Udaberritik udazkenera atzeratu zaio Izaro Andresi (Mallabia, Bizkaia, 1993) Limones en invierno lana Donostian aurkezteko kontzertua. Mexikon aurkeztu zuen diskoa, eta Euskal Herrian eta nazioartean aurkezpen bira egitekoa zen. Koronabirusa eta konfinamendua sartu ziren tartean, ordea. Udako kontzertuen ondotik, bihar ekingo dio birari, Donostiako Kursaal auditoriumean. Sei kontzertu emango ditu bertan.
Diskoa kaleratu eta ezagutarazteko biziki ahalegindu ondotik, koronabirusak bertan behera utzi zizkizun emanaldi guztiak hasieran. Hasi zara egoerari buelta ematen?
Bagoaz, astiro-astiro, pauso bat aurrera eta bi atzera, baina mugitzen behintzat.
Hirugarren diskoa izateaz gainera, diskorik alaiena ere bada. Kantuek aurrera egiten lagundu dizute?
Konfinamenduan, besteen kantuetan ibili naiz neure burua babesten. Musika deskubritzean, tximeleta pila bat sentitzen ditut tripan, eta horrek asko laguntzen dit aurrera egiten.
Ohiko kontzerturik ia ezin izan duzu eman, baina Donostiako Viktoria Eugeniako sabaian aritu zinen konfinamendu sasoian, eta BBK aretoan publikorik gabe, streaming bidez. Nolakoak izan dira esperientzia horiek?
Konfinamendua eta panorama guztia oso esperientzia surrealista izan da denontzat. Konturatu gabe eraldatu zaizkit niri emozioak eta sentsazioak konfinamenduan, eta bereziki hunkibera sentitu naiz. BBK Sala Etxean oso berezia izan zen, kalearekiko harreman arraro hartan lehen aldiz atera nintzelako kanpora: lehen aldiz ikusi nuen Iker Lauroba, distantziatik eta maskararekin, baina hezur-haragiz. Niretzat kontzertu hori bonba bat izan zen, ona. Eta Viktoria Eugenia antzokikoa beste bat. Teilatutik beste modu batera ikusten da hiria, eta antzoki barruan jotzeko ezinagatik antzoki gainean jotzea oso poetikoa iruditzen zait. Baina bai: emanaldi tradizionalagoak oso faltan sumatu ditut.
Euskal Herrian harrera oso ona izan duzu disko honekin ere, eta Espainiara eta Latinoamerikara ere heldu zara. Hori da zure hurrengo erronka?
Bai. Orain, auskalo. Pandemiatik nire lana bizirik ateratzearekin nahikoa gaur-gaurkoz, baina bai, oso harreman polita eraikitzen ari gara Latinoamerikarekin, eta asko tristatzen nau ez jakiteak noiz berrekin ahal izango zaien nazioarteko birei. Berdin Espainiarekin: uda polita geneukan prest, lan handia egin ondoren, estatu mailan gure lekua eroso hartzen hasteko; ez da guk nahi bezala atera, baina guztiz kontrara ere ez: zirkuitu oso interesgarrietan ongi hartuak izan gara.
Bi orduren buruan bukatu ziren Kursaaleko sei kontzertuetarako sarrerak. Espero zenuen horrelako babesik?
Ez eta bai. Ez, egoera oso zaila delako, kudeaketa kaskarra, azken orduko aldaketa pila bat, esfortzu handia, eta, gainera, oso luze doa kontua: hirugarren aldiz erosi dituzte sarrerak, erraz esaten da. Horregatik, programatzaileek ez zuten espero horrelako erantzunik. Baina, egia esan, oso maitatua eta sostengatua sentiarazten nau publikoak beti.
Beti izan da horrela?
Oreka gisako bat dago: konfinamenduan dena okertu zenean, ahal izan nuen guztian zaindu nituen entzuleak nik, eta orain, gaizki dagoena ni naizenean, dena ematen ari dira ni zaintzeko. Pila bat hunkitzen naiz harreman honekin. Oso-oso berezia da, eta erreala. Bakarrik ezin da. Esker ona, esker ona eta esker ona.
Hasieran bi kontzertu ziren, eta sei izango dira azkenean. Ezberdinak izango dira?
Bakarra diseinatu dugu, mimo handiz eta lan asko eginez. Baina egia da saio bakoitza ezberdina izaten dela energia aldetik, eta abar. Energia bi norabidekoa da: publikoa ere kontzertuaren parte aktiboa da. Kontzertua bat da, baina esperientzia oso askotarikoa. Zorakeria dena da sei izatea bi izan beharrean, baina babes honekin beti aurrera.
Kontzertuen aurretik autokonfinatzeko erabakia hartu zenuen.
Bai, urriaren 5etik nago autokonfinatua. Ez da bizimodu jasangarria, baina behintzat pandemiaren aurretik salduta zeuden kontzertuak ahalik eta gehien zaintzeko beharrezkoa sentitzen dudan zerbait da.
Aldaketarik eragin al du horrek kontzertuen prestaketan?
Asko zailtzen du. Entseguak aurretik egin behar izan ditugu, prestaketa denak prest utzi, eta falta diren gauzak telefonoz, bideo deietan egin... Niretzat ez da naturala nire bandarekin ez elkartzeaazkeneko errepasoak egiteko, ditugun beldur eta urduritasunak komentatzeko, elkarri gauza politak esateko eta zaintza prozesu aktibo eta presente bat ondo egin ahal izateko. Hori galtzea zaila da, baina kontzertuak galtzea, zailagoa. Beraz, dagoena hartu eta aurrera. Egia esan, oso pozik nago dudan lantaldearekin. Kontaktuan gaude etengabe, kristoren pila maite ditut. Hala ere, kalera irteteko beharra daukat egia esan; batez ere, maite dudan jendearekin egoteko beharra.
Izaro Andres. Abeslaria
«Maitatua eta sostengatua sentiarazten nau publikoak»
Hirugarren diskoa aurkezteko bira bertan behera utzi ondotik, Kursaalean izango da Izaro bihartik aurrera. Pandemiatik bizirik atera izana ospatzearekin «nahikoa» du, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu