«Pentsatzen dut jende guztiak ikusiko duela maitasun nobela bat bezala, nahiz eta ideia beste leku batetik atera, literatur iruzurbatetik». Airearen isla (Elkar) bere azken eleberriaren funtsa eta paradoxa gordetzen dute Mikel Hernandez Abaituaren (Gasteiz, 1959) hitzek. Izan, bada maitasun istorio bat, baina badu ezkutuan beste elementu bat ere, errealitatean izandako literatur iruzur batekin lotura duena. Idazleak, edonola, distantzia hartu du: «Ez dut esan nahi zein den; jende askok ezagutzen du, eta ez dut esan nahi autorea ere, ze, gainera, hilda dago, eta lagun batek esan bezala, hildakoak bakean utzi behar dira». Eta, halere, fikzio bihurtuta eta izen-abizenak aldatuta bada ere, eraman du kontua bere eleberrira: «Gaia interesatu zitzaidan, jende askok bazekielako hor zegoela. Autorea bizirik zegoen bitartean ere inork ez zuen horretaz hitz egin nahi, nolabait ezkutatuko balitz bezala».
Edonola, jakin badaki Hernandez Abaituak badirela horri erreparatuko ez dioten irakurleak, eta are, nahiko luke hainbat irakurlek«xalotasun pixka batekin» hartuko balute liburua, «maitasun istorio bat balitz bezala». Ohartzekotan, dioenez, irakurleak beraiek ohartu beharko dira literatur iruzur horretaz, inork aurretik esan gabe. Eta, horregatik, atzo Donostian egindako aurkezpenean, literatur kritikarien konplizitatea ere eskatu zuen idazleak, «posible balitz» dena delako iruzur hori argitu ez dezaten.
«Euskal literaturan norbait» da Hernandez Abaitua, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen arabera. Hark atzo azaldu zuenez, Oh! Euzkadi mugimenduko «gazteenetako bat» eta Susa aldizkariko «beteranoetakoa» izan zen idazle arabarra, «protagonistetako bat» 80ko hamarkada bueltako berrikuntza garaian. Ipuin liburu hainbat eta bi eleberri kaleratu ditu orain arte, 2001ean azkena, Ohe bat ozeanoaren erdian (Erein). Ordutik, ordea, alboratua zuen fikzioaren eremua: «Desbideratu nintzen ez-fikziozko gauzetara». Hamabost urtera, edonola, berriro ekin dio garai bateko bideari, eta itzuli da fikzioaren eremura. Eta, halere, aldea ikusten du lehen eta orain idatzitako lanen artean. «Nire fikziozko liburu guztiak XX. mendean idatzi nituen, nahiz eta bat XXI. mendean argitaratua izan. Iruditzen zait nire narraziogintza ezberdina izango dela bi mendeetan».
Alde batetik, urrunegi ikusten du egungo prosa bere hastapenetako garaian indarrean zegoen nobela modernotik. «Anglosaxoiek modernista esaten zioten, eta hemengo jendeari gustatzen zitzaion esperimentala esatea: egitura aldetik konplexuagoa zen, pertsona gramatikal bat baino gehiago agertzen zen, eta abar». Oraingo lana, ordea, «tradizionalagoa» dela dio, lineala denboran, eta hirugarren pertsonan idatzia, lehenaldian. Alde horretatik, gainera, lan «errealista» dela uste du. «Beti izan dira errealistak nire nobelak».
Orri artean, azalean bezala, Donostia. Beste leku batzuk ere bai, Venezia eta Frankfurt adibidez, baina batik bat Donostia. Eta detaile handiz, gainera. «Ekintza eta gauza guztiak modu errealistan, xehetasun askorekin, kontatuta daude». Eta badu horretarako arrazoia: «Gu, neurri batean, Gustave Flauberten jarraitzaileak gara, eta oraindik gordetzen dugu gauzak xehetasunez kontatzeko joera hori».
«Nobela psikologikoa»
40 urtera iristear den gizon bat da eleberriko protagonista. Ikasketaz ingeles filologoa da, baina ez du lanik alor horretan, eta irrati esatari dihardu, 60 eta 70eko hamarkadetako pop-rock musika programa batean. Halako batean, gazteagoa den bus gidari emakume batekin maiteminduko da. Literaturarekin lotura duen lan bat ere eskainiko diote, eta hor agertuko dira Antton Bengoetxea eta haren Airearen isla lana, errealitateko iruzurreko liburuaren analogoa, eta, bide batez, eleberriari izena ematen diona. «Inoiz baino gehiago» landu ditu Hernandez Abaituak pertsonaiak, eta, alde horretatik, «nobela psikologiko tradizionala» ondu duela uste du. Iruzurraren gaia nonbait kokatu behar zuelako hasi zen maitasun trama itxuratu eta pertsonaiak sortzen, eta, azkenean, «istorio hori nagusitu» da eleberrian. «Azkenean, ni neu ere interesatuta geratu naiz maitasun istorioarekin. Nobelak hasieran pentsatua ez nuen bidea hartu zuen».
Badira, edonola, bestelako gaiak ere, egia esateari buruzko etika, edota «gizonok heldutasuna lortzeko izaten dugun zailtasuna», adibidez. Gainera, kirola eta pop-rock musikari buruzko erreferentziak ugariak dira: idazleak dioenez, askoren ustez ez dira gai literarioak horiek, eta hain justu horregatik sartu ditu berak.
Euskal gatazka, ordea, ez da gai moduan agertzen, azken bi eleberrietan ez bezala. «Eta ez da kasualitatea». Izan ere, gatazkaz nobela bat idatzi eta gaiari buruzko trilogia bat osatzeko asmoa bazuen ere, baztertu egin zuen gerora ideia: «Gaiaz nahiko nekatuta nago, eta momentu honetan ezingo nuke idatzi». Horregatik markatu du distantzia: «Nobela honetan ez da inor hiltzen. Inork ez du inor hiltzen».
Maitasunak ezkutatzen duena
Hamabost urteren ondoren itzuli da fikziora Mikel Hernandez Abaitua 'Airearen isla' eleberriarekin. Literatur iruzur bat kontatu du, maitasun istorio batek inguratuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu