Manikiak geldirik egon ezinik

'Datorren urtean hobeto' antzezlana estreinatuko dute gaur Txalo Produkzioek Donostian

Iraitz Lizarraga, Ainhoa Garai eta Itziar Urretabizkaia ariko dira aktore lanetan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Urnieta
2015eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Bati baino gehiagori atentzioa eman diote maniki itxurako hiru emakume ageri diren kartelek. Inork ez omen ditu ezagutzen Ainhoa Garai (Arrasate, Gipuzkoa, 1983), Itziar Urretabizkaia (Donostia, 1979) eta Iraitz Lizarraga (Zizurkil, Gipuzkoa, 1979) aktoreak. «Lifting-a egin digute eta...», dio Urretabizkaiak. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, Txalo produkzioek ekoitzi dute Datorren urtean hobeto antzezlana. Joan den ostiralean egin zuten jendaurreko entsegua, Urnietan (Gipuzkoa), eta Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira gaurtik larunbatera bitartean. «Obra arina eta erraz ikustekoa» dela diote aktoreek.

30 urte inguru dituzten emakumeen desesperazioa islatzen du komediak. «Lanik edo bikotekiderik ez dutelako, haurrak izateko garaia delako... Gaia 30 urteko krisia dela esan daiteke», azaldu du Garaik. Lizarragak uste du adin tarte zabalago bati zuzendutako obra dela, dena den. «Edonork ikus dezake. Zaharragoak direnak pasatuak dira hortik, eta 20 urte dituztenei ere iritsi egingo zaie garai hori». Urretabizkaiaren arabera, gehiegi ez pentsatzeko obra da: «Deskonektatzeko, ondo pasatzeko, barre batzuk egiteko...».

«Bizitasun handiko antzezlana da», Martin Agirre produkzio arduradunaren arabera. Aktoreak berehala igarotzen dira pertsonaia bat izatetik beste bat antzeztera. Rol bat baino gehiago esku artean, abestera eta dantzatzera ere animatu dira. «Tokatzen denean, denetarik egin behar da» dio Urretabizkaiak. «Lotsa gutxi daukagu», gaineratu du Lizarragak.

Herrialde Katalanetan izandako arrakasta dela-eta, Marta Buchaca, Carol Lopez, Merce Sarrias eta Victoria Szpunberg egileen El año que viene será mejor obra euskarara ekartzea otu zitzaion Bilbaori. Martin Agirrek egin du itzulpena, eta denek azaldu dute lehenengo aldiz irakurrita obrak «oso konplikatua» dirudiela. Behin tente jarrita, ordea, hariak lotu dituzte, eta itxura hartuz joan da pixkanaka. Zuzendariak aurretik ezagutzen zituen hiru aktoreak, eta azaldu du «oso erraza» izan dela haiekin lan egitea.

Garaik Goenkale-n ezagutu zuen Urretabizkaia, eta Pottola obran Lizarraga. Azken biek, aldiz, ez zuten elkar ezagutzen. Dena den, berehala moldatu dira talde lanera. Txikitatik daude hirurak antzerki munduan sartuta, eta, bakoitzak ibilbide propioa egin duen arren, ondo ulertzen dute elkar. Txalok kontratatu ditu lanerako, eta ez zuten zalantzarik izan baldintzak onartzerakoan. Lanbide honetan sarritan gertatzen ez den bezala, entsegu eta emanaldiak ordaindu egiten dizkiete. «Hau opari bat da guretzat. Prozesu batean, denok ditugu gure gorabeherak, baina azkenean pentsatzen dut: 'Zortea dut aukera hau izan dudalako'. Ez baitakizu noiz tokatuko zaizun berriz halakorik».

Unean unekoa

Esperientziak erakutsi die antzerkitik bizitzea ez dela erraza; mundu oso ezegonkorra dela. Aktore lanaz gain, beste zerbait egitea ezinbestekoa dela diote hirurek. «Panorama dagoen bezala egonda, behar duzu beste zerbait. Honetatik bizitzea zaila da oso. Denboraldi batez lanez lepo egon zaitezke, hamabost gauza egiten aldi berean, eta gero ez da inor zurekin gogoratzen», dio Garaik.

Jende askok hala badio ere, ez dute uste aktoreek Madrilen Euskal Herrian baino aukera gehiago dutenik. Duela gutxira arte, han izan da Urretabizkaia, eta ez dio antzezteari utzi. «Han gauza txiki asko egiten dira. Zirkuitu handia dago, baina egoera ez dago oso profesionalizatua. Jendea elkartzen da, proiektu bat prestatu, eta egin egiten dute. Irabaziak leihatilan jasotakoaren araberakoak izaten dira, eta, gehienetan, ez da irabazirik izaten. Altruista da erabat».

Antzerki munduaren konplexutasunaz jakitun diren arren, behin hasi eta ezin gelditu dute lelo. «Eta hala izan dadila, ahal bada behintzat», azaldu du Garaik. Entsegu bat bukatu orduko, bestea hasteko prest jarri dira. Lanera gustura etortzen omen dira; baita abuztuan ere. Hilabete daramate Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean Datorren urtean hobeto obra entseatzen.

Momentuz, gaur, bihar eta larunbatean emanaldi bana egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean. Udan «dena itxita» egoten dela-eta, espero dute udazkenetik aurrera ikuskizun gehiago egiteko aukera izango dutela. Dena den, zuzendariaren arabera, «beti zalantzan» dabiltza.

«Gu ikustera joan edo ez dabilenari zer esango niokeen? Joateko», dio irribarretsu Garaik. Urretabizkaiaren iritziz, ez dago plan hoberik Donostiako Aste Nagusirako. Hiruren artean, abuztuaren 13tik 15era bitarterako antolatu dute edonorentzako arratsalde-pasa. Lizarragaren arabera, «20:00etan da emanaldia, eta 21:30erako kanpoan zaude. Gero, izozki bat jan dezakezu suei begira zaudela. Gainera, trenak dituzu orduero etxera itzultzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.