Opera

‘Maitasun elixirra’ emango du Opus Liricak bere hamargarren urteurrenean

Orain hamar urte taularatu zuten lehen opera izan zen, eta berriz emango dute, baina beste bertsio batean. Hilaren 23an, 24an eta 25ean izango dira emanaldiak, Donostiako Kursaalean.

(ID_13576277) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-07, Donostia. Opus Lirica elkarteak \'Elixir de amor\' opera aurkeztu du
Opera lantzen jardun duen taldea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultura zuzendariarekin. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko otsailaren 7a
17:00
Entzun

Gaetano Donizettiren Maitasun elixirra operarekin ekin zion bere jardunari Opus Lirica elkarteak, 2014an. Hamar urteko ibilbidean, beste hainbat opera ezagun ekoitzi eta taularatu ditu, hala nola Mozarten Don Giovanni eta Txirula magikoa, Verdiren La Traviata eta Rigoletto, Rossiniren Errauskine eta Sevillako bizargina, eta Pucciniren La bohème. Orain, bere hamargarren urteurrena ospatzeko, berriro emango du Maitasun elixirra, bertsio berritu batean. Otsailaren 23an, 24an eta 25ean izango dira emanaldiak, Donostiako Kursaaleko auditoriumean; azken eguneko saioa familientzat izango da.

Donizettiren lana 1831. urtean estreinatu zuten, Milanen (Italia), eta kontatzen duen istorioa XVIII. mendearen bukaerako landa eremuko herri batean girotuta dago. Opera «alai, sutsu eta herrikoi» gisa definitu du obra Iker Sanchez Silva musika zuzendariak, eta, beraz, uste du, elkartearen urteurrena ospatzeko ez ezik, oso egokia dela «operara hurbiltzeko lehen pausoa eman nahi duten guztientzat» ere.   

Edozein modutan, publiko berrientzat erakargarriago egiteko asmoz, obra berritzea erabaki du Opus Liricak oraingoan. Pablo Ramos eszena zuzendariak azaldu duenez, «arteaz gozaraztea ez ezik, gaur egungo munduari buruzko galderak plazaratzea ere» izaten dute helburu taularatzen duten ekoizpen bakoitzarekin. Eta horregatik, istorioa gaur egunera eta ingurune «urbano» batera ekarri, eta gazteei eman nahi izan diete protagonismoa.

Musika eta dantza

Institutu bateko gazteen bizipenak izango dira istorioaren ardatza. Hain zuzen, Iruñeko Julio Caro Baroja hezkuntza zentroko gazteekin ikerketa bat egin zuen Sheila Diaz de Zerio irakasleak; azaldu duenez, haien aldarriak eta emozioak plazaratzeko ariketa bat egin zuten, eta aukeratutako hainbat mezu musikarekin grabatu. 

Ideia horiek taulara eramateko, interprete gazteak aukeratzen saiatu direla azaldu du Ramosek, eta «operaren ortodoxia kasik musikal baten proposamenera» eraman dutela. Hala, musikak ez ezik, dantzak ere pisu nabarmena izango du, aurreratu duenez. Obraren musika «goitik behera» errespetatu badute ere, doinu horien gainean estilo ugaritan dantzatuko dira interpreteak, era askotako gazteak irudikatzeko. Bost bakarlarik jokatuko dituzte pertsonaia nagusien rolak —besteak beste, Mariia Knihnytska, Alba Fernandez eta Imanol Laurak—, eta elkarteko abesbatza eta orkestra izango dituzte lagun saioetan.

Hilaren 23 eta 24ko emanaldiak 19:30ean hasiko dira, eta hilaren 25ekoa, berriz, 18:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.