Opera

Maitasuna izango du ardatz OLBEren 2023-2024ko denboraldiak

Ekoizpen propio bat eta bi koprodukzio estreinatuko ditu Opera Lagunen Bilboko Elkarteak, eta bost obra bilduko ditu, guztira, 72. denboraldiak: Mozart, Gounod, Verdi, Donizetti eta Puccinirenak. Besteak beste, Nadine Sierra, Jessica Pratt, Sabina Puertolas eta Miren Urbieta ariko dira kantuan.

Gaetano Donizettiren lanik ezagunenetako bat da 'Amodioaren elixirra'; azaroan taularatuko dute Bilboko Euskalduna jauregian. OLBE
Ainhoa Sarasola.
2023ko martxoaren 29a
16:53
Entzun

OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak prest du 2023-2024ko denboraldia. Maitasuna gidari hartuta, XVIII. mendearen amaieratik XX. mendearen hasieraraidatzitako bost obra bildu ditu programazioan; tartean, ekoizpen propio bat —Wolfgang Amadeus Mozarten Bahiketa haremean— eta bi koprodukzio —Charles Gounoden Romeo eta Julieta eta Giuseppe Verdiren Rigoletto—. Beste bi obrak osatuko dute 72. denboraldia: Amodioaren elixirra, Gaetano Donizettik idatzitakoa, eta Bohemiarra, Giacomo Puccinirena. 44 emanaldi izango dira denera: 27 denboraldi nagusian, Bilboko Euskalduna jauregian; eta beste hamazazpi haurrentzat bereziki prestatu duten lau ikuskizuneko eskaintzaren barruan, Arriaga antzokian.

Opera apaingarririk gabe izenburupean, «lehen mailako abeslariek, musika maisu entzutetsuek, produkzio berriek eta maila orotan kalitate gorena lortzeko betiko ahaleginak» osatuko dute denboraldi berria, OLBEko arduradunek adierazi dutenez. Guztira, hamabi abeslarik, bi musika zuzendarik eta lau eszena zuzendarik debuta egingo dute. Halaber, Bilboko Opera Korua, Boris Dujinen zuzendaritzapean, abesbatzen alderdiaz arduratuko da denboraldian, eta Euskadiko Orkestrako eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikariek ere parte hartuko dute.

Sona handiko hainbat abeslari izango dira Euskaldunako oholtza gainean, hala nola Nadine Sierra —OLBEren egitarauan lehen aldiz parte hartuko du—, Jessica Pratt, Sabina Puertolas eta Miren Urbieta. Haiekin batera, Javier Camarena eta Ismael Jordi ere kantuan ariko dira, baita estreinakoz Joel Prieto eta Amartuvshin Enkhbat ere, besteak beste. Musikariak gidatuko dituzten orkestra zuzendarien artean, berriz, Lorenzo Passerini, Ivan Lopez-Reynoso, Lucia Marin, Daniel Oren eta Pedro Halffter aipatu dituzte.

Romeo eta Julieta-rekin hasiko da denboraldia, urrian. OLBEk eta Oviedoko (Espainia) operak elkarlanean ekoitzia, Javier Camarena eta Nadine Sierra abeslariak izango ditu rol protagonistetan. Giorgia Guerra izango da ekoizpen zuzendaria, eta Lorenzo Passerinik lehen aldiz gidatuko ditu Euskadiko Orkestrako musikariak.

Donizettiren lanik ezagunenetako bat, Amodioaren elixirra helduko da azaroan. Elena Sancho Peregek eta Joel Prietok jokatuko dituzte protagonisten rolak, Ivan Lopez-Reynosok gidatuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta Marina Bianiche arduratuko da ekoizpen eszenikoaz.

Bere ekoizpen propio batekin ekingo dio 2024. urteari OLBEk. Jessica Pratt, Moises Marin, Leonor Bonilla eta Mikeldi Atxalandabasoren ahotsak bilduko ditu Mozarten Bahiketa haremean operak, eta Lucia Marinek gidatuko du Euskadiko Orkestra. Mariano Baudinek sortu du elkartearen proposamen berria.

Otsailarekin, beste koprodukzio bat oholtzaratuko dute Euskalduna jauregian: Giuseppe Verdiren Rigoletto. Amartuvshin Enkhbat, Sabina Puertolas eta Ismael Jordi abeslariek osatuko dute hirukote protagonista. Daniel Oren, berriz, Bilboko Orkestra Sinfonikoa zuzentzeaz arduratuko da, eta Miguel del Arco ariko da eszena zuzendaritzan.

Eta eskaintza osatzeko, maiatzean, Giacomo Pucciniren Bohemiarra izango da ikusgai. Miren Urbieta, Marina Monzo eta Manel Esteve izango dira abeslari taldean, Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikariak lagun dituztela, eta Leo Nucci eszena zuzendari ariko da.

Eskaintza berezia txikienentzat

Beste urte batez, Arriaga antzokian hartuko du aterpe OLBEk haurrentzat osatutako eskaintzak. Ipuin tradizionalak hartu dituzte oinarri ABAO Txikiren XIX. programazioan, eta lau ikuskizun aurkeztuko dituzte: Hamelingo txirularia, Katu botaduna, Andersen, eta Ahatetxo itsusiaestreinaldiak izango dira, eta Hirira, berriz, Donostiako Musika Hamabostaldian estreinatu ondotik, lehen aldiz emango dute Bilbon. Guztira, hamazazpi emanaldi izango dira.

OLBEko arduradunek gogorarazi dute 30 urtetik beherako gazteei aukera eskainiko dietela jarduera bereziak eta sarrerak merkeago eskuratzeko. Halaber, didaktika eta prestakuntza programak ere izango dira aurten, eta doako jarduera ugari eskainiko dituzte haietan. Besteak beste, hitzaldi zikloak, tailerrak eta bisita gidatuak antolatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.