Cira Crespo.
Lauhazka

Maitasuna egia da

2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Ingelesez guilty pleasure espresioak, literalki, plazer erruduna esan nahi du, eta, nahiz eta txarra izan, gauza bat oso gozagarri zaizunean sentitzen den plazer mota adierazteko erabiltzen da. Niri, esaterako, nahikoa (asko) gustatzen zaizkit komedia erromantikoak (bai, oro har, asko). Agian, zerbait ezberdina espero zenuen nigandik (eta pozten naiz), baina ni horrelakoa ere banaiz. Batzuetan, txantxetan, pelikula horiek pornografia emozionala eskaintzen didatela esaten dut. Baina, noski, ez da hori bakarrik (ez, ezta?). Jarraian genero zinematografiko honi buruz pixka bat teorizatzen ahaleginduko naiz, ea errudun sentimendua gainetik kentzen dudan. Ariketa hori egiteko, aurreko batean ikusi nuen Romantic comedy izeneko dokumentalaz baliatuko naiz.

Zer nahi duzue, maitasuna oso gai garrantzitsua baita. Nik esango nuke gizatasuna ulertzeko gakoetako bat dela. Plauto erromatarraren historia ia guztiak maitasun-korapiloak ziren, Commedia dell'Arte, poesia herrikoia, trobadoreak... beti, leku guztietan, aro guztietan, maitasun mota guztiei buruz jardun izan dugu. Eta, nola ez, filmak egiten hasi zirenean, gai nagusietako bat maitasuna izan zen.

Oso pelikula interesgarriak egin zituzten Bigarren Mundu Gerra piztu aurretik —His Girl Friday (1940), It Happened One Night (1934) eta The Shop Around the Corner (1940) kuttunak, besteak beste—; hala ere, gaur egungo komedia erromatiko ia guztiek XX. mende amaieran konfiguraturiko eskema bat erabiltzen dute, 1990eko komedia erromantikoetan finkatua, hain zuzen ere. Diotenez, seguru asko, When Harry Meet Sally filmak (1989) jarri zituen oinarriak: emakume batek eta gizon batek, klase ertainekoak eta azalez zuriak biak ere, baina gainontzean elkarren batere antzik gabekoak, elkar ezagutzen dute. Hasieran ez dira bestearen presentziaz jabetu ere egiten, edota, are, elkarren presentziaz jabetu, jabetzen dira, bai, baina ezin dute elkar jasan; halere, azkenean, bata bestearen osagarri direla ohartzen dira, laranjaren bi zatiak, eta arazotxo batzuk gainditu eta gero, guztia erabakiko duen unea, garrantzitsuena, amodio-aitorpena, deklarazioa, gailurra, klimaxa iristen da: «Bihotz gaixo hau zure ahotsaren aurrean ezinegonez biluzten da», «Jainkoarren, esan beti zurea izango naizela»...Esango nuke 90eko hamarkadako klimax horren iturburua eleberri viktoriarretan dagoela; zer da, ba, bestela, gure Darcy jaun maiteak, Pride and Prejudice-koak, Elizabeth Benneti adierazten diona, amodiozko deklarazio kanoniko bat ez bada? «Alferrik saiatu naiz borrokan. Ez da ezertarako izango. Ez ditut neure sentimenduak itoko. Utzidazu esaten zein gartsu miresten eta maite zaitudan».

Makina bat filmek jarraitu izan dio eskema horri, eta eragin handia izan zuten 90eko hamarkadako nerabeen artean, nesken artean batez ere, zalerik handienak horiek izaki... Edo zer, zuk ez al zenuen, bada, klimaxa bilatzen? Deklarazio politak egiten zituen mutil bat? Guk ere hango bikote perfektuen (edo ia perfektuen) gisakoak osatu nahi genituen: emakumeak, ederrak (eta nahiko ezegonkorrak, egia esateko); gizonak, xarmagarriak; konpromisoari izua ziotenak, eta (ups) temati samarrak, zera, batzuetan psikopatologia urratzeko punttu-punttuan zebiltzanak (edo ingresatzeko prest). Dudarik gabe, komedia erromantiko askok ez du gaur egungo gizartean jarritako gutxienekoen langarik gainditzen, eta eskerrak, generoaren ikuspuntutik eta errealitate ezberdinen errepresentazioari dagokionez... ejem, erdipurdikoak baitira.

Baina gidoiak aldatzen ari dira, eta, 90eko eskema atzean utzita, beste era bateko amodiozko istorio onak, sakonak, ederrak egin litezkeela ari zaigu erakusten, gaur egun, hainbat zinemagile. Gogora, adibidez, duela gutxi ikusitako God's Own Country (2017) datorkit oraintxe —Ander Euskal Herriko filmaren (2009) argudio oso antzekoa duena, egia esan behar bada‒ edo Une histoire d'amour et de désir (2021). Hori ere asko gustatu zitzaidan; neska eta mutil musulman biren arteko harreman bat kontatzen du, estereotipoetatik oso urrun.

Orduan, hori guztia ikusita, zergatik gustatzen zaizkit (zaizkigu) komedia erromantikoak? Maiteminduta dagoen jendea ikustea hunkigarria eta bizigarria delako-edo, nik uste; gizatasuna ikusten dugulako gure moduko lagun batekin harreman estua izateko gogoan, lotura behar horretan, eta desioetan. Hanna Arendtek zioen pasioaren garrantzia ez datzala haren indarrean, baizik eta igortzen duen errealitate kopuruan. Eta ez dakit Hanna Arendtek horrekin oso ongi zer esan nahi zuen —filosofia irakurtzen baino denbora gehiago joaten baitzait, tamalez, film erromantikoak ikusten—, baina nerabezaroko gau bat gogorarazten dit. Lagun batek bere etxerako gonbita egin zidan. Joan nintzen, bada, eta The Adventures of Priscilla, Queen of the Desert ikusi geunen elkarrekin, nire laguna hango gizon batez maiteminduta zegoelako; ez pertsonaiaz, aktoreaz baizik. Esaten zuen: «Badakit pertsonaia bat antzezten ari dela, baina jaten duenean, edo negar egiten duenean, bera da jaten edo negar egiten ari dena, ez pertsonaia. Hori ezin da ezkutatu. Hori egia da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.