Gure Artea sariak

Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni dira 2022ko Gure Artea sarien irabazleak

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Herrero; sorkuntza lana aitortu diote Aurrekoetxeari; eta arte plastiko zein ikusizko arloan egindako lana hartu diote aintzat Consonni arte ekoizle eta editorialari.

Gure Artea sariak banatu dituzte gaur goizean, Gasteizko Artium museoan. IREKIA
unai etxenausia
2022ko uztailaren 6a
13:10
Entzun

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak gaur goizean aurkeztu ditu Gure Artea sariko hiru irabazleak, Gasteizko Artium museoan. Mari Puri Herrerok ibilbide artistikoaren saria jasoko du; Nora Aurrekoetxeak, sorkuntza lanaren saria; eta Consonnik, arte plastikoen eta ikusizkoen arloari dagokiona. Sailburuak aurreratu du sariak banatzeko ekitaldi ofiziala udazkenean egingo dutela, Donostiako Tabakalera kultur zentroan.

Damaris Pan, Fernando Perez, Jesus Mari Lazkano, Maite Garbayo eta Mikel Lertxundi epaimahaikideek hartu dute erabakia. 18.000 eurona jasoko dute Aurrekoetxeak eta Consonnik. Herrerok, berriz, 20.000 euro jasoko ditu, aurreko aldietan baino 2.000 euro gehiago. Lazkano izan da aurtengo epaimahaiburua, eta hark azaldu ditu hautuaren arrazoiak.

Herrerok mende erdi baino gehiagoko ibilbidea egin du artean, eta jardunean dago oraindik ere. Lazkanoren iritziz, «koherentzia bat mantendu du» urte hauetan guztietan. Horregatik, beraz, zalantza izpirik gabe «erreferentzia» bat dela azpimarratu du epaimahaiburuak: «Jardunean jarraitzen duen sortzaile berezia da —margolaria, grabatzailea eta eskultorea—, eta haren obra irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Haren obrak figurazio liriko, poetiko bat islatzen du, gainera, eta erreferentzia sinbolikoz betea dago».

Artistaren herentzia kulturalak XX. mendeko euskal artea ulertzeko «funtsezko figuretako bat» izatera eraman du. Lazkanok esan duenez, «klasikotasun modernoko» pintura garatzen du, eta hiriko eta landako bizimoduaren ikuspegi pertsonala eta intimoa erakusten ditu horietan. Hori bakarrik ez, eta epaimahaikideek Herrerok «artearen hainbat arlotan egindako lana eta ikerketa» saritu nahi izan dute saria erabakitzerako orduan.

Nora Aurrekoetxea «egungo euskal kulturaren ordezkari nagusietako bat» da, Lazkanoren arabera. Haren obrek publikoaren «barrenera» sartzeko gaitasuna daukatela zehaztu du. «Haren lanak eraginkortasunez lotzen ditu artista prestatu izan den diziplina ezberdinak —arte ederrak, psikologia, sexologia—. Giza harremanen alde emozionalean eta harreman horiek espazio intimoarekin duten interakzioan sakontzearren», gaineratu du epaimahaiburuak.

Azkenik, Consonni arte garaikideko ekoizlea eta Bilbon egoitza duen argitaletxe espezializatuak jasoko du aurtengo arte plastiko eta ikusizko arloan egindako lana aitortzeko saria. Izan ere, arte sorkuntzan ez ezik, hedapenean egindako esfortzua ere aitortzen dute Gure Artea sariek. Consonnik 25 urte daramatza euskal artean lanean. Epaimahaiburuak azpimarratu duenez, «kultura kritikoaren ekoizpena» da Consonniren esentzia: «Consonni bezalako proiektuak ezinbestekoak dira artea hedatzeko eta publikoak artisten lanez gozatzeko». Horregatik, beraz, «auzolana» egiten dutela zehaztu du Lazkanok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.