Narrazioengatik ezagunago bada ere, bederatzi poesia liburu idatziak ditu Manuel Rivasek (Coruña, Galizia, 1957). Eleberria, poesia, saiakera, kazetaritza artikuluak... genero gehienak lantzen ditu idazle eta kazetariak, eta galizieraz, bere ama hizkuntzan, idatzi izan ditu lan gehienak. Donostian izan zen duela 12 urte, O lapis do carpinteiro (1998) nobela aurkezten, eta Donostiara itzuliko da asteon. Poesia errezitaldi batean parte hartuko du gaur iluntzean, eta irakurleekin solasaldi batean ariko da bihar, Donostia Kulturaren laguntzaz antolatutako Pentsamenduaren poesia ekitaldian.
2009an argitaratu zuen A desaparición da neve (Elurraren urtzea) liburuko hainbat olerki errezitatuko ditu Rivasek, Viktoria Eugenia Antzokiko Club aretoan,19:30ean hasiko den errezitaldian. Harekin batera, bost euskal idazle ariko dira. Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek, Igor Estankonak, Edu Zelaietak eta Nerea Beldarrainek launa poema errezitatuko dituzte, eta Jon Makusoren biolinaren laguntzaz ariko dira seiak. Ikusleei poemen kopiak banatuko dizkiete, euskaraz eta gaztelaniaz. Sarrera doakoa da, baina leihatilatik pasatu behar da gonbidapena jasotzera.
Bihar, berriz, irakurleekin solasaldia egingo du Rivasek Alde Zaharreko Liburutegi Nagusiko sotoan, 19:30ean. Poesiaren Finisterre izenburua jarri diote saioari, eta Juan Ramon Makusok bideratuko du elkarrizketa. «Poeta gisa kezkatzen gaituzten gaiei buruz hitz egingo dugu, etikoak, estetikoak, inguruan duena nola ikusten duen poesia idazten duenak, bere ikuspegi literarioa...», azaldu du Makusok.
Bosgarren manifestua
Pentsamenduaren poesia jardunaldiak antolatzen aritu dira Makuso, Felipe Juaristi, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi poetak, laugarren urtez, Donostia Kulturaren laguntzaz. Gorrotxategiren ustez, «jendeak poesia eta pentsamendua entzutean zerbait aspergarria» delako ustea izaten du, horrela ez izan arren. Ulertzen ez dugun hizkuntza batean kantatutako abesti batek hunki gaitzakeen bezala, poesiara ere modu horretan hurbiltzera deitu du idazleak.
Bestalde, bosgarren manifestua kaleratu dute lau idazleek, Poesiatik Polisera izenburupean. «Poeta bere marfilezko dorrean dagoen irudia daukagu, eta ez da horrela. Oinak lurrean ditugula adierazi nahi dugu», azaldu du Otxotekok. Testuan diotenez, poetak, errealitateari erantzuteko, hitza eta gogoeta ditu tresnatzat, eta hitzekin «forma ematen dio errealitateari, polis-ean gertatzen denari, polis-arekin bat eginez». Gaurko munduan gizakia «birtuala» bihurtu dela, eta poesiaren bidez «agora-tik gizakiari humanismo berri bat» eman nahi diotela aldarrikatu dute.
Manuel Rivasek poesia errezitaldi bat eta solasaldi bat eskainiko ditu Donostian
Idazlea Leire Bilbao, Miren Agur Meabe, Igor Estankona, Edu Zelaieta eta Nerea Beldarrain ariko da gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu