Hilberria

Maite Etxemendi-Axiari hil da, Errobi jaialdiaren antolatzailea

Lapurdiko kulturako izen ezaguna zen: besteak beste, Ezkandrai elkarteko lehendakaria zen, eta baita Buhamiak emakumeen koruko kidea ere. Ekintzaile feminista garrantzitsua ere izan zen. 72 urterekin zendu da, gaixotasun baten ondorioz.

Maite Etxemendi-Axiari eta Beñat Axiari. EKE
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 11
13:00
Entzun

Lapurdiko kulturgintzak eta feminismoak kide behinenetariko bat galdu zuten atzo: Maite Etxemendi-Axiari. Ekintzaile ezpeletarra 72 urterekin hil zen, gaixotasun luze baten ondoren. Kultur arloari dagokionez, Ezkandrai elkarteko lehendakaria izan zen, eta, horrenbestez, Itsasun (Lapurdi) antolatzen den Errobi festibalaren eta Baionako Etiopikoak egitasmoaren antolatzaileetako bat; Gerezien denbora pastoralean ere esku hartzea izan zuen.

1968ko maiatzaz geroztik, feminismoari atxiki zitzaion, eta, kulturan arloan nola, ekintzaile feminista gisa ere aztarna utzi zuen Iparraldean. Bi bideak batu ahal izan zituen, esaterako, Buhamiak koruan: soilik emakumezkoek osatutako abesbatza da, eta Etxemendi-Axiari hamabost urtez izan zen bertako kide.

Aitortza

Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak doluminak eman zizkien Etxemendi-Axiariren senideei sare sozialetan, eta kulturgilearen jarduna goraipatzeko ere aprobetxatu zuen mezua. Etxemendi-Axiariren heriotza euskal kulturarentzat «galera handia» zela adierazi zuen, eta nabarmendu euskal «adierazpen artistikoen berrikuntzaren aldeko ekintzaile amorratua» izan zela, haren senar Beñat Axiarirekin batera.

Buhamiak abesbatzako zuzendari Pantxika Urrutik ere gomutan izan du hainbeste urtetako kidea. Etxemendi-Axiariren «indarra» azpimarratu du: «Beti ekinean zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.