
Abstrakziotik eta abangoardiatik edan zuen Parisko arte giroa ezagutu zuenetik, baita espresionismotik ere. Mantegna, Rembrandt, Cezanne, Paul Klee, Picasso, Tapies, Pollock, Jorn eta halako artistak aipatu izan dituzte kritikariek Zumetaren lehen urtetako eraginak aztertzean. Londrestik eta Stockholmetik ere igaro zen, eta Euskal Herrira itzultzean Gaur taldearen sorreran murgildu zen. Abstrakzioan sakontzen hasi zen, kontrasteak bilatuz, gorri, zuri, hori, beltz eta urdin ugariekin bizi jokatuz.

Hurrengo urteetako haren lanek espresionismo postmodernoaren mugimenduarekin bat egin zuten, hainbat kritikariren arabera, baina halako etiketei ez ziela begiratzen esan izan zuen behin baino gehiagotan pintoreak. 1980ko urteetan egin zituen haren artista bidean etapa berezitzat hartzen diren Papiroak. Lan ildo bat izan zen, serie bat, kartoi gainean eta tenpera margoz egindako irudiak bildu zituena. Denbora irabazteko eta diru eskasiagatik hautatu zuen bide hori, eta urteetara aitortu zuen inoiz baino hobeto pasatu zuela lan horretan. Donostiako San Telmo museoan izan zituen ikusgai 1985ean. Ordura arteko koadroek ez bezala, izenburua jarri zien lan hauei: Aterkidun gizonaren eguneroko paseoa, Ogia besapean jaio zen, eta beste.

1999an aurkeztu zuen Gernika, bere lanik ezagunenetako bat bihurtuko zena. Picassoren izen bereko margolana oinarri hartuta, 7,80 metro zabal eta 3,4 metro luzeko obra handia egin zuen, ohi bezain kolore biziekin, baina ohi baino estetika figuratiboago batekin. Bonbardaketaren auziari eskainitako lan gehiago ere egin zituen. Lehenetakoa, ordea, Picassoren Guernicari omenaldia koadroa izan zen; Euskal Pinturako Sari Nagusia irabazi zuen 1967an, baina egun inork ez daki non dagoen.

Baina Zumetaren obra artistikoak ere hartzen ditu besteen enkarguz eta hainbat kantari, idazle zein bestelako kulturgilerentzat egindako lanak. Asko izan ziren, baina batik bat Mikel Laboaren irudizko mundua sortu izanak markatu zuen artista. Figurazioaren oihartzunei leku egiten jarraitu arren, azken urteetan batez ere abstrakzioaren bidean sakondu zuen artistak. Kolore deigarriak erabiltzen segitu zuen, gorri-gorriak, urdin elektrikoak, hori-laranjak, eta tamaina handiei aurre eginez. Onartzen zuen urteekin jasotako aitortza eta berotasuna, baina horri begira itsutu gabe. Ia egunero jarraitu zuen pintzela eskutan hartzen, eta horixe goratzen zuen gehien: tailerreko denbora.