Marguerite Duras, mon amour

Berrogei urte dira Marguerite Durasek sonarik handieneko bere liburua eman zuela: 'Maitalea'. Berriki, idazleari buruzko ziklo bat antolatu dute Donostiako Tabakaleran. «Sailkaezintzat» jo dute autorea.

Marguerite Durasen Maitalea liburuaren azaleko irudia
Marguerite Durasen 'Maitalea' liburuaren azaleko irudia. BERRIA
2024ko urtarrilaren 28a
05:15
Entzun

Aurreneko liburua argitaratu eta 41 urtera, 1984an, L´amant argitaratu zuen Marguerite Durasek (1914-1996). Hala, aurten betetzen da haren argitalpenaren berrogeigarren urteurrena. 2018koa da Mikel Garmendiaren itzulpen ederra: Maitalea (Elkar). Idazle oparoa izanik ere, lan hori da itzulpen gehien izan duen nobela. Liburuaren azalean, haur itxurako Duras nerabearen begiek begiratzen diote irakurleari. Aura handiko azal horrek ere izan zuen eraginik liburuaren arrakastan. Hain liluragarria den azal gutxi dago literaturan.

Badira idazleak eraikitzen dituzten idazleak

Donostiako Tabakalerak Zinea eta Literatura ziklo bat antolatu berri du Durasen inguruan –zikloari buruzko informazioa, hemen–. Lehendabiziko saioan, Miren Agur Meabek Le camion filmaren harira (1977) emaniko hitzaldian, Maitalea liburuaren garrantzia azpimarratu zuen, hark ikusgarritasun handia eman baitzion Durasi. Ikerketa lan fina aurkeztu zuen Meabek, eta, bere ohiko dotoreziarekin, Durasen lanaren ezaugarri eta elementu nagusiak azaldu zituen: protagonisten misterioa –ia mamuen moduko izaerak dituztelakoan–; memoriaren joan-etorriak, testua harilkatzen dutenak; eta testu durastarretan ohikoa den etengabeko errepikapena eta bariazioa, zeinek memoriaren labainkortasuna islatzen duten.

Gainera, eskainitako hausnarketan, Écrire saiakerak (1993) bere egiletasunean izan duen garrantzia azpimarratu zuen Meabek. Adibidez, aipatu zituen idazle izateko behar duen bakardadea, eta bakartze beharra, edota gizonek bikotekide idazlerik nahi ez dutela ikusita horren aurkako erresistentzia egitea. Azken batean, euskal emakumezkoen egiletasuna eraikitzeko garaian Durasek izandako eragina azaldu zuten Meaberen hitzek, beste behin.

Bakardadearen eta irudimenaren inguruko antzeko gogoetak daude Mariasun Landaren lan batean. 1968ko haren bizipenekin gurutzatuak dira horiek. Bestalde, Eider Rodriguezek beti egin dio aitortza Durasi. Izan ere, badira idazle batzuk irakurle egiten gaituztenak; bakan batzuek idazle egiten gaituzte. Hortaz, Marguerite Durasen eraginaren inguruko ikerketa sakona egin beharreko zerbait da euskal letretan: ezinbestekoa baita egiletasunaren eta gorputzaren arteko lotura ulertzeko. Rodriguezek zera dio Idazleen gorputzak saiakeran (Susa, 2019): «Agian horregatik idazten du Meabek gorputzetik, gorputzarekin eta gorputzaz, ezabatu ezin den marka aldarri bilakatzeraino». Eta egiletasun mota horren genealogian dugu Duras.

Protagonista misteriotsuak eta memoriaren joan-etorriak dira Marguerite Durasen literaturaren ezaugarri nagusietako batzuk, Meaberen hitzetan

Meaberentzat, filmaren kamioia irudimenaren sinboloa da. Noizbehinka, Durasek zera galdetzen dio Depardieuri: «Ikusten duzu?». Filma Marguerite Durasen eta Gerard Depardieuren arteko irudimen ariketa da. Écrire saiakeran Durasek dio liburu bat iluntasuna dela, eta idazlea soilik lan eginez doala argirantz. Kamioiaren ibilbide misteriotsua dirudi. Durasen hitzetan, idazlearen lana beti da kontraesankorra: hitzekin egiten du lan isiltasunean.

Durasek dioen bezala idazlearen lana sailkaezina dela, Meabek ere sailkaezintzat jo zuen bere hitzaldian, eta sailkaezintasun horretan bi alderdi batu daitezke: emakumezko generoa eta testu generoa. Estilo durastarra, Anne-Marie Reboul kritikariaren ildotik, testu-antzezlan-film gisa klasifikatzen du, eta ez du hibridazio gisa ikusten, ko-idazketa baten gisara baizik. Meabek hala deskribaturiik, arte garaikidea dator burura. Artista batek pintura, filma, testua edota instalazioa erabil baititzake erakusketa bakarrean. Meabek plazaratutako ko-idazketaren antzerakoa Eta, estilo aldetik, gehiegizkoa izatea eta distantea izatea bada emakumezko idazleei egotzi zaien gauzetako bat. Gogoratu emakumezko idazleek jasandako kritikak: divak izatea, kurtsiak izatea –neurririk ez izatea–, edota hotzak eta distanteak –oinarrizko gabeziak–. Bi mutur horiek ditugu estilo durastarrean.

Haren lanetan eta euskal letretako emakumezko idazleen lanetan, emakumezko generoak testugintza eraldatu dute. Literaturan, forma eta edukia ezin dira bereizi. Egiletasun berriek derrigorrez dakartzate forma berriak.

Denbora, pasioaren ardatz

70 urte zituenean idatzi zuen Durasek 15 urterekin bizi izandako maitasun istorioari buruz. Eta ez da nostalgia ariketa hutsa; askoz erradikalagoa da. Norberaren bizitza aurrera doa, ezin da denbora hori berreskuratu, baina, idatziz, berriz bizi daiteke dena. Nobelaren hasiera-hasieratik, denbora da giltzarri: «Oso goiz izan zen beranduegi nire bizian. 18 urterekin beranduegi zen jada». (27.orr.).

Denboraren arkitektura konplexua da, eta, Eider Rodriguezek dioenez, nobelaren kalitateak badu zerikusirik edateari uztearekin. Durasek mendekotasun handia zuen, baina ez zuen tantarik edan nobela hau idatzi zuenean. Gorputzetik eta gorputzarekin idazten da, eta diziplina handia eskatzen du idazlearen ofizioak. Hain zuzen, idazlearen bokazioa ere bada gai garrantzitsua nobelan.

Bibliografiak norberaren biografiak ere badira. Demagun 20 urte zituela irakurleak Durasen nobela irakurri zuenean, azalaren kodea ulertu nahian, eta zahartzaroan irakurtzen duela bigarren aldiz. Aurreneko aldian, irakurle gisa, denbora eta desira ikusiko ditu. Bigarrenean, denbora eta heriotza. Azken finean, nerabezaroa eta zahartzaroa txanpon bereko bi aldeak dira, gorputzak eta desirak zaurgarrien egiten dituzten garaiak.

Azken finean, pasio hitzaren esanahia sufrikarioa da, eta liburu honetan kontatzen den maitasun istorioa bada, zahartzaroaren ikuspegitik, Michael Hanekeren Amour filmean kontatzen denaren hasiera. Hasierak eta amaierak beti dute antza, eta nerabezaroak duen zaurgarritasuna zahartzaroan itzultzen da. Denboraren kontra maitatu ohi da maiz, eta zahartzaroan beti maitatu ohi da denboraren kontra. Ez da akzidentea 70 urteko Durasek hasierako maitasuna berriz bizitzea/idaztea nobela honetan. Zahartzaroan, nerabezaroan bezala, pasioarekiko fideltasun berezi bat dago. Kontraesana badirudi ere, dena ikasi baino lehen eta dena ikusi ondorengoko begiradak antzekoak izan daitezke. Marguerite Duras, beti sailkaezin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.