Orain dela 55 urte, 1966ko apirilaren 28an, osteguna, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Gaur taldearen lehendabiziko erakusketaren irekiera eginzen Barandiaran galerian, Donostiako Bengoetxea kaleko 4. zenbakian.
Erakusketaren katalogoak, artelanen xehetasunen berri ematen hasi aurretik, manifestu bat zekarren gaztelaniaz: «Une honetan bertan sortu gara ezinbestez Euskal Artistak definitzen dituen lau taldeok: Gaur Gipuzkoan, Emen Bizkaian, Orain Araban, Danok Nafarroan». Euskal Eskola eratzera zetozela adierazi zuten. «Kultur fronte batean elkartuta gaude, euskal artista berrien lantaldean (...), bat egiten dugu babes izpirituala eta ekonomikoa emateko gure herriaren alde».
Bidenabar, artistei informazioa, ikerketa aukera eta prestakuntza profesionala emateko institutu aurreratuen eta burujabeen eskakizun bat egin zuten, irakaskuntzako maila guztietan heziketa estetikoaren transmisioa egiteko, tradizio artistikoa suspertzeko eta munduko arte berrien korronteekin biziberritzeko. «Erakusketa hau Bilbora, Gasteizera eta Iruñera igaroko da ondoren, erabakiak eztabaidatu eta bete ditzagun».
Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Amable Arias, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga, Rafael Ruiz Balerdi eta Jose Luis Zumeta margolarien eta eskultoreen artean osatutako talde gisa aurkeztu zen Gaur. Oteizak 57 urte zituen garai hartan, Txillidak eta Basterretxeak, 42; gazteenak Balerdi eta Zumeta ziren, 32 zituen Balerdik eta 27 Zumetak.
Zeruko Argia astekariak, maiatzaren 8ko alean, azala eskaini zien katalogoari eta artisten taldeari. Eta manifestua argitaratu zuen euskarara itzulita.
Maiatz osoan zabalik izan zen erakusketa. Artistek hiruna obra aurkeztu zituzten, eta Txillidak, bi; 23 artelan denera, beraz. Haien guztien berri ematen zuen Javier Usabiagak diseinatutako katalogoak, egile bakoitzaren obretako baten argazkiarekin ilustraturik.
Musika entzunaldiak ere iragarri zituzten erakusketa gelan, maiatzaren 14 eta 21 bitarteko arratsaldeetarako. Prokofiev, Stravinski, Bartok, Schoenberg, Berg, Webern, Messiaen, Boulez, Stockhausen, Varese eta Schaeffer. Parisen erositako diskoak eta Radio Francetik egindako grabazioak eskaini zituen Sistiagak.
Mugimendu bizi eta garrantzitsu baten hastapena izan zen momentu hura, berehala oihartzuna eduki zuena Euskal Herri osoan, eta gero, ibilian eta jardunean, eraginak eta ondorioak ekarri zituena kulturgintzako arlo askotan: musikan, literaturan, antzerkian, dantzan, zineman.
Gaur taldea. Artea eta eraikuntza kolektiboa liburua idatzi du Juan Pablo Huercanosek, Oteiza museoko zuzendariordeak; eta gehigarri gisa, katalogo eta manifestu haren faksimilea eginarazi du berriro, Oteiza Fundazioaren eta Kutxa Fundazioaren babespean argitaratzeko. Gaztelania eta euskarazko edizio elebidunean, Huercanosek kapitulu laburretan aletu ditu Gaur taldearen ahaleginak, jarduerak eta asmoak, beti datu argigarriz beterik eta irudi ugariz lagundurik: argazkiak, liburu eta disko azalak, afixak, gonbidapen txartelak eta abar.
Erakusketako argazkiak
Irekiera hartan argazkiak egiten aritu ziren Arturo Delgado eta Paco Mari. Orain Huercanosek bere liburura ekarri ditu testigantza grafikoak: Delgadorenak 38, eta Marirenak 12. Argazki askotan Xabier Lete eta Joxan Artze ageri dira, Jorge Oteizaren sarrera hitzaldiari adi; baita Carlos Sanz eta Carlos Añibarro pintoreak ere, Ricardo Ugarte eskultorea, Barandiaran galeriako zuzendari Julio Campal poeta, Santiago Aizarna kazetaria, Jose Acosta idazlea, Milagros eta Maria Teresa Ramos liburu saltzaileak, Pilar Beltzuntze, Amaia Hernandorena, eta Dionisio Barandiaran etxegintzako enpresari ataundarra, Gaur taldearen babeslea.
Aurrekari batzuk gogoratzen eta datatzen ditu Huercanosek. Oteizak Sao Pauloko Bienaleko saria jaso zuen 1957an; Txillidak, Veneziako Bienalekoa 1958an; Quousque Tandem...! liburua argitaratu zen 1963an; Sistiagak eta Esther Ferrerrek Euskal Artisten Misio Esperimentalaren (MEAV) asmoa proiektatu zuten Elorrion, 1964an; eta 1965ean Dionisio Barandiaranek Zarauzko Euromar Hotela utzi zion Amable Ariasi, Adierazpen Libreko Lantegiko ikasleen margoen erakusketa egiteko. Horretatik abiatu zen, segidan, Barandiaran galeriaren sorrera Donostian, eta ondoren 1966ko apirileko manifestua eta erakusketa.
Gaur taldea ez ezik, Ez Dok Amairu taldea ere hurbildu zen Barandiaran galeriara. «Gauza berrien bila ari zen jende interesgarria biltzen zen han», kontatu dio Jose Angel Irigarai idazleak Huercanosi. Gaur taldeko artista batzuek Leteren, Iriondoren, Laboaren, Lertxundiren, Valverderen, Oskarbiren liburuen eta diskoen azalen diseinuak egiten parte hartu zuten, eta horien irudi koloretsuak erreproduzituta daude liburuan.
Kultur antolaketarako eta artearen praktikarako eredu alternatibo bat aldarrikatu zuten Gaur taldeko kideek, funtzionamendu modu eta pedagogia berriak arakatu zituzten, sortzaileei lan kolektiborako deia egin zieten, artearen duintasuna eta eraldaketa gaitasuna erakutsi zituzten. Modernitatearen formak iritsi ziren kulturgintzara.
Manifestuaren garrantzia gaur
Juan Pablo Huercanosen 'Gaur taldea. Artea eta eraikuntza kolektiboa' liburua argitaratu du Oteiza museoak. 1966an egindako erakusketaren katalogoaren faksimilea ere badakar gehigarri gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu