«Margotzea barruko bulkada bat da»

Laura Esteveren tamaina handiko margolan berrienak jarri dituzte Donostiako Ekain galerian, otsailaren 19ra bitarteDiseinu grafikoan bizi osoan jardun ostean, soilik margolaritzan aritzea erabaki du

Laura Esteve margolaria, gaur arratsaldean zabalduko duen erakusketa prestatzen, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian. IÑIGO URIZ  / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Margolaritzan hasi zuen ibilbidea, eta margolaritzara itzuli da Laura Esteve (Donostia, 1939). Ordea, orain artean ez da horretan aritu profesionalki. Diseinu grafikoan jardun du bizitza osoan, baina, hala ere, inoiz ez dio margotzeari utzi. «Margotzea bulkada bat da, barruan daramazuna eta barrutik ateratzen zaizuna. Behar bat da». Bestelako zereginak alde batera utzi eta behar horri bere denbora guztia eskaintzea erabaki du Estevek. Bere lanik berrienak Donostiako Ekain Arte Lanak galerian jarri ditu. Gaur arratsaldean zabalduko dute erakusketa, eta otsailaren 19ra bitarte edukiko dute.

Estevek 2008. urtetik hona margotutako hamar lan jarri dituzte. Tamaina handikoak dira gehienak, eta guztiak margo akrilikoarekin ondu ditu. «Akrilikoak joko handia ematen du, ñabardurekin eta testurekin jolasteko aukera ematen dizu, eta asko interesatzen zait hori; horretan nabil orain». Lan guztiak abstraktuak dira, baina Esteveren «barne paisaiak, paisaia intimoak» islatzen dituztela uste du Rita Unzurrunzaga Ekain arte galeriako arduradunak. Testurekin egiten duen jokoa eta akrilikoarekin lortutako gardentasuna nabarmendu ditu Unzurrunzagak.

Koloreei dagokienez, lur koloreak dira gehienbat, okreak, horiak eta gorrixkak, baina badira tonu hotzagoak, grisak eta urdinak dituzten piezak ere. Gehienetan, margo beltzarekin trazu lodiak eginez kontrasteak sortu ditu artistak. «Trazu beltzak sartzen asko gozatzen du, eta, aldi berean, testurak ateratzen dizkio koloreari. Oihalera hurbilduz gero, pintzelkadak testura hartzen duela ohartzen zara. Barrura sartzen zaizkizun piezak ditu».

Batez ere, autodidakta

Donostiako Arte eta Ofizioen Eskolan hasi zuen bere prestakuntza artistikoa Estevek, marrazkigintzan eta margolaritzan, batez ere. Ondoren, Ascensio Martiarenaren estudioan ikasten jarraitu zuen, eta margolarientzako lehiaketetan hainbat sari eskuratu zituen. Garai hartan ilustrazioak egiten zituela eta, ALAS Norte publizitate agentzian lanpostua lortu zuen. Han ezagutu zuen zer zen diseinu grafikoa, eta horrekin batera, aurrerantzean bere lanbidea izango zena. «Diseinuak profesionalki pinturak baino aterabide handiagoa zuen. Margolaritza, bestalde, zerbait intimoagoa da niretzat», azaldu du. Halere, diseinuaren alde artistikoa beti aldarrikatuko du. «Beste lengoaia bat da, besterik gabe».

Duela 40 urte, diseinu grafikoan aritzea ez zen ohiko lanbide bat, «are gutxiago emakume batentzat», Estevek dioenez. «Uste dut hemen horretan aritu den lehen emakumea izan nintzela». Gizonen mundua zen hori, eta bertan bidea egiteko «zortea» izan zuen. «Gaur egun diseinatzaile mordoa dago, baina garai hartan ez ginen hainbeste». Diseinatzaile gutxi izate horrek bere alde onak bai, baina ezkorragoak ere bazituela uste du, prestakuntzari edo erreferente gabeziari dagokionez. Autodidakta bihurtuta gainditu zituen Estevek gabezia horiek. «Parisera edo Londresera egin nituen bidaietan diseinu eskolak ikusi nituen. Bestalde, aldizkariak jasotzen nituen Europatik, hemen ez baitzegoen ia diseinuari buruzko aldizkaririk, eta informazio asko lortzen nuen haietatik. Horrela garatu nuen nire irizpidea. Nahiko autodidakta izan nintzen, bai».

Lan komertzialetan baino, kulturarekin harreman handiagoa zutenetan erosoago sentitzen zen Esteve. Hala, 1970eko hamarkada bukaeran beste bi bazkiderekin bere agentzia sortu, eta halako lanetan aritu zen: erakundeen kultur eta gizarte arloko kanpainak ez ezik, liburuen azalak eta kartel ugari diseinatu zituen garai hartan, baita hainbat margolariren katalogoak ere. Izan ere, Bixente Ameztoi eta Rafael Ruiz Balerdi lagun minak izan zituen. Ameztoirekin, besteak beste, Euskadi Sioux aldizkarian ibili zen, hura maketatzen baitzuen Estevek. Gizarte mugimenduekin harremanetan hainbat lan ere egin zituen; garai batean, Grosko auzo elkartea laguntzen jardun zuen, kartelak eginez eta ekitaldiak antolatuz, esaterako. «Beti ibili izan naiz halako istorioetan», dio barrez.

Beste zereginetatik «aske»

Agentzia utzi eta «guztiz independizatu» zen gero, eta 1997an bere estudioa ireki zuen Gros auzoan. Bertan margotzen eta marrazki eskolak ematen aritu da joan den urtera arte. Tarteka diseinuko lanen bat egiteko eskatzen badiote ere, halako zeregin guztiak eta eskolak uztea erabaki du, margolaritzan soilik aritzeko. «Erakusketak maiztasun handiagoz egiten hasi nintzelako utzi nituen eskolak, eta behingoz margolaritzari eskaini nahi diodalako nire denbora libre guztia, badela garaia!». Diseinu lanetan edo eskolak ematen «oso ongi» pasatu duela dioen arren, orain halako zereginetatik «askatu» da, eta oso argi du bere erabakia: «Nire denbora guztia pinturarentzat da, eta kito!». Egiako bere estudio-etxean aritzen da horretan gaur egun.

Iazko udan Bulebarko Kutxa aretoan erakutsi zituen lanak, eta gauza bera egingo du Altean (Valentzia, Herrialde Katalanak), apirilean, Klaus Kramerren galerian. «Eta, hortik aurrera, ikusiko dugu». Gogotsu dabil erakusketa gehiago egiteko, baina, batez ere, margotzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.