Musika Hamabostaldia

Manuel de Fallaren 'Amodio sorgina' moderno bat, Viktoria Eugenian

Euskal Barrokensemblek Fallaren 'Amodio sorgina'-ren bertsio berritu bat eskaini zuen atzo, Musika Hamabostaldiaren barruan

Euskal Barrokensembleko kideak, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
Nagore Garmendia Artano
Donostia
2023ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
«Musika herrikoia inspirazio iturri agortezina da», Musika Hamabostaldiko antolatzaileen hitzetan. Horregatik hartuko du parte Euskal Barrokensemblek aurtengo aldian; Amodio sorgina: Manuel de Fallaren musikaren muina ikuskizuna aurkeztu zuten, atzo, Donostiako Viktoria Eugenian. Europan zehar ibili da konpainia ikuskizunarekin, eta Donostian egiten duten lehen aldia da.

Pastora Imperiok eta haren amak bildutako ijitoen legendan eta antzinako aireetan inspiratuta konposatu zuen Manuel de Fallak Amodio Sorgina. Bere helburua Andaluziako (Espainia) musikaren muina islatzea zen, flamenkoaren beste aldaera batzuk txertatzeko. Taldearentzat «erreferente bat» da Falla, eta konpositorearen Andaluziako kantuarekiko eta flamenkoarekiko miresmena partekatzen du; horregatik, Maria Jose Perez flamenko kantaria eta Maria Moreno flamenko dantzaria izango dituzte lagun.

«Freskoa» Bilboko konpainiaren bertsioa, Perezen hitzetan. Duela bospasei urte sortu zuten, eta hainbat konpositoreren obren zatiak harilkatzen dituzte Fallaren ganbera musikarekin. Musika herrikoia zein klasikoa uztartzen ditu obrak, eta Enrike Solinis taldearen zuzendariaren ustez, «bi mundu horiek uztartzea da filosofiarik inportanteena». Euskal Barrokensembleko kideek inprobisatzeari eta garai ezberdinetako musika berregiteari garrantzia ematen diete, eta musika klasikoarekiko eta herrikoiarekiko lotura dute, besteak beste. Horren harira, proiektuarekiko duen atxikimendua adierazi du Perezek: «Flamenkook ere inprobisatzen dugu, eta horregatik eman zidan arreta proiektuak».

Tradizioaren esentzia

Fallak oso presente zuen tradizioaren garrantzia; Euskal Barrokensemble ere bat dator kontzeptu horrekin, eta konpositoarearen esentzia errepresentatu nahi izan du. Halaber, beste autore batzuen obrak ere interpretatzen dituzte ikuskizunean, hala nola Dimitrie Cantemir, Rodrigo, Gaspar Sanz, Nicola Matteis, Girolamo Kapsberger eta Antonio de Santa Cruzenak. Publiko zabal batentzat eginda dago obra. Taldearen hitzetan, «inor ez da joateaz damutuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.