Maitasunaz eta erredentzioaz

Felipe Juaristik 'Erbesteko elurra' eleberria argitaratu du, Ereinekin. «Estilo pluraleko nobela korala» da, idazlearen hitzetan. Euskal gatazka ageri da tramaren atzean

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Fermin Alberdi. Kazetari ari da Ahotsa egunkarian. Liburu kritikak idazten ditu; baita literatur munduko zenbaiten egonezina eragiten ere. Hainbesterainokoak dira jasotzen dituzten kexuak, egunkariko zuzendari Luis Berriak Madrilera bidaliko du azkenean, hilketa bat gertatu delako han: Sebastian Saldias punk musikariarena. Saldias Madrilgo erbestera alde eginda zegoen; Alberdik ikertu beharko du zergatik. Hortxe Felipe Juaristik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1957) Erein argitaletxearekin plazaratu duenErbesteko elurra nobelaren abiapuntua eta ardatza.

Ez bakarra, baina. «Pertsonaia asko daude nobelan, bakoitza bere rolarekin. Kontatzeko era ere plurala da. Estilo pluraleko nobela korala da. Sonetoak daude. Antzerki obra laburrak ere bai, batzuk filosofikoak, beste batzuk maitasunarekin zerikusia dutenak». Maitasuna. Juaristiren nobelaren gogoetagai nagusietako bat, eta idazlea ondorio ez oso baikorra ateratzera ekarri duena: «Ez dakigu maitatzen. Seguru asko, ez dakigulako maitasuna zer den. Maitasunaren esanahiari beste ideia asko erantsi dizkiogu: errukia, desira, babesa, kontsolamendua».

Bi emakumeren artean bizi ditu bere maitasun ezinak Fermin Alberdi protagonistak: Anaisabel Zubiri poeta eta Maria Zubillaga antzerkigilea. «Ez daki nor maite duen gehiago. Eleberriko pertsonaiak maitasunaren bila dabiltza, baina ez daude seguru aurkituko ote duten. Emakumeek indar handia dute bertan», Juaristiren hitzetan. Hala tartekatu ditu Zubiriren eta Zubillagaren ahotsak testuan: Zubirirenak dira sonetoak, Zubillagarenak antzezlanak. Eta horietan ageri dira solasean, besteak beste, Tomas Hobbes eta Benito Spinoza, Madrilgo Lavapies auzoan; eta Franz Kafka eta Milena maitalea, Zestoako (Gipuzkoa) bainuetxean; eta Karl Marx eta Sabino Arana, Donostiako Parte Zaharrean; eta Troiako Elena eta Itakako Penelope, Bilboko Guggenheimen; eta Pio Baroja eta Miguel Unamuno, Artxandan; eta, azkenik, Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza, Haizearen Orrazian. Esanahi sinbolikoa dute solasaldi horiek denek.

Duela sei urte

Juaristik 2007an eman zuen helduentzako aurreko nobela: Ez da gaua begietara etortzen (Erein). Duela sei urteko udan hasi zen idazten atzo aurkeztu zuen Erbesteko elurra; Madrilen hasi ere. Han egin omen zuen topo Juaristi abizeneko beste Juaristi batekin, Jonekin. «Ea Madrilen zer nenbilen galdetu zidan. Deskantsatzera joan nintzela erantzun nion, eta hark ezetz, deskantsatzera ezetz, erbestera joan nintzela bota zidan». Madrilgo egonaldi hartan piztu omen zitzaion aurkeztu berri duen nobelarako ideia. Pertsonaia bat omen zuen buruan, «iraganeko gertaera baten kariaz barneko mina ezin kendurik» bizi zena eta, une batean, dena utzi eta desagertzea erabakitzen zuena. «Azken finean, denok nahi dugu, nolabait, guri egindako kalte edo minari amaiera ematea, edo guk egindakoa ezabatu ezin bada, leuntzea edo goxatzea. Erredentzio nahia da. Bizitzan zaila da halakorik egitea, baina fikzioan lor daiteke. Aldaketa gerta daitekeela, alda gaitezkeela, hori da liburuaren muina».

Hori guztia, «erudizioz beteriko atmosfera narratibo baten bitartez» azaldu du Juaristik, Iñaki Aldekoa editorearen ustez. «Atmosfera horren atzean gure mundua dago, gure iragana. Gure artean gertatutakoen, hildakoen eta harremanen, oihartzuna bizi da traman, nolabait. Min horien ondorioak daramatzate motxilan nobelako protagonistek».

Horren adierazle da, esaterako, Sebastian Saldiasen bizitza fikziozkoan 2011ko urriaren 20ak izandako eragina. Borroka armatua behin betiko uzteko erabakia data horretan jakinarazi zuen ETAk, eta Juaristiren biografian ere seinalatua izan zen oso: «Estatubatuarrek 'non zeunden Kennedy hil zuten egunean?' galdetzen duten bezalaxe, gure galdera litzateke: 'Non zeunden ETAk armak betirako utziko zituela jakinarazi zuenean?'. Oso gogoan dut egun hura. Euskadi Irratiko zuzendari nengoen». Nobela ez omen du, hala ere, errealitatetik hartutako pasarteekin osatu. «Erabateko fikzioa da. Orain, fikzioa zer den... Errealitatearekin egon daitezkeen antzekotasun guztiak kointzidentzia hutsa dira». Idazketatik beretik ikusiko du hori irakurleak, idazlearen aburuz, tonua eta pertsonaiak nabarmen «esajeratuak» direlako batzuetan: «Berehala konturatuko da irakurlea hemen badagoela egoera batzuk ironiarekin —eta sarkasmoarekin ere bai, zenbaitetan— tratatzeko borondate bat, tragediatik ihes egiteko nahi bat. Gehiago du komediatik tragediatik baino, nahiz eta hilketa bat badagoen».

Duela sei urte hasitako idazketa bidea gorabeheratsua gertatu zaio idazleari. «Kosta egin zait bukatzea. Ez aurrera eta ez atzera egon nintzen momentu batean, gorputzak ere krak egin zidan».Eta berriro hasi zen. Emaitza kalean da jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.