OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteak prest du 2023-2024ko denboraldia. Maitasuna hari gidaritzat hartuta, XVIII. mendearen amaieratik XX. mende hasierara bitarte idatzitako bost obra bildu ditu programazioan, tartean, Wolfgang Amadeus Mozarten Bahiketa haremean-en ekoizpen propioa, eta bi koprodukzio —Romeo eta Julieta (Charles Gounod) eta Rigoletto (Giuseppe Verdi)—. Beste bi obrak osatuko dute 72. denboraldia: Amodioaren elixirra, Gaetano Donizettik idatzitakoa, eta Bohemiarra, Giacomo Puccinirena. 44 emanaldi izango dira denera: 27 denboraldi nagusian, Bilboko Euskalduna jauregian; eta beste hamazazpi haurrentzat osatu duten eskaintzaren barruan, Arriaga antzokian.
Opera apaingarririk gabe lelopean, «lehen mailako abeslariek, musika maisu entzutetsuek, produkzio berriek eta kalitate gorena lortzeko betiko ahaleginak» osatuko dute denboraldi berria, OLBEko arduradunek adierazi dutenez. Guztira, hamabi abeslarik, bi musika zuzendarik eta lau eszena zuzendarik debutatuko dute. Halaber, Bilboko Opera Korua, Boris Dujinen zuzendaritzapean, abesbatzen alderdiaz arduratuko da, eta Euskadiko Orkestrak zein Bilboko Orkestra Sinfonikoak ere parte hartuko dute.
Sona handiko hainbat abeslari izango dira Euskaldunako oholtzan, hala nola Nadine Sierra, Jessica Pratt, Sabina Puertolas, Miren Urbieta, Javier Camarena, Ismael Jordi, Joel Prieto eta Amartuvshin Enkhbat, besteren artean. Orkestrak gidatuko dituzten zuzendarien artean, berriz, Lorenzo Passerini, Ivan Lopez-Reynoso, Lucia Marin, Daniel Oren eta Pedro Halffter aipatu dituzte.
Hasteko, 'Romeo eta Julieta'
Romeo eta Julieta-k irekiko du programazioa, urrian. OLBEk eta Oviedoko (Espainia) operak elkarlanean ekoitzia, Camarena eta Sierra abeslariak izango ditu rol protagonistetan. Giorgia Guerra izango da ekoizpen zuzendaria, eta Passerinik lehen aldiz gidatuko du Euskadiko Orkestra.
Donizettiren lanik ezagunenetako bat, Amodioaren elixirra helduko da azaroan. Elena Sancho Peregek eta Prietok jokatuko dituzte protagonisten rolak, Lopez-Reynosok gidatuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta Marina Bianiche arduratuko da ekoizpen eszenikoaz.
2024. urteari Mozartekin ekingo dio OLBEk, Bahiketa haremean operaren ekoizpen propioarekin. Mariano Baudinek sortu du proposamena; Pratt, Moises Marin, Leonor Bonilla eta Mikeldi Atxalandabasoren ahotsak bilduko ditu; eta Marinek gidatuko du Euskadiko Orkestra.
Otsailarekin, beste koprodukzio bat iritsiko da: Giuseppe Verdiren Rigoletto. Enkhbat, Puertolas eta Jordi abeslariek osatuko dute hirukote protagonista, Oren arduratuko da Bilboko orkestra zuzentzeaz, eta Miguel del Arco, berriz, eszena zuzendaritzaz.
Eta eskaintza osatzeko, maiatzean, Giacomo Pucciniren Bohemiarra izango da ikusgai. Urbieta, Marina Monzo eta Manel Esteve abeslariek Bilboko Orkestra izango dute lagun, eta Leo Nuccik zuzenduko du eszena.
Maitasuna izango du ardatz OLBEren 72. denboraldiak
Bost obra bildu dituzte 2023-2024ko programazioan; tartean, ekoizpen propio baten eta bi koprodukzioren estreinaldiak iragarri ditu elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu