Estreinaldia

‘Marco’ Veneziako 81. Zinemaldian estreinatuko da

Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako azken lana Orizzonti sailean emango dute lehen aldiz. Enric Marcoren bizitza du ardatz filmak. Azaroaren 8an estreinatuko dute zinema aretoetan.

'Marco' filmaren grabazioa, BERRIAren erredakzioan, iazko azaroan. JON URBE / FOKU
'Marco' filmaren grabazioa, BERRIAren erredakzioan, iazko azaroan. JON URBE / FOKU
Garazi Karrera
2024ko uztailaren 23a
14:17
Entzun

Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Marco filma Veneziako 81. Zinemaldian estreinatuko da, Orizzonti sailean. Enric Marcoren bizitza du ardatz pelikulak. Espainiako sindikatuko Lanaren Konfederazio Nazionaleko (CNT) idazkari nagusia izan zen protagonista, baita Mauthausengo Amical elkarteko lehendakaria ere. Hara eta hona ibili zen urte askoan hitzaldiak ematen, komunikabideetan agerraldiak egiten, nazien kontzentrazio esparruetan preso egon zela eta bertan bizitakoak kontatzen. Kontzentrazio esparruetan egondako biktimen eledun eta ordezkari bihurtu zen Marco, harik eta guztia gezurra zela deskubritu zen arte: bere biografiako datuak faltsutu zituen, Flossenburgeko (Alemania) kontzentrazio esparrutik bizirik atera zela frogatzeko.

Filmeko eszena batzuk BERRIAren erredakzio nagusian grabatu zituzten, iazko azaroan. Bartzelonako egunkari baten erredakzio bihurtu zuten Andoaingoa (Gipuzkoa). Eduard Fernandez eta Alfonso Torregrosa izan ziren bertan, besteak beste. Lehenak protagonistaren rola antzezten du, eta bigarrenak, berriz, egunkariko erredaktoreburuarena. Horiez gain, Nathalie Poza, Chani Martin, Sonia Almarcha, Fermi Reixach eta Julia Molins ere badira filmaren parte, beste zenbait aktorerekin batera.

Ohar bidez, filmaren arduradunek azaldu dute Veneziako Mostrak filma bertan estreinatzeko aukera ematea jauzi kualitatibo «handia» dela Loreak, Handia eta La trinchera infinita filmetan lankide izan diren zuzendarien eta lantaldearen ibilbidean. Aitor Arregi, Jon Garaño, Jorge Gil Munarriz eta Jose Mari Goenaga ibili dira gidoilari lanetan. Eta Ander Barinaga-Rementeria, Ander Sagardoi, Xabier Berzosa eta Jaime Ortiz de Artiñano dira lanaren produktoreak.

Sail Ofizialeko lehian

Veneziako Mostrak jakinarazi du zer film lehiatuko diren Sail Ofizialean. Honako hauek izango dira Urrezko Lehoia eskuratzeko hautagaietako batzuk: Joker: Folie à deux (Todd Phillips), The room next Door (Pedro Almodovar), Maria (Pablo Larrain), Kill the Jockey (Luis Ortega), Queer (LucaGuadagnino), Vermiglio (Maura Delpero) eta Campo di Battaglia (Giani Amelio). Bestalde, lehiaketatik kanpo Master and Commander (Peter Weir), Chain Reactions (Alexander Philippe), Beauty is not a sin (Nicolas Winding Refn) eta Why War (Amos Gitai) ikusi ahal izango dira, besteak beste. Tim Burtonek zuzendutako Beetlejuice Beetlejuice filmarekin abiatuko da festibala, abuztuaren 28an, eta irailaren 7an amaituko da. Peter Weir zuzendariak jasoko du Ohorezko Urrezko Lehoia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.