Maite Idirin sopranoak 'Gabon Kantak' diskoa kaleratu du

Muriel Dupin harpa jotzailearekin eta Maryse Graciet flauta jotzailearekin egindako emanaldia jaso du

Maite Idirin. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2013ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Duela zortzi urte, 2004ko abenduaren 19an, Hendaiako (Lapurdi) Abbadiako gazteluko kaperan Muriel Dupin harpa jotzailearekin eta Maryse Graciet flauta jotzailearekin batera egindako emanaldiko grabazioak baliatuz, Gabon Kantak diskoa kaleratu du Mate Idirin sopranoak, AusArt Records diskoetxearekin. Diskoak 16 kantu biltzen ditu guztira, eta horien erdiak —aurreneko zortziak— Aita Donostiak bilduak eta harmonizatuak dira.

XVII., XVIII., XIX. eta XX. mendeko kantuak daude bilduta diskoan. Aita Donostiak harmonizatutako zortzi kantuetatik bi XVII. mendekoak dira: Oi Eguberri gaua —Joanes Etxeberri Ziburukoaren hitzekin osatua— eta Kanta zagun guziek —Bernardo Gazteluzar zuberotarraren hitzekin osatua—. Peñafloridako Kontearen Irten ezazu, berriz, XVIII. mendekoa da. Beste doinu herrikoi batez gain, Jacques Ibert, Marin Marais, Maurice Ravel, Arturo Insaustiren doinurik ere bada diskoan; eta Jose Mari Usandizagak sortutako bi: Hiru Errege Orientekoak eta Horra Mari Domingi.

Eguberri kanta zaharrak ez ziren elizetan kantatzeko eginak izaten, diskoaren sarrerako testuak —Resurreccion Maria Azkueren Cancionero Popular Vasco aipatuz— azaltzen duenez. Elizetan erabiliak izan aurretik, etxeko supazter ondoan kantatu ziren, edo karriketan. Elizetan liturgia oso-osorik latinez zen garaietan, elizetatik at gelditzen ziren, izan ere, horrelako kantuak. Duela 200 urte hasi ziren emeki-emeki gisa honetako kantuak elizetan kantatuak izaten. Diskoko kantuetako asko ahantziak dira gaur egun, eta «bizi berri bat» eman nahi die orain Idirinek diskoarekin.

Idirinek, Dupinek eta Gracietek Hendaiako Abbadia gazteluko kaperan 2004an egin zuten kontzertua Hendaiako Herriko Etxeko Elkarte Kulturalak, Antoine Abbadia Jakintzen Akademia Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatutako aste kulturalaren barruan egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.