Aurreko urteetan kaleratu duen Espektroak trilogiari erantsitako gehigarri gisa, Mitxelko Urangak (Berango, Bizkaia, 1978) Euskomunitatea. Manifestu euskaltzalea saiakera argitaratu du, «trilogiako liburuetako hutsune eta akatsak konpontzeko» eta «trilogiari berari osotasuna emateko», egileak azaldu duenez. «Trilogian adierazi nuen euskaldunaren mamua gorpuztu beharra dagoela, baina ez nuen esaten zelan, edo zer zen mamu hori gorpuztea. Euskomunitatea baliatu dut gorpuzte horren berri emateko, euskaltzale baten ikuspegitik». Trilogiakohiru liburuak —Utriusque Vasconiaek argitaratuak— honako hauek dira: Espektroak. Euskal 'terroristak'; Espektroak. Gutuna euskalduntasunari buruz; eta Espektroak. Euskaldunak Europan.
«Sigmund Freudek, Erich Frommek eta beste askok hitz egin dute mamuaz», azaldu du Urangak. «Edozein gizakiren errealitateak dituen hutsuneak osatzea da fantasiaren betebeharra. Euskaltzaleok daukagu hutsune bat, eta gure errealitateak daukan hutsune hori betetzeko mamua behar dugu. Euskaldunaren mamuari oroimen kolektiboa deitzen diote batzuek, eta beste terminologia batzuk ere erabiltzen dira. Baina bada hari bat, edo ildo bat, mantentzen dena tinko euskaldunak agertu zirenetik gaurdaino, eta hori da berreskuratu behar duguna etorkizunean berriro benetako euskal komunitate bat ikusteko».
Liburuaren sarreraren ondoren paratu duen Manifestu euskaltzalea-n, euskaltzalea izatea, bere ikuspegian, zer den azaltzen du liburuaren egileak. «Etimologikoki euskal kultur zalea da euskaltzalea, baina niri hankamotz gelditzen zait hori. Uste dut euskaltzaleak baduela beste matiz bat; gehiago da». Euskaltzaletasunean, zaletasunaz gain praxia ere badagoelakoan dago, «hau da, militantzia puntu bat». Euskaltzalea, horrenbestez, «euskara eta euskal kultura maitatzeaz gain, praktikatzen duena da, hau da, euskaraz bizi dena».
«Euskal kultura hilik dago, euskalduna hilik dago, baina nik nahi dut etorkizunean izan dadin euskal komunitate bat», dio Urangak, euskaltzale gisa duen ikuspegia azaltzeko. «Zer da euskal komunitate bat? Euskaldun batzuk, zeintzuek ez duten hausnartu behar zer den euskaldun izatea, berez badirelako euskaldunak. Hori da guk gaur egun daukagun arazoa. Zer da euskaldun izatea? Lurraldetasuna? Historia? Nafarroa? Sekulako arazoa daukagu».
«Euskaltzalearen fantasia euskaldun naturalek osatutako komunitate bat da», Urangak euskomunitatea deitzen duena. Hori gauzatuko bada, «euskarak eta euskal kulturak izan behar dute, nahitaez, ardatz».
Homogeneizazioari aurre
Hedabide nagusietan euskal kulturaren aldeko aldarrikapena ikuspegi erreakzionario eta atzerakoiekin uztartuta agertzen bada ere, aldarrikapen hori justu «kontrakoa» dela uste du Urangak, aurrerakoia eta eraldatzailea. «Euskal kultura aldarrikatzea, euskal komunitate bat osatzeko oinarri izateaz gainera,inposatu nahi zaigun Mendebaldeko kultura kapitalistiko bati aurre egiteko modu bat ere bada; kultura globalizatzaile eta homogeneizatzaileari aurre egiteko beste bitarteko bat».
Mendebaldeko kulturaren «eufemismoak» ez dira Urangaren gustukoak: «Demokrazia, tolerantzia, adostasuna… Azken batean, demokrazia endogamikoa da, demokrata omen direnek demokratak baino ez dituzten onartzen, beren jokoaren arauak onartzen dituztenak, eta beste guztiak kriminalak, terroristak eta abar dira beren ikuspegian».
Demokraziaren kontzeptuarekin lotua dago tolerantziarena. «Demokratak toleranteak dira beti ere beren unibertso hori kolokan jartzen ez den bitartean», dio Urangak. «Adostasunarekin ere gauza bera gertatzen da: adostasunarekin bakea nahi dela aldarrikatzen da, baina azkenean lortzen dutena da liskarren baliogabetzea».
Mamua nola gorpuztu
Mitxelko Urangak 'Euskomunitatea' saiakera argitaratu du, 'Espektroak' trilogiaren gehigarri gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu