Mapamunditarrak egitasmoak bost erakusketa antolatu ditu Iruñean

Bihar hasiko da egitasmoa, eta urriaren 27ra arte iraungo du. Hamahirugarren aldia du aurten

Julie Chafforten De l'autre côte filmaren fotograma bat. Ziudadelan jarri duen erakusketan ikus daiteke. MAPAMUNDITARRAK.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ispiluaren kontzeptua ardatz harturik, erakusketak, proiekzioak, tailerrak eta topaketak egingo dituzte Iruñean, bihar hasi eta urriaren 27ra arte iraungo duen Mapamunditarrak proiektuaren barruan. La Caracola kultur elkarteak antolatzen du egitasmoa urtero, kultura garaikidea sustatzeko eta zabaltzeko, eta aurtengoa hamahirugarren aldia du. Alexandra Baures da proiektuaren komisarioa, eta Andrei Tarkovski zinemagile sobietarraren Zerkalo (Ispilua) filmetik abiatu da hura osatzeko.

Zerkalo filmaren jatorria zuzendariak burutik kendu ezin zuen amets bat izan zen. Tarkovskik berak azaldu zuenez, sarritan amets egiten zuen bere haurtzaroko etxearekin, eta amets horretatik ihes egin ahal izateko sortu zuen pelikula hori. Zehazki, familiaren lagun batek egindako argazkietara jo zuen oroimenean zuen etxearen irudia berreraikitzeko. Tarkovskiren lanik pertsonalena eta arriskatuena izan zen. Askotariko kritikak jaso zituen, eta kritikari zenbaiti «hermetikoegia» iruditu zitzaion. Zinemagilea, ordea, aske adieraztearen alde agertu zen, eta honako hau proposatu zuen: «Nahi duenak ikus ditzake nire pelikulak, bere buruari begiratzeko, ispilu batean bezala».

Iradokizun horretatik tiraka, Alexandra Bauresek ere antzeko proposamen bat egin du Mapamunditarrak egitasmoan: artearen bitartez nork bere barruari begiratzea. «Zerezkoak gara gizakiak? Denborazkoak gara?», galdetu du proiektuaren aurkezpen testuan. «Ispiluak itxura itzultzen digu, zeina berehala iraungitzen den. Itxuraz, askotarikoak gara, eta, urteak igaro ahala, geure buru gehiago pilatzen ditugu gorputz bakarrean. Geure buruei behatzeko, agian urrundu egin behar dugu; geuregandik aldendu, gero itzultzeko». Artelanek «ispilu bilduma bat» osatzen dutela dio, eta, horien bitartez, norbere buruan islatzen direla beste batzuen bizipen estetikoak.

Tarkovskik landu zituen kontzeptuetako batzuk jorratzen dituzten bost artistaren erakusketak dira Mapamunditarrak-en aurtengo eskaintza nagusia.

Javier Arbizuk (Lizarra, Nafarroa, 1984), esaterako, Zorrotz erakusketa eraman du Ziudadelako Labea aretora. Bismutoarekin sortuta eta barrutik hutsik dauden eskulturekin gizakiaren gorputza irudikatu du, zatikatuta eta inguruko materialekin uztartuta.

Concha Martinez Barretok (Murtzia, Espainia, 1978) Ziudadelako Mistoen Aretoan du erakusketa. Bost piezarekin osatu du, eta, horien bitartez, oroitzapenen eta denboraren joanaren inguruan hausnartu du. Izenak artelanean, adibidez, bere familia albumeko argazkiak marraztu ditu, horietan agertzen diren aurpegi ezezagunen misterioetan barneratzeko; Munduaren jatorria lanean, berriz, haur bat gonbidatu du munduaren jatorria zein den azaltzera, dinosauroen hezur batzuetatik abiatuta.

Ziudadelako toki berean ikus daiteke Julie Chaffortek (Niort, Okzitania, 1982) ikus-entzuneko lau piezarekin osatu duen erakusketa. Bideoak Hunt (Ehiza), De l'autre côte (Beste aldean), Les montagnes noires (Mendi beltzak) eta La barque silencieuse (Txalupa isila) dira, eta naturak toki handia du horietan. Lanotako eszena batzuetan, gainera, urak garrantzia hartzen du: pertsonaiak uraren gainazalean islatzen dira, ura ispilua balitz bezala.

Andres Galeano (Mataro, Herrialde Katalunak, 1980) argazkilariak ispiluak argazkilaritzaren historian izan duen garrantzia aztertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan jarri duen Einmal ist keinmal (Behin ez da zenbatzen) erakusketan. Unknown Photographers (Argazkilari ezezagunak) proiektuarekin muntaketak egin zituen hainbat lagunen familia albumen argazki analogikoekin, eta, oraingoan, argazki horietako 300 hautatu, eta ikusgai jarri ditu, isla, errepikapena eta halako kontzeptuak lantzeko. Bestalde, Galeanok argazkilaritza tailer bat ere eskainiko du, urriaren 5ean eta 6an. Dagerrotipotik selfie-ra, argazkilaritzaren historian ispiluak izan duen tokia aztertuko du. Tailerra Nafarroako Museoan izango da, eta beharrezkoa da aurrez izena ematea.

Roger Omarrek (Mazatlan, Mexiko, 1974), berriz, haurren ametsen irudikapenekin sortu du Sagutxoak salbatzea erakusketa. Hogei urte daramatza hainbat tokitako neska-mutilen ametsak biltzen. «Arrazoiarengandik ihes egiten duten oharkabeko asmakuntzatzat» jotzen ditu, eta indar handia dutela uste du. Maiatzean hainbat haur elkartu zituen Atarrabian (Nafarroa), eta beren ametsak idaztera eta marraztera gonbidatu zituen. Irudikapen horietako batzuk ikusgai jarri ditu Atarrabiako Batanean, beste toki batzuetan lortutakoekin batera.

Zinema emanaldiak

Erakusketez gain, Mapamunditarrak proiektuak zinema ziklo bat ere eskainiko du. Hala, urriaren 1ean, Timm Krogerren Zerrumpeltz Herz (Txorien biltzarra) filma emango dute; urriaren 8an, Philippe Garrelen La jalousie (Jelosia); urriaren 15ean, Berni Goldblaten Wallay eta urriaren 22an Jean-François Laguionieren Louise en hiver (Louise neguan). Emanaldi guztiak Iturramako Civivoxean izango dira, eta sarrera doan izango da, aldez aurretik gonbidapena eskuratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.