MUSIKA. A cappella

Manifestu polirritmifonikoa

Xabi Strubell.
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Polirritmia eta polifonia egungo musikaren bi aurpegiak dira. Polirritmia Afrikatik datorkigu, eta polifonia Europako musikak berez eduki duen bilakaeraren emaitza da. Polirritmiak erritmo asko esan nahi du, eta Afrikan musika ulertzeko eta komunitate sentimendua lantzeko duten modutik dator. Bakoitzak instrumentu eta erritmo kateatze jakin bat jotzen du, eta denon artean sortzen den dimentsio askoko erritmo konbinazioa da polirritmia.

Europan, harmoniaren berezko bilakaerak Schonberg-ek zehaztutako formularaino eraman zuen: dodekafonia. Horrek ekarri du, harmonia klasikoaren arloan, puntu gorena polifonia aldetik. Eta polifonia horretan, «ahots asko» eta maila harmoniko asko uztartu diren neurrian -baina, noski, teknologiaren garapenak ekarri dituen aurrerakuntzen eskutik-, azkenerako soinua bera da, bere osotasunean eta harmoniaz harago, musikaren lehengaia bihurtu dena.

Bi elementu hauek bat eginda polirritmifonia sortzen da, beraz. Eta zer da polirritmifonia? Bada, egungo musika, funtsean. Teknologia iraultza dela medio, entzuten dugun edozein musikak du bi ardatz horien kutsadura.

Ordenagailu bidez landutako erritmo elementuek aukera eskaintzen dute sorkuntza polirritmifonikoak egiteko, izan ere, orkestra gizona jaio da ordenagailuen bidezko musikarekin, eta pertsona bakar batek sekulako instrumentazio konplexuak sor ditzake. Berdin polifoniarekin: egun joera dago harmoniaren mugak puskatzeko, soinua oro har musikarako lehengai ulertuta. Hortik abiatuta, paisaia sonoroak sortzeko joera berria, adibidez. Hortik datoz soinu artistak, edo artista sonoroak: soinua bera arte lehengai bihurtu dutenak.

Mugarik gabeko musika berri honek baditu milaka aurpegi. Errazena gaur egun ordenagailua, argazki kamera, bideokamera edo beste edozein teknologia gailu hartu eta artea egitea da, ez baita zaila baleko emaitzak lortzea. Baina zaila da maila teorikoan gauza horiek kokatu eta ulertzea, eta gure lan artistikoa benetako funts kontzeptual eta esperimentalen bidetik abiatzea, egiazko ekarpenak eginez artearen historiari eta euskal arteari.

Artista, margolari, musikari edo zinemagile gisa, euskal sortzaileoi dagokigu agian pixka bat ahaztua egon den dimentsio teorikoa ezagutzea: artearen historia, gure garapen historikoa eta haren ezaugarriak, gure eredu tradizionalak eta mundu mailako beste bilakabideak.

Bestela, egiten duguna ez da artea eta ez deus, bakarrik 0ak eta 1ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.