Musikaria

Jabier Muguruza: «Maitasunari kantatzerakoan oso zaila da topikoetatik aldentzea, eta Irazuk lortzen du»

Hiru hamarkadatan Iñaki Irazuren hitzekin egindako 11 kantu berreskuratu eta berriro grabatu ditu Jabier Muguruzak 'Lagun batek esan dit' diskoan. Gaur Donostiako Lugaritz aretoan aurkeztuko du zuzenean.

Jabier Muguruza. GORKA RUBIO / FOKU
Jabier Muguruza. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 3a
05:30
Entzun

Urte luzeetako harremana du Jabier Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1960) Iñaki Irazu poetarekin. 1990eko hamarkadaren hasieran, Les Mecaniciens taldeko kide zela hasi zen Muguruza Irazuren hitzak kantu bihurtzen, eta urte hauetan guztietan 32 grabatu ditu guztira. Oraingoan, haietako 11 aukeratu eta berriro grabatu ditu Lagun batek esan dit diskorako. Gaur Donostiako Lugaritz kultur etxean (19:30ean) aurkeztuko du diskoa grabazioan parte hartu duen taldea lagun duela: Mikel Azpiroz (Rhodes pianoa eta Hammond organoa), Jean Marie Ekai (gitarra), Fernando Neira (baxua) eta Karlos Aranzegi (bateria). Irazuk berak ezingo du parte hartu, eta Leire Canok errezitatuko ditu poetaren olerki berri pare bat.

Irazuri egindako omenaldi gisa ulertzen duzu diskoa?

Bai, omenaldi hitza ez zait gehiegi gustatzen, baina keinu bat da, maitasunezko keinu bat. Azken batean, aitortza moduan planteatu dudan lan bat da.

Zuk zeuk zer harreman izan duzu Irazuren testuekin? Zergatik deitzen zaituzte hainbeste?

Dezentetan pentsatu dut horretan. Ez da kasualitatea, jakina, haren hainbeste kantu, hainbeste poema aukeratu izana. Uste dut berak errealitate ezberdinen inguruan duen ikuspuntua dela gako nagusia. Bizipen ezberdinen inguruan duen begirada berezi hori hasiera-hasieratik iruditu zait erakargarria nire kantutegirako. Emozioak jorratzeko daukan era pertsonal hori. Adibidez, kantu hauetan nola jorratzen duen maitasuna. Uste dut maitasunari kantatzerakoan oso zaila dela topikoetatik aldentzea, eta berak lortzen du.

Hizkera hurbila erabiltzen du.

Hori da. Dena dela, nik bereizketa egingo nuke bere poema liburuetan darabilen hizkeraren eta niretzat idatzitako hitzen artean. Nik Iñakiren hitzekin 32 kantu egin ditut, baina berak niretzat idatzitako hitzak askoz gehiago dira, karpetak eta karpetak ditut haren hitzekin. Aukeraketa egiteko orduan, beti saiatu naiz hitz ulerterrazak aukeratzen. Azken batean, kantuak egin nahi dituzu, eta nahi duzu publikoak hitzak ulertzea.

Oso berandura arte libururik gabeko idazlea izan da Irazu. Zuk nola ezagutu zenuen?

Horretan ez gara ados jartzen! Berak esaten du Xabier Leteren kontzertu batean ezagutu genuela elkar, Barakaldon [Bizkaia]. Baina ni konbentzituta nago ordurako elkar ezagutzen genuela. Uste dut [Bernardo] Atxagaren bitartez ezagutu nuela; berak esan zidala bazuela anaia bat poeta, nahiz eta ezer argitaratu gabea zen. Les Mecaniciensen elkarlanean hasiak ginen, taldearen bigarren diskoan [Ia xoragarria, 1992] badira Iñakiren hitzekin egindako kanta pare bat. Testuak eskatzen hasi nintzen eta gustatu zitzaizkidan, erregistro emozionalaz gain, umoretsua eta ironikoa ere erabiltzen zuelako.

Adibidez, orain berriro grabatu duzu Le Mecaniciensen Euskadi jende gutxi, kantu umoretsu eta nolabait probokatzailea izan daitekeena.

Bai, eta Etxera berandu heltzean-ek ere Iñakiren umore surrealista hori erakusten du. Ez alferrik, gero Kiko Venenorekin grabatu nuen.

Garai ezberdinetan idatzitako kantuak izanik, izan duzu irizpiderik diskoan zein sartuko dituzun erabakitzeko orduan?

Ez da erraza izan. 32 kantu grabatu ditut, eta zaila izan da aukeraketa. Erritmoari lotutako irizpide batzuk izan ditut kontuan, baita tematika ere, pentsatuz denak disko batean joango direla. Hau da, ez izatea kantu guztiak intimistak, adibidez.

«Beti saiatu naiz hitz ulerterrazak aukeratzen. Azken batean, kantuak egin nahi dituzu, eta nahi duzu publikoak letrak ulertzea».

Azkenaldian, haurren munduan ari zara lanean, eta aspaldi ez duzu helduentzako kanturik argitaratu. Zer dela eta?

2019an Barnasants festibalak enkargu bat egin zidan euskal kantagintzaren inguruan lan bat egiteko. Nire gustuko kantu batzuk hartu eta grabatu egin nituen [Geltokiak izarretara diskoa]. Hurrengo urtean gauza asko gertatu ziren: anaiaren heriotza, nire gaixotasuna eta tratamendu luzea, pandemia... Lehenengo kontzertua eman behar genuen Bilbon, baina bertan behera gelditu zen. Gauza asko gertatu ziren, eta, ziur aski, adinak ere izango zuen eragina, baina erabaki nuen haurren munduan murgiltzea. Nekatuta nengoen furgonetaz eta hainbeste urtetan egindako lan horretaz, eta uste dut, gainera, bide horretan segituko dudala. Disko berri hau proiektu puntual bat izan da. Ez dut esaten sekula ez dudala helduentzako ezer egingo, baina nire asmoa da umeentzat lan egiten segitzea. Askotan, umeentzat egiten diren lanak bigarren mailakotzat jotzen dira, baina ari naiz musikari handiekin lanean, eta beti saiatzen naiz nire onena ematen.

Zer ematen dizu umeen mundu horrek?

Azkeneko Durangoko Azokan bikote bat etorri zitzaidan ume txiki batekin, eta esan zidaten segitzeko lanean, haurra lasaitzen zuen gauza bakarra nire musika zela. Nik horrekin badut nahikoa beste disko bat ateratzeko. Normalean umeak eszitatzea izaten da joera, eta nire helburua da umeak lasaitzea, betiere irribarre batekin. Eta kalitatezko lan bat ematea.

Hainbat musikarirekin lan egindakoa zara zure ibilbidean. Orain Mikel Azpiroz, Jean Marie Ekai, Fernando Neira eta Karlos Aranzegi batu dituzu proiektura. Batzuk zure aspaldiko kolaboratzaileak dira; beste batzuk zure ingurura azkenaldian bildutakoak. Zer bilatzen duzu zure laguntzaileetan?

Berez, Mikel Artiedarekin grabatu behar nuen diskoa, baina istripua izan zuen, eta, azkenean, Fernando Neirak parte hartu du baxuarekin diskoan. Eta zer esan, musikari zoragarria da. Eta zer bilatzen dudan? Ez dakit zehatz esaten; azken batean, gauza asko etorri egiten dira. Ekairena, adibidez, ez zen sartzen nire kalkuluetan, nazioarteko jazz musikaririk onenekin aritzen da eta. Baina Geltokiak izarretara oso baldintza onetan grabatu genuen, eta aukera izan nuen harekin grabatzeko. Jean Mariek lan miresgarria egin zuen; bera musikari osoa da, ez bakarrik gitarrista, eta dauka gaitasuna kantua entzun eta esateko nondik joan daitekeen. Asko ematen du. Gero, umeentzako diskoetan ere parte hartu du, eta uste dut oso gustura ari dela gurekin. Niretzat zorte bat izan da.

«Disko berri hau proiektu puntual bat izan da. Ez dut esaten sekula ez dudala helduentzako ezer egingo, baina nire asmoa da umeentzat lan egiten segitzea».

Hiru hamarkadatan grabatu dituzun kantuak izanik, proiektuari musikalki batasun bat ematea izan da zure erronketako bat?

Bai, hori da. Oso formatu, kontzeptu eta musikari ezberdinekin nituen grabatuak kantu horiek, eta nahi nituen bildu eta batasun bat ematea.

Grabazio hauetarako bazenuen buruan soinu ideiaren bat?

Bai, soinu elektrikoa eman nahi nien kantuei, baina ez galdetu zergatik, ez dakit eta! Boladak izaten dira, eta orain oso gustuko dut sonoritate hori.

Grabazioan Mireia Otzerinjauregik eta Maite Larburuk ere parte hartu dute ahotsekin.

Mireia Otzerinjauregik beti bezain zoragarri kantatu du; niretzat, fantasiazko abeslari bat da. Eta Maiteren kasuan, proposatu nion Etxera berandu heltzean kantuan kantatzeko. Kantu hori Kiko Venenok grabatu zuen orain urte batzuk, eta hasieran Maitek esaten zidan Kikorena gaindiezina zela. Baina Maitek pasatu zidan berak grabatutakoa, eta izugarria da. Aldatu du dena, erritmoa, doinua... atzeratu du konpas oso bat, baina lortu du dena koadratzea melodia aldatuta ere. Maitek egin du maila handiko kolaborazio bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.