Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek sortutako Adarbakarra eta soinujolea lanak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria aurten. Sariketaren bi antolatzaileek azaldu dutenez, bi sortzaileek euskal kulturaren iruditerian eta haren erreferentzietan arakatu dute proiektuaren proposamena egiteko, bai eta mitologian ere, eta erne behatu diete, performance baten bidez «gaurkotzeko» asmoz. Begirada «queer eta feminista» baliatu dute zeregin horretarako, bai eta umorea eta poesia ere. 6.000 euro jasoko dituzte, eta 2025eko udaberrian taularatuko dute obra.
Diziplina ugari uztartuko dituzte performancean, hala nola musika, literatura eta antzerkia. «Gaur egungo euskal topikoei buruz esperimentatzea» eta «gogoeta eta begirada berriak ikusaraztea» izango dute helburu. Hain justu ere, oharrean azaldua dutenez, «klasizismoaren, herri tradizioaren eta euskal arteen garaikidetasunaren arteko bide berriak aztertzeko interesak» batu ditu Aizpurua eta Navas. Hau da elkarrekin egin duten lehenbiziko proiektua.
Arte eszenikoak eta akordeoia
Maite Aizpurua (Zumaia, Gipuzkoa, 1990) arte eszenikoetan eta gizarte mugimenduetan eginiko bideagatik da ezagun, batik bat, eta Garazi Navas (Usansolo, Bizkaia, 1995) akordeoilari da.
Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak 2019an ekin zioten Gazte Saria emateari. Propio 35 urtetik beherakoentzako sorturiko sariketa da, Humanitate, Kultura, Arte edo Gizarte Zientzien arloko sormen edo ikerketa lanak babesteko abiatua.