Veneziako Zinemaldian estreinatu, eta hango kritikaren txaloak jaso berritan hautatu du Espainiako Zinema Akademiak Marco. Horrenbestez, baliteke Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren ekoiztetxeak, Moriarti Filmsek, bigarren aldia izatea Oscar sarietan. 2015ean, hain zuzen, Loreak filmari esker heldu ziren Hollywoodera, eta oraingoan, Oscar sariek 97. aldia izango duten honetan, Marco filmak eraman ditzake hara. Espainiako Zinema Akademiak irailaren 18an jakinaraziko du hiru pelikuletatik zein gailendu den.
Marco filma Javier Cercas idazlearen El impostor liburuan oinarrituta dago, eta Enric Marcoren historia dakar pantailara: nazismo garaian Flossenburgeko kontzentrazio esparruan bizi izandakoak kontatzen aritu zen ikastetxez ikastetxe, eta sarraskiaren aurkako salaketaren ikono bilakatu. Benito Bermejo historialariak, ordea, kontraesanak eta itzalak aurkitu zituen haren hitzetan, eta, ikertzen aritu ostean, agerian jarri zuen Marco inoiz kontzentrazio esparruetara iritsi gabea zela eta haren biografia asmatua zela.
Garañok eta Arregik aspaldian heldu zioten gaiari, hain zuzen duela hemezortzi urte. Marco bera ere ezagutu zuten, eta hainbat elkarrizketa egin zituzten haren gaineko dokumental bat osatzeko asmoz. Hainbat arrazoi tarteko, dokumentalak huts egin zuen, eta, azkenean, fikzio forma hartu. Eduard Fernandez aktoreak jokatu du Enric Marcoren rola.