Aritz Galarraga.
Klasiko gisakoak

Maitasunaren gorespen

2024ko urriaren 6a
04:30
Entzun

Gaur egun sinposio entzun eta burura datorkigu currikuluma puzteko biltzar lo-eragile horietako bat (zeinean hizlari bakoitzak bere motoa saltzea beste helbururik ez duen). Hara zer ziren Grezia klasikoan: edari, jainko, flauta, gaztetxo, zera pantagrueliko bat. Ez hainbeste oturuntza bera (nahiz izen hori eman izan dioten sarri Platonen testuari), baizik eta ondorengo hitz aspertua. Orain esango genuke intelektual bilkura, gafapasta inkontru, eusnob elkarretaratze. Orduan, ordea, hezkuntzaren parte ziren sinposioak. Eta hala sortu zen literatura azpigenero oso bat, erabilera filosofiko eta didaktikoa zeukana. Platonek idatzi zuena da, zalantzarik gabe, entzutetsuena.

Kadrila alegera, beraz, festan da: Fedro eta Pausanias sofistak, Eriximako medikua, Aristofanes eta Agaton dramatikoak, eta, noski, ororen buru, grabitazio zentro, Sokrates (gehi, postre gisa, azken sorpresa bat). Afaldu ondoren edateari ekingo diote, ez mozkorkerian, atseginaren arabera edanaz baizik: «Gutako bakoitzak Maitasunaren gorespen-hitzaldi bat esan beharko lukeela uste dut, ahal duen ederren». Sujetaren gaineko ikuspegi ezberdinak eskainiko dituzte, hartara. Bakoitzak berea: gizonezkoen maitasun homosexuala ospatuz, eta, zehatzago, pederastia; androginoaren mitoa azalduz («hiru ziren gizakien sexuak, eta ez bi orain bezala»); poeten azalkeria agerian utziz. Guztiak erreferentzia literarioz ondo bustiak (Homero aipatzen den bakoitzean txupito bat hartuko bagenu, sinposiokideen mailan jarriko ginateke berehala). Lehen bost mintzaldiak, aitzitik, Sokratesenera iristeko aitzakia baino ez dira.

Sokratesen mintzaldia, hortaz, azkena da, eta zentrala; baina xumeki agertzen zaigu (Sokratesen pertsonaia bera bezala, bidenabar, kontakizun osoan zehar): Diotima Mantineako emakume batengandik behin entzun zuen Maitasunaren inguruko hitzaldi gisara. Eta ez du egiten, ohiko moduan, beste testu batzuetan legez, aurreko hizlarien hitzak abilki ezeztatuta, baizik eta, propositibo, azaltzen duen teoriaren sakontasunak uzten du gainerako mintzaldien mehetasuna agerian. Ez baitugu tarte handirik hemen, labur: maitasuna ez da soilik desiratzeko edo objektu fisikoen maitasun bat, baizik eta burua eta arima hobetzeko eta jakintza sakonagoa lortzeko bide bat. Edo Foucaulten hitzekin esateko: bestearekin topo egitetik, sexuaren erabilpenetik eta plazeretik haratago, Sokratesen maitasunak arimaren egia bilatzen du, norberaren transzendentzia.

(ID_17277660293645) Platon
Leonidas Drosis artistak eginiko Platonen estatua, Atenasen.

Baina, puntu honetara iritsita, Sokratesena ote maitasun hori? Sokratesena ote aipatu teoria? Gauza ezaguna baita Sokratesek ez zuela idatzi (pentsamendua hitz idatzietan finkatzea gauza txarra da oroimenarentzat), Platonek idatzi zuela Sokratesena; adibidez Sokratesen defentsa gogoangarri hartan (Joxe Azurmendiren hitzetan, historiako obrarik hunkigarrienetako bat). Baina esango nuke konplikatuagoa dela (eta, horrexegatik, interesagarriagoa): badirudi Platonek bere maisuari egin zion omenaldia filosofia sokratikoaren ildoak jarraitu eta garatzea izan zela gehiago, eta ez Sokratesen benetako solasaldien bertsioak loro baten gisa errepikatzea. Hau da, Platonek Platonen beraren teoriak adierazten dituen Sokrates bat iradokitzen digula. Ondorioz: elkarrizketen filosofia guztia Platoni egotzi beharko genioke, ez Sokratesi. Edo bestela esanda: Platonek Sokrates izeneko pertsonaia bat asmatu zuen, fikzio moduko bat. Bai, orain dela 2.400 urte.

Postre gisa, esan dugu, sorpresa bat dakar Sinposioa-k. Sokratesen maitale Altzibiades lerdena agertzen baita hitz aspertuen azken aldera, zeharo mozkortuta eta ozen oihuka. Sokratesen gaineko hitz etiliko-laudoriotsuak eskainiz («hitzaldietan gizaki guztiei irabazten diena»), baina baita gaitzespen hitzen bat edo beste ere («gu ere ez garela ezer uste du»); eta testuak ordura arte izandako tonu aski solemnea harridura-irribarrearen mugetara ekarriz. Azken eszena horrek are goratzen du Platonen lanaren kalitate literarioa. Eta agerian uzten Platon gorengo mailako filosofo bezain idazle izan zela, eta bi ezaugarri horiek ezin direla bereizi. Ez zituen filosofia tratatuak idazten, argumentuak dramatizatzen zituen. Elkarrizketa zen erabiltzen zuen egitura literarioa (nahiz, aletzen ari garen obra, salbuespen, gehiago den bakarrizketa segida). Eta, modu horretan, maitasunaren inguruko mintzaldiotan, beren karakterizazio eta eszenaratzearen aberastasunagatik, bere antzerkigile gaitasuna erakusten digu Platonek.

Laburbilduz, esan daiteke Platonek, Sokratesen beste jarraitzaile batzuekin batera, betiko irauli zuela prosa filosofikoarekin egin zitekeena. Bibliaz gain, ez da egon mendebaldeko munduan idazlan askorik Platonen elkarrizketen eragina izan duenik. Gure pentsamoldea haren eraginpekoa dela esan ahal izateraino. Are Europako tradizio filosofikoa Platoni egindako oin-oharrak direla baieztatzeraino. Gutxiagotan aipatzen da tradizio literarioari ekarri diona. Filosofia harridurarekin hasten omen da. Literatura ere, kasu batzuetan, zer esanik ez.

'SINPOSIOA'

Idazlea: Platon. Generoa: Saiakera. Euskaratzailea: Jesus Mari Arrojeria.

Argitaldaria: Jakin. Urtea: 2003.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.