Literatura

Maite Gurrutxagak «izandako haur irakurleari» keinu egin dio 'Tapakia' albumean

Haurrentzako ipuin bat ondu du ilustratzaileak, eta «geruzaz geruza» deskubrituz joateko proposamena egin. Erein argitaletxearekin plazaratu du lan berria.

Maite Gurrutxaga, gaur, Donostian, aurkeztu berri duen 'Tapakia' albuma eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Gurrutxaga, gaur, Donostian, aurkeztu berri duen 'Tapakia' albuma eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2025eko martxoaren 28a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Maite Gurrutxaga ilustratzaileak bere bigarren album ilustratua publikatu du: Tapakia. Duela bizpahiru urte Mexikora egindako bidaia bat du oinarrian obrak, eta haurrentzat da. Erein argitaletxearekin plazaratu du, eta lanak ez du hitzik: irudien bidez kontatzen du istorio guztia. «Bazen behin, gure auzoan, uste txarrez josia bizi zen norbait…». Horrela abiatzen da ipuina, eta hortik aurrerakoa interpretatzea irakurlearen lana da. Saguak dira istorioaren protagonistak, eta etxe baten barruan gertatzen da ia kontakizun osoa.

Sagu auzo batean kokatzen da narrazioa, zeinetan sagu petral xamar bat bizi den. Tapaki zuri-zuri bat dauka, eta halaxe mantendu nahi du, inolako orbainik gabe. «Edo hori uste du, behintzat», zehaztu du autoreak. Behinola, bizilagunen umeek tapakia izorratu diotela iruditzen zaio, eta bizilagunen etxera joko du, kexaka. «Petralduta joango da, baina ikasketa batekin irtengo da bertatik», azaldu du egileak. Inazio Mujika Iraola Erein argitaletxeko editoreak xehetasun gehiago eman ditu: «Tapakiarena metafora bat da. Kultura-aniztasuna dago horren atzean».

Gurrutxagaren hitzetan, «geruzaz geruza deskubrituz joateko» album bat egin nahi izan du: «Xehetasunez jositako liburua da, eta hitzik gabekoa izateak badu intentzio bat: irakurleak erabaki dezala non eta zein pertsonaiarekin gelditu. Atzean badago konkretuki kontatzen den istorio bat, baina, era berean, badago non geratu eta non denbora eskaini».

Izan ere, egileak adierazi duenez, hitzik ez badu ere, «irakurtzeko moduko» liburua da. «Uste dut irudiak ere irakurri egin behar direla», azaldu du. Horregatik jarri du «bazen behin» esaldia ilustrazioen aurretik. «Bazen behin baten ondorenean badakizu istorio bat datorrela, eta gonbidapen bat ere bada irakurlearentzat. Ez du hitzik ikusiko, eta orduan pentsatuko du: 'Orduan, irudia irakurri behar dut'».

«Xehetasunez jositako liburua da, eta hitzik gabekoa izateak badu intentzio bat: irakurleak erabaki dezala non eta zein pertsonaiarekin gelditu»

MAITE GURRUTXAGAIlustratzailea

Liburua irakurtzeko moduaz ere hitz egin du autoreak. Izan ere, xehetasun asko ditu ipuinak; sekuentzia, protagonista eta objektu asko istorio berean, eta horietako bakoitzaren jarraipena egiteko aukera du irakurleak orriz orri, banaka, gainerakoak alde batera utzita. Gurrutxaga: «Saiatzen naiz bisitatzeko gogoa ematen duten liburuak egiten. Baina ez behin bakarrik bisitatzekoak. Niri asko gustatzen zait norbaitek liburua irakurri ahala atzera eta aurrera egiten duenean etengabe. Eta hori izan da nire asmoa».

Istorioa animaliekin kontatzea izan da ilustratzaileak hartu dituen beste erabakietako bat. Izan ere, istorio bera kontatu zezakeen gizakiak erabilita, baina «izandako haur irakurleari keinu» egin nahi izan dio saguekin. «Nik animaliak ageri ziren liburu ilustratuak maite nituen. Eta pentsatu nuen hori eman behar niola neure buruari». Era berean, baliabide bat ere izan dela onartu du: «Jorratu nahi nuen gaira gerturatzeko beste modu bat izan da. Ilustrazio munduan askotan erabiltzen den baliabidea da».

Teknika analogikoa

Modu «analogikoan» egiten du lan Gurrutxagak irudiak sortzeko; pinturak, papera eta arkatzak hartuta. Album berriko ilustrazioak egiteko, gouache teknika erabili du. Adierazi duenez, ez da teknika berriak erabili zalea, ez baita «oso abila» teknologiak erabiltzen. Baina modu analogikoan lan egitea «hautu bat» ere badela nabarmendu du: «Modu horretan gozatzen dut nik. Denbora asko eskatzen du, baina nik erabaki nahi dut nire denbora zeri eskaini».

Ibilbide luzea du Gurrutxagak ilustratzaile gisa. 2008an publikatu zuen bere lehenengo lana, eta hainbat sari jaso ditu geroztik. Besteak beste, Etxepare saria, Lazarillo saria, Miguel Calatayud saria eta Euskadi saria. Orain arte, gehienetan, beste idazle batzuen hitzak ilustratu izan ditu, baina oraingoan berak sortu du istorioa, hasi eta buka. Lan egiteko bi moduak alderatu ditu aurkezpenean: «Denbora eta prozesuan egin beharreko hausnarketak dira desberdintasun nagusiak. Zure lanean zuk eraikitzen duzu dena, eta ez daukazu inor zain; nahi beste buelta emateko aukera daukazu. Tapakia-k duela bizpahiru urteko bidaia bat du oinarrian, baina sortu denerako eta forma hartu duenerako, denbora bat izan behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.