Maletak, piztiak eta sorginak

Kepa Junkerak 'Maletak' izeneko lana argitaratu du, eta Sorginak taldea lagun izan du bigarrenez. Abesti guztiak etxean grabatu ditu, «inguruan» zituen instrumentuekin

Sorginak taldeak lagunduta ondu du Kepa Junkerak disko berria. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Ez dira bidaia maleta arruntak, musika instrumentuak gordetzeko maletak baizik». Kepa Junkera trikitilariak gorazarre egin diemusika instrumentuak gordetzeko erabiltzen diren zorroei lan berrian. Haren esanetan, musikariei hainbat instrumentu izatea gustatzen zaie, instrumentu bakoitzak bere istorioa duelako. «Herri musikan, instrumentuak eskutik eskura pasatzen dira, eta nik, trikiti zahar bat lortzen dudanean, bere maletarekin egon dadin nahi dut. Gero, baina, maleta horiek baztertu egiten ditugu. Niri, maletek grina berezia sortu izan didate beti bisualki, eta gorde egin izan ditut denak».

Bisuala da diskoaren diseinua bera ere. Diskoaren azalean Junkera bera agertzen da, eta aldamenean beste lau lagun ditu. Halere, buruaren ordez maleta bat dauka sorbalda gainean, eta aldameneko lau lagun horiek animalien aurpegiak dituzte. Hartza, katamotza, hontza eta otsoa. «Maletak animaliekin lotzea bururatu zitzaidan. Horrela, buruaren ordez maleta bat duen zoro batean arreta jarri beharrean, animalietan jarriko du arreta jendeak». Mundu surrealista irudikatu nahi izan du: «Azalpen zuzenik ez du: iruditeria joko bat da, sormenezkoa, bisuala, eta argazki muntaketa itzelak egin ditugu».

Abesti guztiak Junkerak berak konposatu ditu, eta etxean grabatu, «inguruan» zituen instrumentuekin. «Trikitixaren istorio txiki bat izeneko aurreko lanak trikitiaren 150 urteko historia kontatzen zuen. Eta lan hari bigarren zatia eman diot. Lan harekin, modu horretan grabatzen ikasi ahal izan nuen, etxean, eta horrek soinu desberdinak ikustea ahalbidetu dit, estudioarekin alderatuta». Horrela, bada, aurreko diskoan bezala, oraingoan ere Sorginak taldeko neskak izan ditu bidaide. «Jende gaztea dira, talentu handikoa. Sorginak bizirik dagoen proiektu bat da, eta proiektu pedagogikoa eta formatiboa ere bada. Hori oso polita da. Musikari profesionalak hartu beharrean, haiekin hazi nahi izan dut. Nik haiei gauzak irakatsi, eta haiek niri. Esponjak dira. Eta oso gustuko dute panderoa eta trikitia jotzea, abestea eta dantzatzea». Eneritz Aulestia Sorginak taldeko kideak borobildu ditu Junkeraren hitzak: «Guretzat plazera izan zen aurreko diskoan parte hartzea, eta, nola ez, baita disko honetan ere. Guk beti jo izan dugu trikitia eta panderoa; gure zaletasuna da. Keparekin ikasketa bide bat egiten ari gara, eta ilusio handiz hartzen dugu».

Sorginak taldeaz gain, jende mordoa aritu da Junkerarekin batera, bai musikak borobiltzeko eta bai hitzak egiteko. «Sostengu musikala behar izan dut. Disko honetan musikari zerrenda ikaragarria dago; diskoak musika maila handia dauka». Zerrenda benetan oparoa da: besteak beste, Ibon Koteron «egungo albokaren maisua», Oreka TX «txalapartaren mundua garatu dutenak», eta «penintsulako lehen mailako» beste dozena erdi musikari. Hitzei dagokienez, Jon Maia, Andoni Egaña, Mikel Sarriegi eta Xabier Sarasola aritu dira kantuak orrazten. «Gozamena da horrelako jendea ondoan izatea, eta horrelako kolore aniztasuna. Estimatzen nauen jendearekin egon naiz, eta daukan onena ematen duen jendearekin; alde horretatik, zorte handia daukat. Ekoizpen guztietan egon ohi diren arazoak suertatzen dira, baina, oro har, festa bat izan da hau, oso alaia, eta gozatu egin dut; ederki pasatu dut».

Bi «bide» dituen diskoa

Hamazazpi kantu bildu ditu guztira, baina, adierazi duenez, diskoan bi «bide» bereiz daitezke argi eta garbi: bide «esperimentalago eta ausartago» bat eta bide «alaiago, freskoago eta dinamikoago» bat. Halere, azpimarratu du dena oso modu «naturalean» irten zitzaiola abestiak konposatzen hasi zenean. «Harrigarria da musikaren magia, eta gauzak nola irteten diren. Lan honetan batik bat, ideia batek beste batera eraman nau, behin eta berriz».

Junkeraren aburuz, aurreko lana «itxiagoa» izan zen, eta oraingo honetan «zabaltze» bat dago. Instrumentu gehiago bildu ditu, emaitza «aberatsagoa » lortu nahian. Aulestiak ere lan berri honek aurrekoarekin duen aldea nabarmendu du. «Aurrekoak gauza oinarrizkoagoak zituen. Guk abestu egiten genuen, eta perkusioak jo, baina hots bakarrez. Lan honetan aurrerapauso bat eman dugu: konponketak daude ahotsetan, eta abesti esperimental horietan gauza berriak egin ditugu».

Junkerak aipamen berezia egin dio diskoko azken kantuari, hamazazpigarrenari. «Penintsulako ehun pertsonak baino gehiagok abesten dute: Kantabria, Asturias, Leon, Galizia, Extremadura, Mantxa, Aragoi, Katalunia...eta Euskal Herriko zenbait ahots ezagun ere badaude. Abestiaren hitzak Andoni Egañak idatzi ditu». Junkeraren esanetan, beste kultura batzuekiko harremana islatu nahi izan dute horrela. «Hango eta hemengo lagun guztiekin izan ditugun esperientziak eramango ditugu maleta honetan».

Kontzertuez galdetu diotenean, ez du erantzun zehatzik eman, baina Euskal Herritik at ibiliko direla iradoki du. «Hemen jada oso ikusita gaude» bota du, jostalari. Sorginak taldearekin batera arituko da, batzuetan talde guztiarekin, eta besteetan kide batzuekin. «Zuzenekoetan aldatu eta egokitu daitekeen proiektua da gurea, eta horixe da musikaren gauza polita. Batzuetan sinpleagoa, besteetan trinkoagoa. Nire nortasunarekin ere bat dator filosofia hori. Ilusioz gainezka nago, eta urte polita daukagu aurrean». Sorginek irriz erantzun diote: «Desiratzen gaude kontzertuak ematen hasteko!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.