«Hitzak dira, baina geziak ere izan zitezkeen». Noam Chomsky hizkuntzalari eta pentsalari ezagunaren liburu batean topatutako hari muturrei jarraika ailegatu zen Juan Luis Perez Mitxelena Petti musikaria Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak izeneko dekalogora, eta hasieratik ikusi zuen argi ideia horrekin disko bat egiteko aukera. Chomskyren ikerketak oinarri hartuz osatu zuen zerrenda hori Sylvain Timsitek, eta izugarrizko hedapena izan du sarean. Musikariak Harkaitz Cano idazleari eskatu zion estrategia horietako bakoitzari hitzak sortzeko, eta, besteak beste, rocka, folka, bluesa eta bossa nova uztartzen dituen disko kontzeptual bat osatu du haiekin: Manipulazio estrategiak. Bi urte pasa eman ditu horretan, eta martxoaren 15ean aurkeztuko du zuzenean, Bilboko Guggenheim museoan, Loraldia jaialdian.
«Disko bat baino gehiago, kultur artefaktu bat da hau», azaldu du Pettik, «eta hau aurkezteko ez zegoen Loraldia baino leku hoberik». Izan ere, geruzaz geruza joan da proiektua osatuz eta forma hartuz: Chomskyren gogoetak oinarrian, Timsiten dekalogoa haren gainean, Canok estrategia bakoitzari sortutako poemak gero, eta, azkenik, Pettiren musika, guztiaren gailurrean. Eta, horregatik, musikariak zehaztapena egin du: «Ez ditut estrategia horiek kantatzen, baizik eta estrategia horiei Canok egin dizkien hitzak. Poesia bihurtu ditu hitz horiek».
Hitz bakoitzari jarri beharreko musika hautatzea izan da sorkuntza prozesuko zatirik «konplexuena», musikariaren ustez. «Badira hitz asko umore aldetik hartzen ahal direnak, edo hartzen ahal direnak bertze alde batetik ere, eta gehien kostatu zaidana izan da aukeratzea bakoitzaren doinuak nondik nora joan behar zuen». Canok lortutako poetikotasuna laudatu du musikariak, baita hitzei eman dien ironia puntua ere. Zehaztu duenez, gainera, hitzak bere euskalkira gerturatzen saiatu da idazlea, Nafarroa iparraldeko hitzak txertatuz.
Etxeko Uzta taldekoak izan ditu alboan grabazioan, zuzenekoetan ohiko kolaboratzaile izan ohi dituen kideak, eta, besteak beste, Juantxo Zeberio piano jotzaileak eta Et Incarnatus orkestrako hari laukoteak ere lagundu dute. Eta izan ditu gonbidatu gehiago ere. Angel Unzuk hainbat moldaketa egin ditu; Toño Muro Balerdi Balerdi taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak ere hartu du parte beste abesti batean; eta Gorka Benitez saxofoi jotzailea, Raul Gartzia zerra musikal jotzailea eta Maite Larburu musikaria ere badaude diskoan.
Ahotsa, lehen lerroan
Diskoak hiru kantu elektriko ditu, baina nagusiki akustikoa da lana, Pettiren hitzetan, eta ahotsa lehen lerroan mantentzea izan da asmoa hasieratik. «Ongi ulertzeko kantatzen diren hitz guztiak». Berako Atala estudioan grabatu ditu abesti elektrikoak Iñigo Irazoki teknikariarekin batera, musikari guztiak elkarrekin arituta, eta Tolosako Bonberenea estudioan grabatu ditu gainerako guztiak. Karlos Osinaga izan da teknikaria kasu horretan, eta berak egin ditu nahasketa eta masterizazio lanak ere: «Abesti elektrikoetan eta akustikoetan ahotsa orekatuta gelditzea nahi genuen», azaldu du musikariak.
Hamar abesti sortu ditu guztira, baina hamaika pista ditu diskoak, kantu horietako bat bi bertsiotan utzi baitute: akustikoan lehenik, eta elektrikoan gero.
Canoren lana ere goretsi du. Pettik gogoratu duenez, idazleak eta berak Bilbon egin zituzten lehen kolaborazioak, eta Loraldia jaialdian elkarrekin aritutakoak ere badira. Geroztik, musikariak maiz jo du harengana abestientzako hitz eske edo ingelesezko abestien itzulpen bila. «Makina bat da itzulpenak egiten ere». Eta, Pettiren hitzetan, ez soilik ongi itzultzen dituelako, baizik eta jatorrizko melodiarekin abestu ahal izateko zehatz moldatzen dituelako. Eta horregatik guztiagatik izan zuen buruan haren izena Chomskyren gogoetetan oinarritutako manipulazio mediatikorako hamar estrategiak moldatzeko ere.
Zart kolektiboak argitaratuko du diskoa, eta Alain Urrutia artistak egin du azaleko irudia. Zuria da haren atzealdea, eta, haren gainean, pixkanaka gorri garbi batetik granate ilun baterantz doan lerro fineko irudi geometriko abstraktu bat jarri du sortzaileak. Urrutia zuri-beltzean aritu ohi da lanean bere lan artistikoetan, baina Pettiri diskoko musika zer kolorerekin lotzen zuen galdetu ostean hautatu zuen gorria. Bilboko saioan egongo da lana erosteko aukera, bai eta Zart kolektiboaren webgunean ere.
Cano ezingo da egon Loraldiko emanaldian. Haren ordez, Ana Galarragak irakurriko ditutestuak, eta Etxeko Uzta taldekoek Zeberio eta Et Incarnatus laukotea izango dituzte ondoan oholtzan. Bilboko emanaldian ez ezik Iruñean eta Donostian ere izango direla iragarri du Pettik, baina kasuan-kasuan taldearen formatua moldatu beharko dutela azaldu du. Beraz, Loraldikoa izango da, oraingoz behintzat, talde osoa ikusteko aukera bakarra. Amaia Ozerin jaialdiko komunikazio arduraduna pozik azaldu da proposamena estreinatzeko aukeragatik. «Ohore bat da festibalarentzat».
Manipulazio abestiak
Pettik Noam Chomsky pentsalariaren gogoetak oinarri hartuz disko bat osatu du Harkaitz Canorekin batera, eta Loraldia jaialdian aurkeztuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu