'Mami Lebrun' antzezlanak irabazi du XVIII. Donostia antzerki saria

Xake Produkzioak konpainiaren lehen obra da, eta heriotza du gai nagusi. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian taularatuko dute

Xabier Ormazabal antzezlaneko zuzendari laguntzailea, Kepa Errasti aktore eta gidoilaria, Getari Etxegarai zuzendaria, eta Ainara Ortega aktore eta abeslaria, atzo, saria jakinarazi berritan, Donostian. MAIALEN ANDRES / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Konpainia sortu berri baten lehen lanak irabazi du XVIII. Donostiako antzerki saria. Xake Produkzioak taldearen Mami Lebrun antzezlana saritu du epaimahaiak, konpainia profesional batek Donostian iaz erakutsitako euskarazko helduentzako obrarik onena izan zela iritzita. Antzezlanak, «bere soiltasunean, zailtasunak eta arriskuak» hartzen dituela goraipatu du epaimahaiak. Sari gisa, 12.000 euro eta Chari Goienetxeren Ilargia izeneko artelana jasoko ditu konpainiak. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo dute sari banaketa ekitaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta ostean, obra bertan taularatuko dute.

Heriotza, iragana eta memoria ditu hizpide antzezlanak. Egoitzek eta Mirenek amona hil berriari omenaldia prestatuko diote. Etxeko ganbaran topatutako egunerokoen bidez, amonak gaztetan Parisko kabaret batean kantatzen zuela jakingo dute, eta hori hartuko dute oinarri ekitaldirako. Hala, II. Mundu Gerrako Parisko giroa erakusten du lanak.

Getari Etxegaraik zuzendu du obra, eta Kepa Errastik idatzi du gidoia, aktore lana egiteaz gain. Harekin batera igotzen dira oholtzara Ane Pikaza eta Ainara Ortega ere. Zuzendari laguntzaile, berriz, Xabier Ormazabal aritu da.

Epaimahaiaren hitzetan, «sorkuntza handiko lana izateaz gain, energia handikoa da, eta ikuslea hunkitzea lortzen du». Haren iritzian, antzezlanak «naturaltasunez» lantzen du heriotzaren gaia, «oso era egokian». Halaber, musika, dantza, umorea eta hurbiltasuna uztartzen asmatu izana ere txalotu dizkio epaimahaiak. Euskararen erabilerari dagokionez, «lan biribila» dela nabarmendu du, pertsonaiak euskalkien bidez bereizteko eginiko jolasaren harira. Ildo beretik, aktoreen «zirrara sortzeko gaitasun handia» goraipatu, eta antzezten ez ezik dantzan eta kantuan ere trebetasunez aritzen direla nabarmendu du.

Oihana Maritorena, Klara Badiola, Frank Suarez, Silvia Manzana, Jaime Valverde, Karlos del Olmo, Maddalen Mendizabala eta Jon Sarriegi izan dira epaimahaiko kide aurten.

Euskarazko eszena sustatu

Euskarazko antzerkiari bultzada emateko asmoz, 2001. urtean hasi ziren Donostia antzerki saria banatzen. Egun, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak ematen dute, aurreko urteko lan onena saritzeko. Orotara, hemeretzi antzezlan eta 33 emanaldi izan ziren iaz Donostian, eta 8.000 ikusletik gora bildu ziren haietan. Obra horietatik hamabostek betetzen zituzten sarian parte hartzeko baldintzak. Tartean ziren, besteak beste, Soka (Ttanttaka), Jainko basatia (Txalo), Miss Karaoke (Metrokoadroka eta Pez Limbo), Ez dok hiru (Tartean Teatroa) eta Hozkailua (Huts Teatroa) antzezlanak.

Sariaren parte bat, 10.000 euro, martxoaren 27an jasoko du taldeak, eta gainerako dirua jasotzeko, berriz, 2020. urtea bukatu aurretik euskarazko lan berri bat eman beharko dute Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.