Donostiako 70. Zinemaldia. Perlak. François Ozon. Zinemagilea

«Manipulazioa interesatzen zait»

Aktoregai gazte batekin itsu-itsuan maitemintzen den zinemagile baten istorioa aurkeztu du Ozonek, Fassbidenderren 1972ko film baten egokitzapena. Harenaren aldean begirada «argitsuagoa» duela dio.

JON URBE / @FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Frantziako zinema garaikidearen izen entzutetsuenetako bat da François Ozonena (Paris, 1967). Perlak sailean erakutsi ditu aurrez hainbat lan, eta hara itzuli daDonostiako 70. Zinemaldian ere, Rainer Werner Fassbinderren Die bitteren Tränen der Petra von Kant (1972) filmean oinarrituta ondu duen lan berriarekin: Peter von Kant. Zinemagile arrakastatsu bat du protagonista (Denis Menochet), aktoregai gazte batekin muturreraino maiteminduko dena. Eguzkitakoak kendu gabe eta itzultzaileak bere hitzak gazteleraratu bitartean oliba eta kakahueteak janez aritu da hartaz Ozon, hiru kazetarirekin batera izandako solasaldian.

Bigarrenez jo duzu Fassbinderrengana. Zerk erakartzen zaitu haren unibertsotik?

Beti izan naiz zalea. Duela urte asko egin nuen lehen egokitzapena [Gouttes d'eau sur pierres brûlantes (2000)] bukatu ez zuen film batetik abiatuta izan zen —18 bat urterekin idatzi zuen—. Oraingoan, ideia itxialdian etorri zitzaidan. Denok giltzapetuta geundenean, arduratzen hasi nintzen berriz zinema egin ahalko genuen, aurrerantzean soilik barruko tokietan filmatu ahalko genuen... Orduan etorri zitzaidan Petra Von Kant gogora. Izugarri gustatzen zait film hori, baina egin dudana ez da remake bat, egokitzapen bat baizik. Film handiegia da remake bat egiteko.

Badago esaldi garrantzitsu bat filmean: «Gizon orok hiltzen du maite duena».

Oscar Wilderena da. Uste dut nire begirada ez dela ez Wilderena, ez Fassbiderrena bezalakoa. Maitasunarekiko askoz ikuspegi ilunagoa dute; testuinguruak esplikatzen du. Wilde kartzelan hil zen, homosexuala izateagatik, eta Fassbinder Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan jaio zen justu, familia giro oso konplexu batean, Alemaniak bere iragan nazia ahaztu gura zuen sasoi batean. Ni, berriz 1967koa naiz, garai askoz argitsuago batean jaiotako norbait, eta gauzak, oro har, hala ikusten ditudala uste dut, argiago.

Antzerkiari lotutako izena ere bada Fassbinderrena, eta filmak baditu antzerkiari loturiko ezaugarriak: barruko toki batean gertatzen da ia osorik, aktoreen lana oso esajeratua da…

Bai, beti gustatu zait teatralitatea zinemara eramatea. Baliteke Bertolt Brechten antzerkitik eratortzea hori, pertsonaiekiko distantzia mantentzeko zaletasuna. Baina bizitza bera ere hori da finean: agertoki handi bat. [Alain] Resnaisek esaten zuen: den-denok jokatzen dugu egokitu zaigun rola bizitzan. Teatralitate hori erakusteak beti erakarri nau, baina, kasu honetan, buelta eman nahi nion horri. Peter von Kantek zinemagile handi sublimearen rola jokatzen du, baina une batean dena iraultzen da, eta handia zena jada ez da hain handia.

Denis Menochetek jokatzen du protagonistaren rola. Tratu txarrak ematen zituen gizonarena egin zuen Xavier Legranden Jusqu'à la garde (2017) filmean, zurekin ere aritu zen Grâce à Dieu-n (2018)... Oso bestela ageri da oraingoan: zakar, baina batez ere hauskor.

Hasieran Xavier Dolanengan pentsatu nuen. Gidoia bidali nion, eta izugarri gustatu omen zitzaion, baina berehala esan zidan jai nuela berak egitea nahi banuen. «Mundu guztiak pentsatuko du ni naizela!», zioen. Ohartu nintzen hobeto zela hortik oso urrun zegoen beste norbait hautatzea. Menochet hasieran ez zegoen batere seguru, baina interesgarria izan da, hain justu, bere ogro itxura gizonkoi eta gogor hori eraldatzea, alde sentiberago bat erakusteko aukera ematea. Gidoiaren irakurketa mordo bat egin genituen elkarrekin, eroso sentitzen hasi zen arte. Dolanekin atera izan bazen, oso bestelakoa izango zen pelikula, eta horrek gauza bat erakusten du: aktoreak ere filmen autore direla.

Zinemagile baten gorabeherez ere hitz egiten du lanak. Ideiak berritu, dirua lortu, promozioa egin... horren ezegonkortasunaz. Nola daramazu zuk hori?

Gure egitekoa pelikulak egitea da, bistan da. Hala zen lehen behintzat. Gaur egun, guztiz mediatizatutako gizarte batean bizi gara, eta egiten duzun guztia komunikatzea da orain lehen premia. Filma egiten duzu, eta gero salmenta osteko zerbitzua dator. Promozio guztia —eta Frantzian 40-50 hiri esan nahi du horrek, basakeria bat—, jaialdiak, omenaldiak... une batzuk ederrak izan daitezke, beste batzuk negargarriak, baina ez zaude hemen horretarako. Nik zinema egiten dut aktoreekin egoteko, musika bilatzeko, muntaketa gelan egoteko.

Desira beti izan da zure lanen ardatz inportante bat. Gero eta gehiago jotzen da eszena intimoak filmatzeko bitartekariengana. Nola ikusten duzu?

Abusuak saihesteko balio badu, primeran. Nik ez dut inoiz arazorik izan. Beti hitz egin izan dut oso argi aurretik: «Zure titiak agertuko dira, zure ipurdia agertuko da». Uste dut aktoreak aski argiak direla konturatzeko horrek ekarpen bat egiten diola filmari, ez direla debaldeko eszenak. Aktore lagun batek behin kontatu zidan filmaketara joan, eta esan ziotela: «Orain egin larrutan». Lau hanketan, zutik, aurretik, atzetik... Zer egin orduan? Zabalik uzten baduzu, beti dago botere harreman baterako aukera, eta gauza oso desatseginak gerta daitezke.

Botere harremanez ari dira, hain justu, zure film ugari, tonuz edo generoz mudatzean ere. Hor arakatzea interesatzen zaizu?

Manipulazioan, esango nuke. Zuzendaria bazara, manipulatzaile bat zara; eszenaratze oro da manipulazioa. Espero dudana da nire manipulazioa behintzat ez dadila perbertsoa izan, ludikoa baizik. Manipulazioa izan dadila ikusleari galderak eragiteko bitarteko bat. Baina ez dut ondo esan, apur bat perbertsoa izatea ere gustatzen zait, ikusleekin betiere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.