'Mare' olerki bildumaren errezital musikatua hartuko du gaur jaialdiak

Jon Martinek gidatuko du, eta Idoia Asurmendik pianoa joko du. 11:00etan izango da, Modelon

Mare liburuaren errezital musikatuaren irudi bat, Oiartzunen. 1545 ARGITALETXEA.
iraia vieira gil
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ilargia eta Lurra noizbait bat izan zirela uste dute zenbait zientzialarik, toki bietan aurki daitezkeen osagai kimikoak antzekoak direlako. Ilargiak berak eragin handia du Lurrean: haren zikloek itsasaldiak kontrolatzen dituzte. Satelitearen itxura aldatu eta hurrengo zikloa hasi arte, ordea, 29 egun eta erdi igaro behar dira. 1545 argitaletxeak hori guztia hartu du oinarri Mare. Ilargiari poemak olerki bilduma sortzeko. 29 idazlek poema bana eskaini diote ilargiari, eta Jon Martin bertsolari eta idazleak liburua osatzeko abestia egin du. Gaur egingo dute bilduma aurkezteko errezital musikatua Literaturian; Modelo aretoak hartuko du saioa, 11:00etan.

«Mare liburuaren helburuetako bat da dagoeneko idazle diren hainbat poetaren lanak gazteengana gerturatzea», azaldu du Martinek. Zarauzko sei gazte taularatuko dira gaur, idazle ezagunekin batera, olerkiak errezitatzera. «Batek libururako idatzitako poema irakurriko du, eta besteak egunerako idatzitakoa». Garazi Ugalde, Laida Duo eta Rikardo Arregi izango dira lehenak; Amaia Lasa, Elaia Gartzia eta Castillo Suarez hurrenak; Tere Irastorza eta Arixen San Sebatian igoko dira ondoren; Itxaro Borda eta Nahikari Eizagirre gero; Jose Luis Otamendi eta Nora Hernandez izango dira bosgarrenak; eta Asier Serrano eta Eli Isusi azkenak.

Olerkiak errezitatu bitartean, Idoia Asurmendi musikariak pianoa joko du, eta «musika tradizionalak osatutako ohea» jarriko die testuei. «Euskal kantagintzarekin harremana duten kanta askoren melodiarekin jolastuko da, eta inprobisazio moduko batekin eutsiko die poemei». Asurmendik jarri dio musika, hain zuzen, Martinen abestiari. «Bururatu zitzaidan ilargia bi ahizparen arteko harremanarekin konparatzea, eta pentsatu nuen Bea eta Idoia Asurmendi izan zitezkeela horiek». Baiezkoa eman ziotenean, «bat egin zuen denak».

Abesti horrek emango dio amaiera gaurko saioari. Martinek dioenez, «ederra» izan zen kanta sortzeko prozesua, «eginda ez zegoen zerbait» sortu nahi zuelako. Ilargiak lurtarrak erakartzen dituela uste du, eta pertsonek satelite horrekiko harreman horretan antzak ere badituztela. «Gehien ezagutzen gaituzten pertsonetako batzuk izaten dira gure anai-arrebak, baina, aldi berean, badaude gauza batzuk guretzat bakarrik gordetzen ditugunak». Berdin gertatzen zaio Lurrari. «Ilargiaren atzeko aldea ez du ezagutzen, nahiz eta beti gertu egon».

Beste gonbidatu batzuk

Ordubete iraungo du emanaldiak, eta Martin izango da aurkezlea. «Egingo dudana da poema batetik besterako haria josi, eta liburuaren idazkeraren eta egituraren azalpen batzuk eman». Izan ere, olerkien idazleez gain, bestelako gonbidatuak ere izango dira oholtzan. «Iñigo Martinezek eta Ana Galarragak berek idatzitako hitzaurreei buruz hitz egingo dute». Liburuak, zehazki, hiru hitzaurre ditu: Ana Galarragaren zientifikoa; Iñigo Martinezen filosofikoa; eta Joseba Sarrionandiaren literarioa. Udane Ansa ilustratzailea ere bertaratuko da, baina, Martinek esandakoaren arabera, ez dute uste hitza hartuko duenik. Haren marrazkiak, ordea, ikusgai izango dira atzealdeko pantailan.

Gaurkoa ez da olerki bildumaren inguruan horrelako emanaldi bat prestatzen duten lehen aldia; Oiartzunen (Gipuzkoa) eskaini zuten behin, baina ez zen berbera izan. Aurreko hartan, esaterako, Iratxe Retolaza ere izan zen saioan, berak idatzi baitzuen Mare liburuak dakarren euskal poemagintzaren inguruko atala: Poesiaren ilargialdiak. «Parte hartzen duten poetak aldatuz doaz herritik herrira», azaldu du Martinek.

Emanaldi aldakorra bada ere, Martinek adierazi du publiko orokorrarentzako modukoa dela, eta berdin diola liburua aurretik irakurri ez izanak. «Saiatu gara eduki berria sortzen, baina beti idatzita dagoenarekin lotuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.