Donostiako Zinemaldia Azkuna Zentroan zikloak, Gipuzkoako hiriburuan proiektatutako hainbat film hautatu, eta Bilboko Golem zinemetan jartzen ditu ikusgai. Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako Marco filmak emango dio hasiera gaur, 19:00etan; amaiera, berriz, igandean izango da, François Ozon zinemagilearen Quand vient l’automne lanarekin. Sail ofizialean eta Perlak eta Zuzendari Berriak sailetan izandako pelikulak eskainiko dituzte. Sarrerak Golem zinemako webgunean eta Azkuna zentroko leihatiletan eskuratu daitezke.
Egitarauan, era berean, Fernanda Valadezek eta Astrid Ronderok egindako Sujo ikusteko aukera izango da bihar. Filmaren izen bera duen protagonista eta haren lau urteko semea arriskuan izango dira, Mexikoko herri txiki bateko pistolari bat erailtzen dutenean. Donostiako Zinemaldiko Espainiako lankidetza saria jaso du lan honek. Aurrez, Sundance jaialdiko epaimahaiak ere saritu zuen, World Cinema sari nagusia emanda.
Etzi, Sean Bakerren Anora emango dute, eta hurrengo egunean, Coralie Fargeat zinemagilearen The Substance. Batak zein besteak zeresana eman zuten aurtengo Cannesko jaialdian: lehenak Urrezko Palmondoa irabazi zuen, eta bigarrenak, gidoi onenaren saria.
Aurten, lehen aldiz emango dute Euskal Herrian ekoitzitako telesail bat. Hain zuzen, Alauda Ruiz de Azuaren Querer telesaila izango da ostiralean. Nagore Aranburuk egiten du Mirenena, istorioaren protagonistarena. 30 urte ezkonduta eman ondoren, Mirenek senarra utzi eta salatu egingo du, etengabeko bortxaketak pairatzeagatik. Lau atalak eskainiko dituzte, eta zuzendaria ez ezik Ivan Pellicer aktorea ere bertan izango da.
Asteburuko filmak
Larunbatean, Belkıs Bayrak turkiar zuzendariaren Gülizar film luzea ikusi ahal izango da, 18:00etan. Handik bi ordura, berriz, Costa-Gavrasen Le dernier souffle. Igandean, David Perez Sañudok zuzendutako Azken Erromantikoak pelikularen ordua izango da, 18:00etan; eta zikloaren itxiera François Ozonen Quand vient l’automne pelikulak emango dio. Zinemaldiko gidoi onenaren epaimahaiaren saria —François Ozon eta Philippe Piazzo— eta taldeko interpretaziorik onenaren Zilarrezko Maskorra —Pierre Lottin— irabazi ditu filmak.
Horiez gain, haurrei zuzendutako bi pelikula izango dira asteburuan: Dragonkeeper (Salvador Simo eta Li Jianping) zein Robotia (Diego Cagide, Diego Lucero). 12:00etan proiektatuko dituzte biak, lehena larunbatean, eta bigarrena igandean.