Alberto Gorritiberea. Zinemagilea

«Maitasunez egindako autokritikarekin, dena irabazteko daukagu»

Egilearen baitan egosten hamar urte eman ostean, ostiralean iritsiko da zinema aretoetara 'Arriya. La piedra', maitasunetik abiatuta tradizioa kritikatzen duen filma.

Juan Luis Zabala
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Tarragonan (Herrialde Katalanak) da egunotan Alberto Gorritiberea, oporretan, baina adeitasunez erantzun ditu, telefono bidez, elkarrizketa honetako galderak. Alokatzen SL ekoiztetxeak ere erraztasunak eman ditu, BERRIAko erredakziora filmaren kopia bat bidaliz, elkarrizketa aberatsago izan dadin. Eutsi! (2007) eta Flysh, haitzen hitza (2009) filmen egilea da Gorritiberea; orain, berriz, urrats garrantzitsua egin duArriya-rekin, aspaldidanik barruan bor-borka zeukan egitasmo pertsonala gauzatu baitu lan horretan. «Ni oso gustura sentitzen naiz egindako lanarekin, eta orain espero dut ikusleekin batera gozatzea», dio, ilusionatuta, Gorritibereak (Zumaia, 1970).

Arriya-k bost sari jaso ditu Malagako zinema jaialdian —emakumezko aktore onenarena, argazki onenarena eta musika onenarena horien artean—, eta Karlovy Varyko jaialdian ere (Txekia) eman dute, hautatua izan eta gero. Pozik egoteko motiboak dira, ezta?

Oso pozik gaude. Pelikula amaitu genuen aste berean amaitzen zen Malagako jaialdira aurkezteko epea, eta aukera izan genuen Malagan aurkezteko edo Donostiako Zinemaldiaren zain gelditzeko. Malagan aurkeztea erabaki genuen, eta oso pozik irten ginen handik. Gero poz handia izan zen filma Karlovy Varyko jaialdirako hautatua izatea ere. Horren ondoren, orain garrantzitsuena dator: ikusleen iritzia entzuteko ordua iritsi da.

Gizabanakoa, pertsona, familiaren, herriaren eta tradizioaren aurrean erakusten du filmak. Horiek osatzen duten «arriya»-ren zama ahal duen bezala eramaten.

Pertsona bat jarri dugu pelikularen erdi-erdian, Peru. Esan daiteke ez duela ezer egiten pelikula guztian, eta oso rol zaila du. Peruk erakusten du familiak eta herriak gizabanakoarekin borrokan bizi direla.

Filmeko une batean, amorrarazita, Peruk adierazten du gorrotoa dela nagusi familian eta herrian.

Kolektibo guztiek, bai hemen eta bai ipar poloan, kolektibo gisa, amodioak handitu beharra dute, baina baita gorrotoak ere. Modu kolektiboan jokatzen dugunean, gorroto horiek eraginda, zuria eta beltza baino ez ikustera jotzen dugu, grisen eskala ez ikustera. Hori nahi nuen nabarmendu pelikulan. Kolektiboek, naturak ez bezala, mugak behar dituzte, eta mugak eraikitzeko, gorrotoak landu behar izaten dituzte.

Hala ere, Dionisiok eta errotak erakusten dute ez dagoela nahitaez familiatik eta herritik urrundu beharrik nork bere bidea egiteko.

Dionisio zahar ero gisa hartzen dute, baina pertsonaia horrek erakusten du badagoela herrian geratzeko aukerarik, bizitza maitasun baten gainean eraikita, kasu honetan ogia egiteko errota eraikitzeko asmoarekin. Berari eutsiz agertzen da beti, gorrotorik gabe.

Maria Dionisioren balio horietaz ohartuta dagoela dirudi.

Bai. Bera da filmeko heroia, bere nahiarekin eta bere indarrarekinbeti irtenbide bat bilatzen ari dena. Bera ere bere lekuan gelditzen da azkenean, horretan egiten du huts, ez du aurrera egiten, ez du irtenbidea aurkitzen. Baina egia da indar bat badaukala. Berak alde batera egiten du indarra, eta Jonek bestaldera, sentsualtasunarekin eta erromantikoa den pertsonaia melodramatiko baten indarrarekin. Zinemarekin eta film ezagunekin zerikusia duten joko asko daude pelikulan, eta filmaketetan aipatu izan dugu Jonek Gone with the Wind-eko Maureen O'Hararekin izan dezakeen antza. Maria, aldiz, gaur egun egiten den zinemako neska bat da. Horren atzetik ere lan asko dago. Estetikoki ere pelikula atzera joaten da, zinemari begiratuz, zinema zer izan den eta nora doan begiratuz.

Ana Sanz-Magallonek azken gidoia finkatzean eman dizun laguntza eskertu duzu han eta hemen egin dituzun adierazpenetan. Zertan lagundu dizu?

Nire ustez, gidoiaren lehen bertsioetan istorioa kriptikoagoa zen. Beharbada nire beldurrak ere hor sartzen zirelako. Sanz-Magallonek nire joera nagusiaren aurkako lana egin zuen arazo hori konpontzeko, eta asko lagundu zidan. Ondoren, filmean dena ondo esplikatuta zegoela ziurtatu eta gero, erabaki genezakeen non ez genuen gelditu nahi zerbait klasiko edo normala eginda eta non egin genezakeen salto poetikoki alde batera edo bestera. Baina hori guztia, esan bezala, aurretik dena ondo lotuta utzi eta gero. Sanz-Magallonen lana oso ona izan da, eta niretzat ikasketa handi bat.

Xehetasun txiki askoren arteko lotura zehatzak ageri dira filmean, balio sinboliko handikoak. Horiek ere landu eta zaindu beharra dago.

Bai. Hamar bat urte dira istorio honekin hasi nintzenetik, eta azkeneko bi edo hiru urteetan ere lan asko egin dugu gidoiaren gainean. Istorioaz eta pertsonaiez gain, beste adierazpide batzuk ditu, ondo lotu beharrekoak: errota, ura, animaliak… Oso zaindutako istorioa da alde horretatik, eta filmaketa lanak oso zailak izan dira, izan dugun aurrekontuarekin ia-ia mirariak egin behar izan baititugu. Irten baldin bada, izan da teknikari artistiko guztiek sinetsi egin dutelako istorioa, azkenean denek ikusi dutelako merezi zuela. Eta baita aktoreek ere. Denek jarri dute barruan zuten guztia. Esperientzia gogorra izan da, baina, alde horretatik begiratuta, oso polita. Denek sinetsi dute Arriya-n, eta hori ez da beti gertatzen.

Kontatzeko moduari dagokionez, nahiz eta oinarrian errealista izan, ipuin edo kondaira baten giroa du istorioak. Ez dago leku eta garai jakin batean kokatua, eta beste elementu batzuek ere giro hori sortu eta indartzen dute.

Gidoian data zehatzak genituen hasieran, baina gero horiek kentzen joan ginen. Hori zen gure lana, hori zen Arriya-k eskatzen zuena. Azkenean, oso zintzoa izan naiz neure ikuspuntuarekin, neure sentimenduarekin eta nik ezagutzen dudan herri batekin. Euskal herri bat da agertzen dena. Filmean egiten den euskara Aizarnazabal edo Zestoako euskara da, oso finkatua, baina aldi berean Frantziarekiko muga ere badago herrian. Azkenean, nire ustez, koadro inpresionista baten puntua hartzen du filmak. Argiak eta koloreak erabiltzen ditugu zerbait adierazteko, zerbait txikitasun horretan globala eta handia egiten dena eta guztia batasun batean biltzen duena. Zubia, muga… horiek dira gure herrian dauden gauzak, eta horiek denak zaintzea eta herri txiki batean agertzea oso lan konplikatua baina, aldi berean, oso polita izan da.

Euskara da hizkuntza nagusia, baina gaztelania ere asko erabiltzen da, eta frantsesa ere ez gutxi.

Jose Maria Larak, ekoizleak, erabat sinetsi du istorioan, eta ez du gidoiko ezer ukitu. Nik ahalik eta pelikularik onena egin dezadan besterik ez du nahi izan, hasieratik. Filma hiru hizkuntzatan egitea oso arriskutsua da produktore batentzat, baina Larari horrelako arriskuak hartzea gustatzen zaio, eta nik aukera hori izan dut.

Duela urtebete, filmaketa garaian, esan zenuen gustatuko litzaizukeela pelikula azpidatzirik gabe banatzea, baina oso zaila izango zela, banatzaileek ez zutelako nahiko. Nola banatuko da?

Zuzendari gisa, azpidatzirik gabe banatzea litzateke onena niretzat, baina azpidatziekin banatuko da, gaztelaniazko azpidatziekin. Ez dakit hala ere kopia guztiak izango diren azpidatziak. Egin diren kopiak kopia digitalak dira, eta kopia digitalak erraztu egiten du kopia batzuk azpidatzita izan arren beste batzuek azpidatzirik ez izatea. Aukera polita eta interesgarria izan daiteke emanaldi batzuk behintzat azpidatzirik gabe egitea.

Familia, herria eta tradizioa pertsona batentzat nolako zama izan daitezkeen erakusten du filmak. Familiaren, herriaren eta tradizioaren aurkako filma da?

Ez, ez. Eta hori pentsatzen duen ikuslerik baldin badago, nik esango diot filma maitasun guztiarekin egina dagoela. Nik ez dut onartzen nire bizitza, ezta nire bizitza pertsonala ere, autokritikarik gabe, eta maitasunez egindako autokritikarekin dena irabazteko daukagula uste dut, bai pertsonak, bai familiak, bai herriak, bai tradizioak… denok. Nik kritika egiten diet mugei? Bai. Kritika egiten diot familien presio psikologikoei? Bai, baina ez bakarrik Euskal Herriko familien presioei. Eta kritika hori neure buruari ere egiten diodan kritika bat da, neuk behar dudan zerbait, adierazteko egina, ez bakarrik Euskal Herriari, munduari baizik. Nik familia, herria eta tradizioa maite ditudala ez dit inork ukatuko. Baina maitasuna izateak ez du esan nahi dena onartu behar dela. Alderantziz. Maitasunak egia esatera eta kritika positibo eta eraikitzailera eraman behar gaitu.

Urte asko dira filmerako gidoia idazten eta egitasmoa lantzen hasi zinenetik. Denbora asko, lan asko, hasieratik oso zeurea, oso barrukoa izanduzun proiektua da. Nola sentitzen zara orain, filma amaituta?

Pelikulak beldur asko kentzeko balio izan dit, eta baita gozatzeko ere, audiobisualki gozatzeko, erronka asko izan direlako, bai gidoian eta bai bestelako lanetan. Amaitu eta gero pixka bat hustuta bezala geratu banintzen ere, espero dut pixkanaka-pixkanaka betetzen joatea. Nik askotan esaten dut pixkanaka irabazi dugula askatasuna, audiobisualki ere, eta pelikula honek pixka bat gehiago arriskatzeko eta pixka bat gehiago motibatzeko balio izango didala espero dut.

Fikzioko bigarren film luzea duzu Arriya. Aurrekoa, Eutsi!, enkargua izan zen, eta zure ogibidea, nagusiki, enkarguko lanak egitea da, film dokumentalak batez ere, Zumaiako flyshari buruzkoa adibidez. Bi arloak konbinatzen jarraituko duzu?

Fikzioko beste film batean pentsatzen hasita nago. Nahiko erronka handia da hori ere. Lagunei aurkeztu diet ideia, eta denek esan didate zoratuta nagoela; beraz, merezi du. Espero dut beste pauso polit bat izango dela zinemaren munduan. Horrez gain, flyshari buruzko dokumentalaren bidetik, zientziaren arloan beste lan batzuk egiteko proposamenak ere jaso ditut. Arlo horretan ere oso gustura sentitu naiz, ikusi baitut zientziaren munduan artista asko dagoela, zientzialari askok artista onenen jarrera eta pentsamolde berberak dituztela. Horregatik, litekeena da aurrerago ere beste zerbait egitea arlo horretan.

Azken urteetan euskarazko hainbat film egin dira, nahiko harrera ona izan dute batzuek… Zer iritzi duzu euskal zinemaren egungo egoeraz?

Egia esan, ez dut askorik pentsatzen euskal zinema nola dabilen; gehiago pentsatzen dut zinema orokorrean nola dabilen. Hilda dagoela pentsatzen dut, eta beste irtenbide batzuk bilatu behar dituela. Oso zaila da ikus-entzunezko proiektuak ikus-entzuleengana iristea, eta zenbakiak oso kezkagarriak dira. Zinema krisialdian dago, eta zerbait asmatu behar da, hori da garrantzitsuena. Euskal zinemari dagokionez, euskal zinema egiteko laguntzak baldin badaude, egingo dira euskarazko filmak. Lehen ez zen horrela, baina gaur egun euskaraz eginez gero, diru gehiago jasotzen duzu. Arriya-ren kasuan, zati batzuk erdaraz direlako laguntza gutxiago jaso du. Jaurlaritzak eta ETBk gaur egun dauzkaten laguntzeko moduekin euskarazko zinema gehiago egiten da. Azkenaldian oso gauza interesgarriak ikusi ahal izan ditugu, istorioaren aldetik, kalitatearen aldetik, eta hori da benetan garrantzitsua. Dena den, kontuz ibili behar dela uste dut, eta proiektua zaindu behar dela, eta proiektu horrek izan ditzakeen irtenbideak. Euskara gurea da, eta kulturaren parte da, baina ezin da, nire ustez, kulturaren gainetik egon. Maitatu eta zaindu behar den gauza bat da euskara, baina proiektuak dira baloratu behar direnak.

Donostiako Zinemaldia gertu dago. Nola biziko duzu zuk? Zer da Zinemaldia zuretzat?

Jose Maria Lara ekoizleari bi film eskatu dizkiote, Zinemira sailerako: Pedro Aguileraren Naufragio eta nirea. Beraz, han ere aurkeztuko dugu Arriya. Horretaz gain, Telmo Esnalen eta Asier Altunaren pelikula berriak hor estreinatuko dira, eta beste batzuenak ere bai. Zinemaldia, egia esan, ondo datorkigu denoi, horretan ez dago dudarik. Nik, hala ere, Zinemaldiari beti eskatu diot zaindu egin behar duela zer egiten den hemen. Askotan kanpotik etorritako istorio kriptiko eta lokalistak oso ondo baloratu izan ditugu, eta etxeko lanekin, aldiz, ez gara oso sentikorrak izan, muga asko jarri ditugu. Karlovy Varyn izan nintzenean, jabetu nintzen han gehien ikusten den zinema bertakoa dela, Txekiakoa, AEBetakoaren gainetik. Hemengoa oso bestelako errealitatea da. Hemen badira aurreiritzi batzuk, eta uste dut gauzak oso polarizatuta ikusten ditugula. Ea kontu horiek gainditzen ditugun. Horraino iristen da nire kritika. Gainerakoan, esan bezala, Zinemaldia oso ona da denontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.