Margolariaren beldurrak

Beldurraren errepresentazioari eta barne munstroei buruzko 'Munstro Maite' erakusketa osatu du Lucia Fermin sortzaileak. Oso lan «pertsonala» atera zaiola nabarmendu du

Lucia Fermin margolaria, erakusketako bere hainbat lan alboan dituela, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Frankenstein edo Prometeo modernoa eleberriaren 200. urteurrena ospatzeko, Mary Shelley idazlearen lanetik eratutako Frankensteinen unibertso osoari ziklo berezi bat eskaintzen ari da aurten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 29. Astea, eta, horren berri izan zuenean, zera pentsatu zuen Lucia Fermin margolari donostiarrak: «Orain edo inoiz ez». Kontatu du umetatik izan duela presente munstroen eta beldurraren inguruko hausnarketa, eta hausnarketa horietatik abiatuta osatu duela Munstro Maite erakusketa. Aipatutako ziklo horren barruan dago bilduma, eta beldurraren errepresentazioaz eta «guztiok ditugun barne munstroez»hitz egiten du, beldurrezko zinemako pertsonaia ikonikoak ere hartuz.

«Munstroen pelikula klasikoak oso garrantzitsuak izan dira niretzat betidanik, eta hasierako ideia zen guztia zinematik mamitzea, handik sortzea dena». Bidean aurrera egin ahala, ordea, beretik gehiago jartzeko beharra sentitu du. «Pixka bat ahaztu egin zait, agian nahita, publiko bat zegoela, zinema asteko publikoa, eta, azkenean, erakusketa oso pertsonala bilakatu da».

Hamalau margolanek osatzen dute erakusketa, eta telebista bat ageri da haietako batean, Lolo Rico idazle eta telebista ekoizlearen testu batek lagunduta. Artistaren esanetan, erakusketa egingo zela jakin zuenean, eta beldurrari buruzko gogoeta egiten hasi zenean, lehenik eta behin, telebistako pantaila baten irudia etorri zitzaion burura: «Konturatu nintzen zinemaldira munstroei buruzko filmak ikustera joateak ez duela beldurrik ematen, baizik eta hurrengo egunean telebistan albisteak ikusteak ematen duela beldurra, errealitateak».

Batzuei bitxia iruditu arren, Errauskine ageri da beste margolan batean. «Itxuraz, printzesa bat da, baina, niretzat, munstro bat da. Diamante bat dela irudikatu arren, beti ezkutuan egon behar du». Kontrako zerbait esan daiteke erakusketaren oinarria den Frankenstein pertsonaiaz. «Inoiz ez dut ulertu izan Frankenstein izatea munstroa. Niri txikitatik gainerako pertsonen jarrera iruditzen zitzaidan munstrokeriazkoa, hil egin nahi zutelako, ez ziotelako entzuten». Horregatik, haren irudi goxo bat eman nahi izan du erakusketan; erdi lo edo hausnartzen egongo balitz bezala margotu du, lasai. Beste film batzuetako pertsonaiek, paisaiak diruditen margolanek eta Ferminen beraren autorretratu batek osatzen dute erakusketa. Kolore aldetik, berdea eta urdina dira nagusi.

Artistak azaldu duenez, teknikari dagokionez, inoiz ez zaio interesatu izan abstrakzioaren eta figurazioaren artean dagoen muga, ez eta klasikoaren eta garaikidearen arteko muga edo teknika digitalen eta eskuzkoen arteko muga ere. Adierazi du bere lanetan ahalik eta teknika gehien erabiltzen saiatzen dela; hala, erabat eskuz egindakoak dira Munstro Maite-ko lanetako batzuk, eta teknika digitalak erabili ditu beste batzuetan.

Erakusketa azaroaren 25era arte egongo da ikusgai, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plaza aretoan, Tabakalerako ordutegietan, eta doakoa da. Ane Abalde Kutxa Fundazioaren aretoen zuzendariak adierazi duenez, talentu gazteen lanak bultzatzea da Kutxa Kultur Plazaren helburuetako bat, eta lurraldeko beste kultur eragileekin lankidetzan aritzea beste bat. Azaldu du Ferminen erakusketak bi horiek betetzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.