Musika Hamabostaldia

Manuel de Fallari aitortza Viktoria Eugenian

Euskal Barrokensemblek Fallaren ‘Amodio sorgina’-ren bertsio moderno bat eskainiko du gaur, Musika Hamabostaldian. Musika klasikoa eta herri musika uztartuko ditu.

Nora Gurrutxaga, Maria Jose Perez, Enrike Solanis, Miren Zeberio eta Oihana Muguerza, gaur, Viktoria Eugenian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nagore Garmendia Artano
2023ko abuztuaren 28a
15:00
Entzun

«Herri musika inspirazio iturri agortezina da», Musika Hamabostaldiko antolatzaileen hitzetan. Hori da aurtengo aldian Euskal Barrokensemble taldeak parte hartzearen arrazoia; Amodio sorgina: Manuel de Fallaren musikaren muina ikuskizuna aurkeztuko du taldeak, gaur, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan. Europan zehar ibili da konpainia ikuskizun hori eskaintzen, eta Donostian egiten duten lehen aldia da; adierazi dute pozik daudela jaialdiak eman dien aukerarengatik.

Pastora Imperiok eta haren amak bildutako ijitoen elezaharrean eta antzinako aireetan inspiratuta konposatu zuen Manuel de Fallak Amodio Sorgina. Haren helburua Andaluziako (Espainia) musika muina islatzea zen, flamenkoaren beste aldaera batzuk txertatuz: solearea, poloa, martinetea eta zambra, adibidez. Taldearentzat «erreferente bat» da Falla, eta, konpositore hark bezala, miresten ditu Andaluziako kantua eta flamenkoa; horregatik, flamenko kantari bat aukeratu dute, Maria Jose Perez, euren ikuskizunean laguntzeko; Maria Moreno flamenko dantzariak ere parte hartuko du.

Bertsio fresko bat

Euskal Barrokensembleren bertsioa «freskoa» da, Perezen begietan. Duela bospasei urte sortu zuten ensemblekoek, eta hainbat konpositoreren obren zatiak harilkatu dituzte Fallaren ganbera musikarekin, hala nola Joaquin Rodrigoren Aranjuezko kontzertua. Heri musika eta musika klasikoa uztartzen ditu obrak, eta Enrike Solinis taldearen zuzendariaren ustez, «bi mundu horiek uztartzea da filosofiarik inportanteena». Euskal Barrokensembleren formazioa zenbait ezaugarrik definitzen dute: garrantzi handia ematen diote inprobisatzeko joerari eta garai desberdinetako musika berregiteari, eta lotura handia dute musika klasikoarekin eta herri musikarekin, besteak beste. Horren harira, Perezek adierazi du zerk atxikitzen duen proiektura: «Flamenkook ere inprobisatzen dugu, eta horregatik piztu zidan arreta proiektuak».

Ikuskizun honetan bildu diren piezak tradizioaren gaineko miresmena dute abiaburu; izan ere, Fallak oso presente zuen tradizioaren garrantzia, eta Euskal Barrokensemble bat dator, erabat, kontzeptu horrekin. «Fallaren esentzia errepresentatu nahi izan dugu», adierazi du Solinisek. Hala ere, Fallarenak ez diren piezak ere interpretatuko dituzte. Dimitrie Cantemirren, Rodrigoren, Gaspar Sanzen, Nicola Matteisen, Girolamo Kapsbergerren eta Antonio de Santa Cruzen obrak ere entzungo dira ikuskizunean. Publiko zabal batentzat eginda dago, eta, taldearen hitzetan, «inor ez da etortzeaz damutuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.