Maitasuna ez da inoiz ahazten

Ados konpainiaren 'Maitasunaren ostean, maitasuna' antzezlanak irabazi du 16. Donostia Antzerki Saria.Dora Salazarren obratik abiatuz sortu dute alzheimerraren inguruko lana

Sara Cozar, Dorleta Urretabizkaia eta Ane Gabarain dira saritutako antzezlaneko aktoreak, eta Garbi Losadak zuzendu du. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Bizitza gogorra da batzuetan. Aurorak alzheimerra du. Hasieran bere egoeraz guztiz kontziente da, baina eguna joan eguna etorri, burua galtzen ari dela konturatuko da. Eta buruarekin batera, galduz doa bere bizitzaren kontrola ere. Galduta dago. Baina ez du dena galdu. Beti gelditzen da maitasuna. «Gure obrak maitasunaz hitz egiten du. Gaixotasunaren ondoren geratzen den maitasunaz, amodioaren edo desamodioaren ostean geratzen den maitasunaz, eta bizitzaren ondoren geratzen den maitasunaz. Horrelako maitasun mota daukazunean, zure bizitza zorionekoa izan dela esan dezakezu». Garbi Losadaren hitzak dira. Hark zuzendutako Maitasunaren ostean, maitasuna antzezlanak irabazi du 16. Donostia Antzerki Saria.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak urtero banatzen dute sari hori, eta, aurten, hainbat adituk osatutako epaimahaiak erabaki du Ados konpainiarena izan dela onena 2015ean Gipuzkoako hiriburuan euskaraz estreinatutako hamahiru obren artean. «Sari bat jasotzea beti eskertzen da, eta sari hori gure etxean jasotzen denean, poza handiagoa da», azaldu du Losadak. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, egingo da saria emateko ekitaldia, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan. 10.000 euro eta Baroja Collet eskultorearen artelan bat jasoko ditu konpainiak; 8.000 euro orain emango dizkiete, eta gainontzeko 2.000 euroak eskuratzeko, 2018a baino lehen euskarazko beste antzezlan bat taularatu beharko dute Donostian.

Dora Salazarren lan plastikotik abiatuta idatzi zuen Losadak antzezlana. Artista nafarraren obra «oso teatrala» dela uste du zuzendariak, eta, horregatik, bere lanak erabiltzeko baimena eskatu zion. Erabateko askatasuna eman zion hark. «Berak esaten du: 'Nik hartzen dut besteengandik, eta zuk hartu nire obra eta egin nahi duzuna'». Hala, aktoreak antzezten ari diren bitartean, haren koadroen irudiak proiektatzen dituzte agertokian. Emakumeen irudiak dira gehienak, eta «ikuskizun poetikoa» da emaitza. Pinturaren eta antzerkiaren arteko uztarketa hori da, hain justu, epaimahaia harrapatu duena. «Alzheimerra askotan erabilitako gaia bada ere, abilezia handiz landuta dago, bai interpretazioari dagokionez bai eszenaratze aldetik».

Javier Asinen musikak girotu du istorioa. Ez da hark antzerki konpainiarekin lan egiten duen lehen aldia, eta, Losadaren iritziz, «oso berezia» da musikariak sortzen duena. «Musika zinematografikoa egiten du; emozio handia dauka, eta lan honetan beharrezkoa zen emozio hori».

Irudiak eta soinua dira ikuskizunaren funtsa. Hitz gutxikoa da testua; sarritan, hitzek baino gehiago esaten baitu isiltasunak. Agertokiak ere ez du apaingarri handirik. Baina obrak badu zerbait, epaimahaiaren arabera. «Oso lan hunkigarria da, publikoarengana zuzen-zuzenean iristen dena». Antzezleak ere jabetu dira haien lanak eragiten duenaz. «Azken emanaldian, Zangozan [Nafarroa] publikoko gizon bat etorri zitzaigun negarrez. Bere emazteak alzheimerra izan zuen hamalau urtez, eta berak zaindu zuen. Ikaragarri hunkituta etorri zen», azaldu du Gabarainek.

Emozioen inguruko lana da, finean. Ahanzturak guztia jatean gelditzen baita oraindik haien hondarra, oroimenaren aurkako borroka horretan. Gabarainek jokatu du Auroraren rola, bere eginik haren bizipenak. «Aurorak alzheimerrari esker edo alzheimerraren erruz, bere bizitzaren kontrola galtzen du. Horrek eramaten du zenbait sekretu erakustera, bere iraganean bidaiatzera, iraganeko amodio istorioak berriz bizitzera... Bidaia bat da, iraganetik egina». Era berean, Aurora «pertsonaia sendoa» dela uste du. «Osagai asko ditu bere bidaia horretan. Min handia du, baina umorea du, eta samurtasuna».

Istorio gordina denik ezin uka. Baina Urretabizkaiaren iritziz, «ausardia» handiz kontatuta dago. «Garbik hasieratik onartu zuen arriskua, gai erabilia delako eta gogorra delako. Gaixotasuna duen emakume baten ikuspuntua lantzen da, baina oso gogorra eta oso ausarta da emakumea, eta ausardia handiz idatzita dago testua ere».

Euskaraz, ikusle gehiago

Gaztelaniazko eta euskarazko bertsioa ditu lanak, eta euskaraz hogei emanaldi inguru baino ez dituzte egin. Horregatik, Sara Cozar aktoreak «oso pozik» hartu du saria. «Obra honekin oso emanaldi gutxi egin ditugu euskaraz, eta gehiago merezi genituen. Egin dugun lekuetan oso harrera ona eduki dugu; profesioko jendeari asko gustatu zaio, eta publikoari ere bai, orokorrean. Eta pena hori dut nik».

Bi helbururekin banatu ohi dute saria: euskarazko antzerki testuen sorrera bultzatu nahi dute batetik, eta haiek taularatuko direla ziurtatu bestetik. Datuen arabera, urtetik urtera gora egin du euskarazko antzerkiaren ikusle kopuruak. 2015. urtean Donostian helduentzako hamazazpi antzerki lan taularatu ziren euskaraz, eta orotara, 6.214 ikusle bildu ziren. Norka Chiapusso Donostia Kulturako Antzerki eta Dantza programazio zuzendariaren arabera, 2014an 5.100 ikusle izan ziren, eta, 2013an, 4.800. Goraka doa, beraz, zifra hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.