Idazlea: Juan Alfonso Belmonte.
Ilustratzailea: Natalie Pudalov.
Itzultzailea: Arkaitz Goikoetxea.
Argitaletxea: OQO-Txalaparta.
Literatura plazeraren bilaketa da, edo hori izan beharko luke bederen. Inork haur bati liburu bat oparitzen dionean argi eduki beharreko kontua da liburuak abstrakzio mundu baterako zubia direla, mundu honetatik ihes egiteko aitzakia, fantasiazko eremu zabaletan olgetan ibiltzeko abagune aproposa. Eta urliak asmo didaktikoak edo moralizanteak balitu, irakaspen baten bila balebil, argi eduki dezala alferrik ari dela. Liburuek ez dituzte pertsona hobeak egiten. Beste kontu bat da liburu baten mezuaren aitzakiatan, sandiak edo berendiak bizitzari buruzko hausnarketa bat plazaratzea haurrari, elkarrizketa edukatibo baten aitzakia bilatzea, alegia.
Halaxe, esku artean dugun Belmonte idazlearen lan honek 7-8 urtetik gorako haurrei espiralean goraka doan narrazio entretenigarri bat damaigu, ipuin klasikoen moldean egina, gai baita ere klasiko batekin.
Pinto oilarrak bere edertasunaz baliatuz Juliana seduzituko du eta ezkontzeko eskatuko dio. Bere asmoak, ordea, ez dira zintzoak, ez baitu maitasunak mugitzen, baizik eta etxekoandre-neskame bat hankapean edukitzeko irrikak. Zorionez Pinudiko Azeriak Juliana zintzoki (eta ezkutuan) maite du eta Pinto Oilarraren asmoen berri ematen ahaleginduko da. Lortuko al du, ordea?
Gai zinez interesgarria, testu eta ilustrazio oso erakargarriekin plazaratua, baina, berriz diot, ez espero liburu hau irakurri dutelako haurrek matxismoa arbuiatzea; hori gure lana da. •
Literatura. 'PINTO OILARRAREN EZTEIAK'
Manipulazioen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu