Marabilli sormen jaialdia egingo dute Ondarroan

Urriaren 11tik 14ra arte, zinema, literatura eta musika batuko ditu, eta Aitzol Aramaio omenduko dute

Aitzol Aramaio. JUAN CARLOS  RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Ruper Ordorikak, Marlangok, Maialen Lujanbiok, Mikel Urmenetak, Toti Martinez de Lezeak eta Alex Angulok parte hartuko dute, besteak beste, Marabilli sormen jaialdian. Ondarroan egingo da, urriaren 11tik 14ra, eta zinema, literatura, artea, diseinua eta musika batuko ditu. Bide batez, iazko apirilaren 24an hildako Aitzol Aramaio zinemagile ondarroarra omentzea da festibalaren helburuetako bat. Bestea, antolatzaileen esanetan, «herriaren sormena goratzea». Horretarako, herritarren parte hartzea eskatu dute.

Egitarau betea prestatu dute, eta lehen egunean bertan Sormena hamar minututan ekitaldiaren barruan arituko dira Maialen Lujanbio, Alex Angulo, Felix Beristain, Xabier Iriondo eta Mikel Urmeneta. Bakoitzak hamar minutuko bakarrizketa egingo du. Kofradia zaharrean izango da, 20:30ean hasita. Geroxeago, 22:30ean, Marlangok kontzertua emango du kafe antzokian. Leonor Watlingen taldearen aurretik, Iñigo Muguruza eta bere taldekideak arituko dira, Lurra egitasmo berria aurkezten.

Hurrengo egunean, 12an, Ramon Txurrukak performance bat egingo du Jai Braianen, eta gero Tribute to Aitzol kontzertua izango da kafe antzokian (22:30). Gorka Urbizuk, Mikel Urdangarinek, Piztiak-ek, Fignuh Experiencek, Jonny Gerriwetek eta Rafa Ruedak parte hartuko dute, besteak beste.

Larunbatean, urriaren 13an, herriko kale zaharretatik Zumardiraino ibilaldi gidatua egiteko proposamenarekin etorriko da Toti Martinez de Lezea (13:00). Gero, Traumana ta Brix lana antzeztuko dute Jone Bergarak eta Ane Martinezek, Ana Elordik gidaturik. Iluntzean, 19:00etan, Aramaiori gorazarre egingo diote Roberto Mosok eta Josu Aranbarrik, Bide Onera zineman; lehenak hitzez, eta bigarrenak, berriz, bideo batekin. Hurrena, Aitzol Aramaio film laburren lehiaketako finalisten filmak emango dituzte, eta Bypass estreinatuko dute, Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzendutako filma. Kafe antzokian, berriz, Ruper Ordorikak eta Markos Untzetak kontzertua eskainiko dute (22:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.