Mansfielden eta Ionescoren liburu bana argitaratu dute Urrezko Biblioteka bilduman

Literatura Unibertsala bildumaren hogei obra eguneratuko dituzte guztira; urtean bost bat ale kaleratuko dira

Maite Alustiza.
Donostia
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Literatura Unibertsala bilduma «berriturik» aurkezteko asmotan sortu dute Urrezko Biblioteka. 1989tik euskarara itzuli diren hainbat obrak osatzen dute liburu unibertsalen bilduma, eta ehun bat titulu amaiturik zeudela ikusita, horietako batzuk paperezko liburu forman berreskuratzea erabaki dute. Hogei hautatu dituzte berrargitaratzeko, eta Eugene Ionescoren Emakume abeslari burusoila eta Katherine Mansfielden Lorategiko festa dira aurkeztu dituzten lehenak. Eusko Jaurlaritzak, Elkar argitaletxeak eta EIZIE Euskal Idazle, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak elkarlanean landutako ekimena da, eta urtean bost bat lan argitaratzea pentsatu dute. Duela urte batzuk itzulitako obrak izanik, «orrazketa beharra» izan dute; dena den, ez dira funtsean asko aldatu; ez behintzat orain arte aurkeztu dituzten bi lanak.

Jon Muñozek 2001ean itzuli zuen Emakume abeslari burusoila. «Antzerki lan bat da; antzerki klasikoa eta konbentzionala hankaz gora jarri zuen obra». Arrakasta are harrigarriagoa da, hasieran Ionescok antzerkia «adierazpide aspergarri eta faltsu» gisa ikusten zuela kontuan hartuta. XX. mendeak eman zuen antzerkigile ospetsuenetako bat izan zen. Egitura sinplea du istorioak: senar-emazte bat eta haren bisitariak berriketan ageri dira, barrualde ingeles batean. Haien inguruan daude, besteak beste, neskamea, sute bila dabilen suhiltzailea eta erloju bat.

Senar-emazteen arteko harremana, ordea, ez da ohikoa. «Berezko izaterik ez duten bi pertsonaien arteko harreman abstraktua da». Ez da ez tragedia, ez komedia. «Eguneroko bizitza kontatzen da: bere errepikazioa, hutsunea eta zentzugabetasuna. Eta gordin-gordin adierazten da hizkuntzaren ezintasuna eta absurdoa». Bizitza bera adar jotze bat zen Ionescorentzat, zeharo zentzugabea eta hutsala, absurdoa. «Eta giza izatearen absurdoa adierazteko, pertsonaia absurdoak asmatu zituen gauza absurdoak esaten».

Baina nor da izenburuan aipatzen den emakume abeslari burusoila? Liburuan ez da inon ageri, eta ez da inon agertuko. Sinbolo bat da, «pertsonaien izuaren sinboloa». Pertsonaiak, hala ere, ez dira liburuaren benetako protagonistak: «Hizkuntza da liburuaren protagonista nagusia, protagonista bakarra. Irakurleak hasieran ez daki hizkuntzak ez duela zentzurik, bizitzak zentzurik ez duelako».

Jatorriak markatua

1998an itzuli zuen Anton Garikanok Lorategiko festa, Katherine Mansfielden lana. Zeelanda Berrian jaio zen idazlea, XX. mende hasieran. Jatorriak asko markatu zuen, Garikanoren iritziz: «Britainia Handiari begira bizi ziren, hango kulturaren parte balira bezala, eta horrek barruko eten bat ekarri zion». Txikitan ezagutu zuen bizimodua jaso du liburuan, «bizimodu viktoriarra, Viktoria erreginaren garaikoa». Dena zen festa, urre kolorea, edertasuna... Baina horren erdian «distortsiozko nota bat» sortuko da: ustekabekoa, etena, sorpresa, bizitza hankaz gora jarriko duen espero gabeko gertaera.

Erresuma Batura bizitzera joan zen gaztetan Mansfield, eta buhame bizitza eman zuen han. Baina arrotz sentitzen zen han ere, eta horrek ezinegona sortu zion. Osasun txarra zuen, eta horrek ere eragina izan zuen haren jardunean. Oso gazterik hil zen, tuberkulosiarekin. «Bizi nahi eta ezin horrekin bizi behar izan zuen». Berak bizitakoa oinarri hartu du komunikatu ezina azaltzeko ere. «Jendeak badu zer esana, baina ez du aukerarik aurkitzen inorekin bere barrena husteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.