«Ustekabeko ikasgela aldaketak hankaz gora jarriko du Juneren bizitza. Indarkeria ezagutuko du; eta izua». Horixe du abiapuntu Maixa Zugastiren liburu berriak: Zozabarrak. Erein argitaletxeak argitaratu du liburua. Bereziki nerabeentzat dago pentsatuta lana, eta erabateko aktualitatea duen gai bat jorratu nahi izan du autoreak: eskola jazarpena. Ofizioz irakaslea izandakoa da Zugasti, eta bere bizipenek lagundu diote eleberria ontzen. Adierazi duenez, «garrantzi handiko» liburua da beretzat. «Edukiagatik eta nire bidean suposatu duenagatik».
Lehen pertsona erabili du idazleak. June da, beraz, eleberriko protagonista, eta haren hitzen bidez kontatzen dira abusuak. «Une larriena jolas orduan gertatu zen», kontatzen du narratzaileak hirugarren atalean. «Patiora bidean sentitu nuen bizkarrean lehen bultzada. Gogorraren astindua. Eta piririka jaitsi nituen mailak. Horregatik eseri nintzen futbol zelaiaren ertz batean bakar-bakarrik».
Liburuaren izenburua ez da nolanahi aukeratutakoa. Zozabarrak hegaztiak dira. Talde oso handietan ibiltzen da animalia hori, eta denek elkarrekin egiten dute hegan, taldean. Liburuan une oro ikus daiteke hegazti horien presentzia; baina metafora moduan erabili ditu autoreak. Zugasti: «Zozabarrak taldean bizi dira. Gu ere bai. Ederra da zozabarren dantza, baina baita hegazti bakartien hegaldia ere».
«Garrantzitsua da enpatia eta sinesgarritasuna lortzea, eta horri indarra ematen dioten lau ardatz ditu kontakizun honek: protagonistaren beldurra, etxeko giroa eta isiltasuna, eskolaren jarrera eta adiskidetasunaren indarra»
UXUE RAZKINErein argitaletxeko editorea
Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak eman du eleberriaren bestelako xehetasunen berri: «Zaila izaten da, batzuetan, ipuinen edo istorioen bidez eskola jazarpenari buruz hitz egiten denean sinesgarritasuna lortzea. Garrantzitsua da enpatia eta sinesgarritasuna lortzea, eta horri indarra ematen dioten lau ardatz ditu kontakizun honek: protagonistaren beldurra, etxeko giroa eta isiltasuna, eskolaren jarrera eta adiskidetasunaren indarra». Horretarako, ezinbestekoa da gainerako pertsonaien presentzia. Protagonistaz gain, beste pertsonaia hauek aurkituko ditu irakurleak, besteak beste: Juneren gurasoak, ikastetxeko zuzendaria eta irakasle bat, eta Loreto eta Maria adiskideak.
Zugastiren estiloaz ere mintzatu da Razkin: «Naturari keinu egiten dio istorio osoan. Errealitatearen eta metaforaren arteko konexio horrek indarra ematen dio istorioari. Batzuetan, zer kontatu baino gehiago, nola kontatu da garrantzitsuena. Eta metafora hori konstantea da liburuan».
«Asko dira egunero-egunero baztertuak, ikusezin sentitzen direnak. Infernuan erasotzailea babesten baita, eta biktima da errudun sentitzen dena»
MAIXA ZUGASTIIdazlea
Liburuarekin, behar duen garrantzia eman nahi izan dio Zugastik eskola jazarpenaren eta ziberjazarpenaren gaiari, eta zenbait datu eman ditu. «Euskal gobernuaren arabera, EAEn, 2022-2023ko ikasturtean, 218 kasu baieztatu ziren, aurreko urtean baino %39 gehiago. Datu ofizialak dira, salatu eta onartzen direnak... Zenbakiak gorantz doaz, eta baita sufrimendua ere, ziberjazarpenak ohikoa biderkatu egin baitu». Horregatik, arreta ez du jarri soilik jazarriarengan, baizik baita jazarlearengan ere. Zugasti: «Egunero, etxera iristean, inguruan eta gainean dituzte erasotzaileak babesten dituzten begirada konplizeak; baita isiltasuna eta ukazioa ere. Asko dira egunero-egunero baztertuak, ikusezin sentitzen direnak. Infernuan erasotzailea babesten baita, eta biktima da errudun sentitzen dena. Eta, horregatik, egunero sentitzen dira bakarrik, triste eta beldurtuta. Egunero-egunero».