Zarauztarrak dira biak, anaiak, idazleak biak; eta ohituta daude elkarrekin lan egitera. Liburu ugari idatzi dituzte elkarrekin, hala helduentzako eleberriak nola haur literaturako hainbat ipuin. Ez dute, baina, komiki libururik aurkeztu: gaurdaino. Buyan euskarazko eleberri grafikoaren sortzaileak dira Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria (Zarautz, Gipuzkoa, 1974). Elkarrekin sortu eta burutu duten lehen komiki liburua da, eta Aritz Truebak (Donostia, 1980) egin ditu marrazkiak.
Maansi izeneko gazte bat da eleberri grafikoaren pertsonaia nagusia. «Europan zehar gupidagabe zabaltzen ari den Mongoliar Inperioaren eta gurutzada geldiezinen erdian harrapatuta», itsasorantz jotzea erabakitzen duen ehiztari gaztea da Maansi, eta Noho izeneko zakurra bidelagun duela ekingo dio bidaiari. Ibilbidean heriotza besterik ez duela topatuko jakinik ere, aurrera jarraituko du gazteak, sorterriaren aurkako eraso batean emaztea galdu ostean, hildakoen kondairazko uharte bat aurkitzeko esperoan: Buyan uhartea.
Zazpi urteko elkarlanaren eta esfortzuaren fruitua da liburua. «Proiektu hau duela zazpi urte hasi zen, 2012. urtean», azpimarratu du Truebak. Xabier Etxeberria eta Martin Etxeberria anaiekin elkarlanean osatu du lana, baina ez da elkarrekin lan egin duten lehen aldia; izan ere, proiektu gehiagotan ere topo egin dute euren ibilbide profesionaletan. Guztira, lau langile dira taldean: bi gidoilari, marrazkilari bat eta alderdi digitalaz arduratzen den informatikaria. Ilusio handiz aurkeztu dute proiektua, eta lortu duten emaitzarekin «harro» daudela nabarmendu dute.
Trueba marrazkilariak jarri zuen proiektuaren lehen harria: ilustrazioekin argitalpenen bat egiteko proposamena. «Geldialdi batean, sorkuntza krisi bat izan nuen; zerbait pertsonala egiteko gogoa izan nuen; beraz, Xabierri esan nion euskarri ilustratu bat egin genezakeela», azaldu du. Hala, proposamen horretatik abiatuta sortu zen proiektuaren ideia, Xabier Etxeberriak adierazi duenez: «Martinek eta biok elkarrekin lan ugari egin ditugu, liburu ugari idatzi ditugu, eta bagenuen ideia bat ez genuena eleberri moduan imajinatzen; izan ere, fantasia epiko moduko bat zen, eta ideia hori proposatu genion».
Hiru hizkuntzatan
Emaitzarekin pozik egonik ere, luze joan da gaurdainoko bidea, eta ibilbidean albiste onekin eta oztopo ugarirekin egin dute topo langileek. Horren adierazgarri da, esaterako, Turko Comicks zigilu propioa sortu behar izana; izan ere, zigilu propio bat sortzea izan da komikia euskaraz argitaratu ahal izateko bide bakarra. Hala azaldu du Truebak:«Hemengo argitaletxeetan mugitzen hasi ginen, eta, ezezagunak izanik eta Euskal Herrian merkatua zaila izanik, ez genuen zorterik izan».Hori dela eta, Frantziara jo zuen taldeak, argitaletxe bila.
Komiki festibal ezagun batera joan ziren, eta, ostean, bertan egon ziren argitaletxeei Buyan proiektuaren laburpen txostena bidali zieten. Hiruzpalauk azaldu zuten proiektuarekiko interesa, eta Frantzian kontaktu batzuk egin ostean, AEBetara joatea erabaki zuten kideek. «Dosierra ingelesera itzultzea erabaki etaAEBetako hainbat argitaletxeri bidali genien», azaldu du Xabier Etxeberria idazleak.
AEBetako argitaletxe batekin sinatu zuten hitzarmena. Haren bitartez lortu duten diruarekin argitaratu dute eleberri grafikoaren euskarazko bertsioa, Truebak adierazi duenez: «Geure kontu». Hala ere, merezi izan du eginiko lanak, Martin Etxeberria gidoilariaren arabera: «Mimoz eginiko lana da, ez azkar eginiko gauza bat, eta edizio oso txukuna atera da.». Ingelesez eta frantsesez idatzitakoak azaroan argitaratuko dituzte, Insight Editions eta Akileos argitaletxeekin, harrera ona eta oihartzuna izateko esperoan.
Maitasuna eta galera, pasarte ilustratuen bitartez uztartuta
Etxeberria anaiek lehen komiki liburua aurkeztu dute. Trueba marrazkilaria izan dute bidelagun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu