguru hartan mugitzen asmatu behar izan zuen, besteek egin zuten moduan». Lekuonak gehitu du horrek ez duela inolaz ere artista baten balioa gutxitzen, eta bat etorri da Barcenilla: «Azken batean, sistema horren barruan irauteko baliabideak ziren horiek, eta Jimenezek oso ondo erabili zituen. Bide bat bilatu zuen esperimentazioan jarraitzeko eta interesatzen zitzaion hori egiteko, eta, aldi berean, sistema horren barnean bizirik irauteko».

Materiarekin jolasean
Jakin-minak eta esperimentatzeko nahiak bultzatuta, beste bide bat ireki zuen Jimenezek 1955etik aurrera. Berriro ere aitzindari izateko. Hainbatetan izan zen Parisen hamarkada hartan, eta, bidaia haietako batetik bueltan, zera esan zuen, 1956ko elkarrizketa batean: «Arte abstraktuak erakartzen nau (...) Konposizio handiak, enpaste eta kolore bizikoak, pintatzen jarraitzeko asmoa dut. Ai, zehaztasunez baina abstrakzioz adierazteko modua izango banu!». Informalismo materikoaren bidetik, harea, plastikoa eta harrien hautsa erabiltzen hasi zen margolanetan, olio pinturarekin nahastuz, eta betirako baztertu zuen figurazioa. Geruzekin eta testurekin jolas eginez, lan handiak osatu zituen gehienetan.
Lehen artista informalisten artean kokatu zen Jimenez, eta sona handia eskuratu zuen bere obrekin. «Garai hartan, abstrakzioa lekua lortzen hasi zen, eta Jimenezek asmatu zuen Frantzian eta Italian ikusitako joera moderno hori bere egiten», azaldu du Lekuonak. Ikuspegi oso tradizionalista zuten euskal erakundeek ere hamarkada horren amaieran saritu zituzten lehenengoz lan abstraktuak —Jimenezek eta Amable Ariasek eskuratu zituzten sariak—.
«Mugarri garrantzitsu batzuk ere izan zituen Jimenezek», jarraitu du azalpenarekin Lekuonak: «Adibidez, Miarritzen erakusketa bat egin zuen, eta galeria berarekin Parisen ere erakutsi zituen bere lanak. Parisko Museo Modernoak haren lan bat erosi zuen, eta interesgarria da ikustea Donostiako prentsak nola eman zuen horren berri, artista garrantzitsua zela agerian jarrita». Madrilen beste erakusketa bat egin zuen, eta Bilboko Arte Ederren Museoak ere lan bat erosi zion.
Izan zuen pisuaren erakusgarri den beste datu bat eman du Barcenillak: Jose Maria Moreno Galvan arte kritikari ezagunak 1960an arte garaikideari buruz argitaratutako liburuan, bi emakume baino ez zituen aipatu informalismoaren barruan: Juana Frances eta Jimenez. «Izan zuen oihartzuna, eta lekua ere bai. Euskal Herrian oso ezaguna izan zen garai hartan, eragile kultural oso garrantzitsua; artista eta idazle askoren lagun izan zen, eta, Gipuzkoako sareak ehuntzeko ez ezik, Ipar Euskal Herriarekin eta Madrilekin harremanak ezartzeko ere oso inportantea izan zen».

Korapilo eta arrakala artean
1960ko hamarkadaren hasieran krisi garai bat izan zuen Jimenezek, eta pintatzeari utzi zion bolada batez. Pintzelak atzera hartu zituenean, erabaki zuen ospea ekarri zion estiloa bazter uztea eta guztiz bestelako bati ekitea. «Informalismoaren hizkuntzan pixka bat blokeatuta sumatu zuen bere burua, eta hizkuntza oso pertsonal bat garatu zuen 1962tik aurrera», Lekuonaren hitzetan. «Gure irudipena da informalismoa oso formalista geratu zitzaiola. Teknika aldetik-eta esperimentazioa interesatzen zitzaion, baina oso pertsona espirituala zen —filosofia irakurri zalea, existentzialista, bere buruari galdera asko egiten zizkiona unibertsoaren arrazoiei buruz...—. Hor dago misterioaren ideia ere. Eta aurreko garaiari buruz nola hitz egiten zuen ikusita, iruditzen zaigu informalismoa agortu egin zitzaiola, ez ziola gehiagorako ematen berarentzat emozionalki eta espiritualki artea zen hori egiteko, eta beste zerbait behar izan zuela».
Kezka existentzialak, misterioaren ideiak eta jakin-minak bultzatuta ekin zion, beraz, bide berri hari. Astronomiak eta geologiak aspalditik pizten zioten interesak ere badu arrastorik aldi hartako lanetan. Mundua ulertzen saiatzeko bide bat izan baitzen pintura harentzat.
Gainazal leuneko olio pinturak ondu zituen Jimenezek urte haietan, kolore bakarrarekin jolastuz espazio abstraktuak sortzeko. Erdigune moduko nukleo bat dute gehienek, korapilo, arrakala, tolestura, uzkurdura edo irekidura itxura duena, eta erdigune horrek tenkatzen du gainazala. Artistak erbestealdiko obretan irudikatutako hondoen oihartzunak sumatu dituzte adituek horietan. Hala azaldu zuen artistak berak: «Itzulera bat da, bai, eta lasai utzi nau. Su guztiak igaro ondoren, baretasunera, misteriora... itzuli naiz».

Bukatu gabeko bidea
Ibilbide osoan ikur izan zuen esperimentazioan murgilduta eman zituen artistak hil aurreko hilabeteak, eta, beste behin ere, beste estilo bat lantzeari ekin zion 1974-1975 aldean. Formatu txikiagoekin eta material berriekin hasi zen esperimentatzen, egurrarekin, adibidez. «Prozesua berriro aldatu zuen», azaldu du Lekuonak, eta ondorioztatu: «Artista batek hizkuntza bakar bat daukan ideia ez du inondik ere betetzen».
Aurreko aldiko gainazal leunak alde batera utzi, eta berriro jarri zien arreta materialei, eta, hala, egurra urratuz eta errez, harritxoak gehituz, eta margoak eta kolak baliatuz egindako lan txiki batzuk utzi zituen. Horietatik gutxi batzuk baino ez dira gorde, baina mundu organiko, geologiko eta astronomikoaren aztarnak suma daitezke haietan ere. Bide hori amaitu gabe hil zen Jimenez, orain dela 50 urte, martxoan.

Ahanzturari buruzko hipotesiak
Bere ibilbidean eta bere garaian jaso zuen aitortza gorabehera, Jimenezek ez du merezitako lekua izan euskal artearen historian. Eta bi komisarioen ustez, hainbat faktorek eragin dute hori. 1975. urtean hil izana izan liteke bat, Lekuonaren hitzetan: «Urte haietan haren omenezko erakusketa garrantzitsu batzuk egin ziren, baina handik aurrera haren figura ahaztuz joan zen. Eta, aldi berean, garai horretako beste artista batzuen izenak gehiago nabarmenduz joan ziren. Beste batzuk nabarmendu ahala, haren figura pixkanaka ahaztuz joaten da».
Bat etorri da Barcenilla, gogora ekarrita Euskal Herriko artearen historia urte haietan hasi zela idazten. Eta beste arrazoi posible bat gehitu du: Gaur taldean parte hartu ez izana. Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta artistek osatu zuten talde hura, eta historiografiak oso sarri aipatu du. «Ez dago argi zergatik ez zen sartu taldean, taldeko artistekin harremana baitzuen eta Gaur-en aurreko erakusketetan parte hartu baitzuen».
Ahanztura hori zerk eragin zuen azaltzeko beste hainbat hipotesi dituzte bi adituek. Edozein modutan, Jimenez hurrengo belaunaldiko artistentzat erreferente izan ote zen galdetuta, «zalantzarik gabe, bai», esan dute biek, ia aldi berean. Lekuona: «Pentsa, ezagunak zaizkigun artista horiek guztiek eta hark hainbat gauza egin zituzten elkarrekin; adibidez, 1959an Amable Ariasen tailerrean egin zuten 10en erakusketa-n, Jimenez ere egon zen, eta hura izan zen abstrakzioan ibili zen lehena». Halaber, gogora ekarri du Jimenez hil zenean Basterretxeak proposatu zuela Donostiako kale bati haren izena jartzea. «Zalantzarik gabe izan zen erreferente, nahiz eta historiografiak ez dion kasurik egin horri». Eta emakume artista askorentzat ere eredu izan zela gehitu du Barcenillak: «Gorpuztu zuen emakume bat artista profesionala eta aitortua izateko aukera benetan erreala zela».
