1975. urtean hil zen Mari Paz Jimenez margolaria, Donostian. Euskal Herrian hezi zen, baina Valladoliden (Espainia) jaio. 36ko gerra piztu zenean, Buenos Airesera erbesteratu zen bere senarrarekin batera. Argentinan egin zuen bere lehen arte erakusketa 1942. urtean, eta, orain, 82 urte geroago, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian haren hamabost pieza daude ikusgai. Jimenezen lanekin batera, Julen Iztueta artistaren hamalau pieza ikus daitezke erakusketan, Jimenezen lana abiapuntu moduan hartuta sortutakoak. Apirilaren 13ra arte egongo da erakusketa ikusgai.
Ekain galeriako areto nagusia Jimenezen obrez bete dute. Rita Unzurrunzaga galeriako zuzendariak azaldu duenez, Poesia abstraktua bilduma ikus daiteke aretoan, artistaren ibilbideko azken urteetako obrek osatzen dutena. Mihise gaineko olioak dira, bat izan ezik, zeina egur gainean margotuta baitago. «Estilo ezberdin asko landu zituen Mari Pazek bere ibilbidean. Hasieratik, bere obrak ikusita, jabetzen zara puntu mistiko edo esoteriko bat zuela, eta Argentinan asko sakondu zuen horretan». Mihiseak lauak dira, baina artelanak ikustean bolumena antzematen da, margolariak sortutako efektuei esker. Efektu horrek «puntu eskultoriko bat» ematen die obrei, Unzurrunzagaren iritziz.
Iztuetaren esanetan, kolore «hotzak» nagusitzen dira Jimenezen lanetan. «Ikuslea artelanaren aurrean kontzentratua eta geldirik egotea lortzeko ahalmena zuen Mari Pazek, eta hori faktore garrantzitsua izan da nire lana garatzean». Iztuetak collage teknika erabiltzen du bere lanak sortzeko. Aldizkarien eta liburuen mozketekin egiten du lan artistak. «Areto nagusian, paretan, dauden nire hiru piezak Mari Pazen lanera gehiago hurbiltzen dira. Haren etapa horretan murgildu nahi izan dut. Horregatik, aretoko nire lanak monokromatikoagoak dira, eta, lauak diruditen arren, ñabardura asko dituzte». Kolore monokromatikoen bidez, «zuloak» sortzeko aukera izan du Iztuetak, haren ustez, Jimenezek egiten zuen bezala. Giza gorputzen figurekin egin du lan betidanik Iztuetak, eta Jimenezekin edukitako «elkarrizketan», lehen aldiz gorputzik gabeko obrak sortu ditu.
Galeriako beste aretoan Iztuetaren beste hainbat lan daude ikusgai. «Barruan dauden artelanetan nire estilora itzuli naiz, gorputzak ikus daitezke. Bartzelonako bigarren eskuko azoka batean gizonezkoen gorputzez beteriko liburu bat aurkitu nuen, eta hori izan da lan hauek osatzeko oinarria», adierazi du Iztuetak. Gorputzak, horien siluetak eta zuloak elkartu ditu artistak esekigailuen bidez paretan zintzilikatuak dauden piezetan. Kolore beltzak nagusitzen dira lan horietan, baina badago zuriaren presentzia ere, hutsuneetan zehazki, atzeko pareta zuria baita. «Hutsuneen garrantzia nabarmendu nahi dut. Mari Pazen lanaren eta nirearen arteko harreman handietako bat da, bakoitzak bere modura interpretatu dituen arren», esan du Iztuetak.
Ezezagun izatea
Duela urte batzuk Ur taldearekin batera egindako erakusketa baten harira ezagutu zuen Unzurrunzagak Jimenezen lana: «Carlos Bizkarrondo Ur taldeko kidea zen, eta hark bere amari, Mari Pazi buruz hitz egin zidan. Haren lana ikusi nuenean liluratuta gelditu nintzen hasieratik. Erakarpen poetikoak asko hunkitu ninduen». 2016. urtean, Jimenezen lanekin erakusketa bat egin zuen Unzurrunzagak, eta hortik aurrera Ekain galerian beti egon da, gutxienez, Jimenez lan bat.
Unzurrunzagak adierazi du Jimenezekiko duen lilura Iztuetari «kutsatzea» lortu duela. «Nik Arte Ederrak ikasi nituen, eta graduan zehar ez nuen Mari Pazen inongo erreferentziarik izan», esan du Iztuetak. Aurreko urte bukaeran jarri zen harremanetan galeria artistarekin, eta hor ezagutu zuen Iztuetak Jimenez. «Haren ibilbidea errepasatu nuenean asko harritu ninduen Oteizarekin izan zuen harremanak. Lagun handiak ziren, eta, kontuan hartuta ni Oteizak asko inspiratu nauela, oso polita izan zen horretaz ohartzea. Horrez gain, konturatu nintzen emakume oso garrantzitsua izan zela, sari asko irabazi zituela, eta mundu osoan egin zituela erakusketak».