Zehazten ez zaigun hondamendi baten ostean, Japoniak, munduko gainerako herrialdeek bezala, mugak itxi eta herritarrak behin betiko berrogeialdi egoeran jartzen ditu Yoko Tawadaren (Tokio, Japonia, 1960) Kentoshi (Mandataria, 2014) nobelan. Lurra kutsatuta dago, eta barazki freskoak urriak dira; pozoi kontzentrazio handia dela eta, arraina janezina da, eta esnea edanezina. Armiarmak eta beleak salbu, gainerako animalia basatiak desagertu egin dira. «Zenbat urte ziren animaliak, alokairuan zeuden txakurrak eta katuak izan ezik, desagertu izanak kezkatzen ez ninduela?», galdetzen dio bere buruari Yoshirok, nobelako pertsonaietako batek. Zahartu ahala, gizonek menopausia sintomak agertzen dituzte, eta pertsona ororen sexua gutxienez bizitzan behin aldatzen da. Mutazioak ohiko bihurtu dira, «nahiz eta mutazio hitza apenas erabiltzen den, popularragoa den ingurumen egokitzapena hitzarekin ordezkatua izan baita». Izan ere, hizkuntza bera ez dago hondamendi ekologikoaren ondorioetatik salbu. Hitzen bizitza laburtu egin da, berehala zahartzen edo zentsuratzen direlako, eta japoniarrak ez diren hitzak eta hizkuntzak erabiltzea debekaturik dago. Animaliak eta gizakiak bezala, hizkuntza ere desagertzeko zorian dago.
Bitxiena, ordea, adineko jendearen gorputzek garatu dituzten erresistentzia mekanismoak dira: adinean gora egin ahala, zoliagoak eta indartsuagoak dira pertsona horiek. Ehun urtetik gorakoa denez orain bizi esperantza, populazioa abiada handian zahartuz doa. Okinawako herri batek 55 urtetik beherakoei bertan bizitzea debekatu die populazioaren igoera kontrolatu ahal izateko; gazteek, etxebizitzen eskasiagatik etsita, ilea urdindu eta azala zimurtu egiten dute, pertsona nagusiago baten itxura emateko.
Helduen bizi itxaropena eta indar fisikoa handituz joan diren neurrian, umeenak murriztuz joan dira. Yoshiroren moduko agureei garesti atera zaie osasun paregabeaz gozatzea: bilobak (Yoshiroren kasuan, birbiloba, Mumei) hiltzen ikustea «zama ikaragarria» bihurtu zaie. 107 urte dituen Yoshiro errudun sentitzen den bitartean, bere 7 urteko birbiloba, Mumei —japonieraz Izenik gabe— atseginagoa eta toleranteagoa da bere gorputza deseginez doan heinean. Hortzak erortzen hasten zaizkionean, ikarak harrapaturiko Yoshirori esaten dio ez kezkatzeko, «txolarreak ezin hobeto moldatzen [direla] hortzik gabe». Akaso irakurleari, Yoshirori bezala, ulertezina egingo zaio Mumeiren zoriontasuna, eta nobelak zergatia aztertzera bultzatzen gaitu: zerk egin gaitu hain mesfidati, hain miserable bata bestearekiko?
Kenzaburo Oeri (Ose, Japonia, 1935) Nobel saria irabazten lagundu zion Kojinteki na taiken (1964, Kontu pertsonal bat) nobelan, gizon gazte batek abandonatu egiten du arazo fisiko larriak dituen ume jaioberria. Tawadaren nobelan, berriz, ume hori berau zoriontsu hazten da, bere arazo fisikoek okerrera egin arren. Mumeik buru handiegia du bere lepo txikirako, eta hankak barrurantz okertuta dauzka belaunetatik behera. Jaki gutxi batzuk irents ditzake, eta maiz zorabiatu egiten da, trantze modukoetan eroriz.
Yoshirok ahal duen guztia egiten du bere birbilobaren egoera arintzeko. Kuxinez beteriko orgatila batean eramaten du toki batetik bestera, eta Japonia zaharrari buruzko istorioak kontatzen dizkio, jendeak egunkariak irakurri eta atzerrira bidaiak egiten zituenekoak. Yoshirok Mumeiri azaltzen dionez, ez ziren beti bakartuta bizi izan, baina hondamendiak dena aldatu zuen. «Herrialde orok arazo larriak zituen; beraz, arazo horiek mundu osora zabaltzea eragozteko, bakoitzak bere arazoak konpontzea erabaki zuten».
Elkarlanerako deia
Japoniari buruzko erretratu iluna eskaintzen du Kentoshi nobelak; distopiatzat har zitekeen, soilik nobelan agertzen diren kontuetako batzuk jadanik antzeman daitezkeela gizartean (zentzu horretan, heterotopiatik gehiago dauka lanak). Populazioaren zahartzea fenomeno arras erreala da —2060rako 65 urtetik gorakoa izango da biztanleen %60—, eta 2014tik, Kentoshi argitaratu zen urtetik, AEBetan, Frantzian, Erresuma Batuan, Indian eta beste hainbat herrialdetan hedatzen hasia zen eskumako populismoaren eragina antzeman daiteke Japoniako lehen ministro Shinzo Abek bultzaturiko neurrietako batzuetan. Erabat isolazionista izan gabe, Abek esku hartze militarrekiko azalduriko jarrera irekiak —Bigarren Mundu Gerraz geroztik erabat baztertua zen ikuspegia— argi utzi du, behar izanez gero, Japoniak indarrez babestuko dituela bere interesak etsaitasunezkoa iruditzen zaion mundu-ordenaren barruan.
Yoshiroren eta Mumeiren arteko harremanak bestelako ikuspegia ematen du giza harremanek, susmoak eta botere gosea alde batera utzi eta ahalegin guztiak lankidetzara zuzenduz gero, sor ditzaketen munduez. Kentoshi-k izenburutik bertatik heltzen dio lankidetzarako deiari, antzina Japonian giltzarri izan zen irudiari helduta: kentoshi-ak Txinara bidalitako mandatariak ziren, eta bi lurraldeen artean diplomazia lanak egitea zegokien.
Kentoshi deitzen da, halaber, nobelan zenbait adinekok, haien artean Yoshirok, bultzaturiko proiektu sekretua, zeinaren helburua den Japoniako umerik azkarrenak atzerrira bidaltzea, beste herrialdeetako zientzialariekin harremanetan jar daitezen, hondamendiak eragindako kalteei konponbide bat bilatzeko. Globala den arazoarentzat erantzun globala bilatzea da helburua.
Literatura
Mandatarien bila
Behin betiko berrogeialdian daude Japoniako —eta mundu osoko— biztanleak Yoko Tawada idazlearen 'Kentoshi' eleberrian. Auzi globalari lankidetzan erantzuteko ideian egiten du indar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu