Berri Txarrak taldea geldialdi mugagabean dago iazko azaroaz geroztik. Haatik, Maravillas kantaren zuzeneko single digitala argitaratu nahi izan dute orain. Bertsiorik «soilena, biluziena»: Gorka Urbizuren gitarra eta ahotsa besterik ez, Madrilgo WiZink Centerren. Mugarritzat daukate kontzertu hura, 7.000 zaletik gora batu baitziren musika ibilbidea euskara hutsean osatu duen rock talde bat ikusi eta entzuteko.
Bestalde, taldeak iragarritako film-dokumentala dagoeneko edizio fasean dago, eta hilabete batzuen buruan estreinatzeko asmoz dabiltza, betiere koronabirusaren ondorioek modua ematen dutenean. 2019ko Ikusi Arte Tour birako hainbat lekutan filmatu zuten (Tokio, Mexiko, Madril, Los Angeles, Paris, Bartzelona, Donostia, Iruñea...) eta Marina Lameiro nafarra izango da zuzendaria.